Uxue Alberdi: "Haurrei zuzendutako bertso saioak gure historia jorratuko du"

Aiora Larrañaga Solaberieta 2016ko abe. 23a, 10:38

Asteartean, 17:30ean hasita, Euskal Herriko historia ardatz izango duen bertso saioa egingo dute Getariako liburutegian. Haurrei zuzendutako saioa izango da.

Uxuer Alberdi. (U.A.) Euskal Herriko historia ardatz hartuta haurrentzat bertso saio berezia prestatu duzu. Nola sortu da ideia? Getariako Eskubide Sozialen Kartak eta Getariako Gaztetxeak haurrentzat ekimen bat antolatu nahi zuten Euskal Herriko historia ardatz hartuta. Proposatu zidaten Lur eta Amets. Euskal Herriko historia proiektuaren inguruan zerbait egitea Getarian. Proiektua zabala da. Nik fikziozko ipuinak idatzi ditut, baina ezagutza liburu bat eta mahai joko bat ere baditu; eta poliki-poliki pelikula bat egiten ari dira. Nik bertso saio historiko bat egitea proposatu nien. Horretarako, hainbat garai historiko biltzen dituen istorio bat prestatu dut, eta Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek inprobisatu egingo dute. Sorpresaz beteriko saioa izango da. Euskal Herriko historia haurrengana hurbiltzea al da bertso saioaren helburua? Bertso saio bat da, eta euskararen eta euskal kulturaren bidez hurbilduko gara gure historiara, baina aldi berean ondo pasatuko dute haurrek. Haurrentzat ulergarria izango den bertso saio bat da, baina edozein bertsozalerentzat egokia izan daitekeela iruditzen zait. Istorioa Getaria existitzen ez zen garaian hasiko da, historiaurrean, eta pixkanaka denboran aurrera egingo dugu. Niretzat garrantzitsua da istorioak gertatzen diren tokiak oraindik identifikatzeko modukoak izatea, haurrak kokatu daitezen. Inkisizioa esaterako, Zugarramurdi inguruan kokatzen dut Lur eta Amets Euskal Herriaren historia proiektuko ipuinetan, eta Erdi Aroa, berriz, Gasteizko kaleetan. Gaur egun gurasoek haurrekin irteera egin dezakete toki horietara, eta ipuina kokatzen den lekua ezagutu, historiaren marka hori oraindik presente baitago. Zaila al da haurrengana iristea? Ni umeekin bizi naiz, eta haiengana iristea ez zait zaila egiten. Hala ere, argi dut beraiek ulertzen dituzten kontzeptuak erabili behar direla kontakizunean; asteartekoa esaterako, saio historiko bat izango da, baina ez diogu datei erreferentziarik egingo. Izan ere, ume batentzat historiaurrea esatea abstraktua da, baina kobazulo bat imaginatu dezake. Saioaren gidoia egin dudanean, argi izan dut haurrek ere ulertu behar duten bertso saioa izan behar duela, eta ulergarria izateko pertsonen arteko gatazkak eta abenturak oinarri izan ditut. Horrez gain, bertso saioko istorioa haurrentzat gertukoa izan dadin, Getarian kokatu dut. Euskal Herriko historia ezagutzen al dute haurrek? Umetan Euskal Herriaren historia gutxi lantzen da; estaturik gabeko herri bat gara, eta horrek hainbat ondorio ditu. Historia gure buruaz egiten dugun kontakizuna da, eta herri batek estaturik ez badu, estatuak egiten duen errelatotik abiatzen dugu gure historia. Guk Espainiaren historia ikasi dugu; hegoaldeko umeek, esaterako, Frantziar Iraultzaz ezer gutxi dakite. Proiektu honetan kontu handiz ibili behar izan dugu, nahi gabe Espainiako historiaren ikuspegitik begiratzen diogulako Euskal Herriaren historiari. Asko kostatzen zaigu herri autonomo bezala gure historiaz hausnartzea, beti kontatu baitigute Frantziaren historia iparraldean, eta Espainiako historia hegoaldean. Hizkuntzak salbatzen gaitu, euskarak berak gure buruaz hausnartzera eramaten gaituelako, baina oso nabarmena da ez garela independenteak. Lur eta Amets Euskal Herriaren historia materialak, gure historiaren kontakizuna lortzeko bidean erabilgarria al da? Bai, gu haurrak ginenean bazeuden Euskal Herriaren historia lantzen zuten liburu batzuk. Zaharkituta geratu ziren, eta gaur egungo Euskal Herriko umeen beharretara egokitutako material erakargarria egitea pentsatu zen. Proiektuan, modu atsegin batean jorratzen da Euskal Herriaren historia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide