Xabi Paya: «Elkarbizitza du oinarri Donostia 2016k»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko uzt. 8a, 10:31

Ostegunean 19:00etan Donostia 2016 egitasmoa aurkeztuko dute Getarian, Balentziaga Museoan. Herritarrei ezagutarazi nahi diete zer helburu dituen eta zer proiektu landuko diren.

Xabier Paya Donostia 2016 ekimeneko kultur koordinatzailea da. (Donostia 2016) XABI PAYA Donostia 2016ko Kultur Koordinatzailea Ostegunean Donostia 2016 egitasmoa aurkeztuko duzue Getarian. Zer dela-eta aukeratu duzue Getaria? Donostiatik aterata hainbat herritan aurkeztu behar genuen egitasmoa, eta Bilbo, Gasteiz, Tolosa eta Getaria aukeratu ditugu horretarako. Cristobal Balentziaga Museoarekin elkarlanean gabiltza aspalditik, eta duela hilabete eskas jendaurrean azaldu genituen elkarlanean egingo ditugun proiektuak. Horregati,k Getarian Donostia 2016ko proiektuek eragin berezia izango dutenez, proiektua gizarteratzeko herri aproposa izan zitekeela pentsatu genuen. Getariarrez gain, Urola Kostako herritarrak aurkezpenera hurbiltzea nahi al duzue? Egitasmoak Donostia 2016 du izenburutzat, baina lurralde guztira zabalduko den egitasmoa da. Ildo horretatik, saioaren helburua herritarrei aurrez aurre Donostia 2016 zer den, zer helburu dituen, zer proiektu mota hartzen dituen eta zer ekintza antolatuko ditugun azaltzea da. Guk azalpenak emateaz gain, bertaratzen diren herritarrek galderak egiteko edo iritzia emateko aukera izango dute. Beraz, Getariako, Urola Kostako eta oro har Gipuzkoa guztiko herritarrak biharko saiora gonbidatuta daude. Zer da zuretzat Donostia 2016? Europako kultur hiriburu baten proiektua da, eta kultura eta artea oinarri duten prozesuen bitartez elkarbizitza hobetzea du helburu. Horretarako, 2016an zehar eta zenbait kasutan lehenago hainbat ekitaldi, hitzaldi, emanaldi, erakusketa eta bilera egingo dira. Besteak beste, bestearen tokian jartzea, hizkuntza aniztasuna sustatzea eta ingurumena zaintzea lortu nahi da. Hobeto bizi gaitezen bultzada emango duten proiektuak bildu ditu Donostia 2016 ekimenak. Elkarbizitza aipatu duzu. Beraz, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da, ezta? Guk esaten dugu Donostia 2016an lanean ari garenok bitartekariak besterik ez garela. Proiektuen %90 herritarren proiektuak dira, eta herritarrek kudeatzen dituzte. Donostia Europako kultur hiriburu gisa aukeratu bazuten bi arrazoigatik izan zen; batetik elkarbizitzaren gaia oinarri duelako eta gure lurraldean horretan hobera egiteko premia nabarmena dagoelako. Eta bestetik, elkarbizitza hori lortzeko kulturak eta arteak berezkoak dituzten baliabideak proposatu ditugulako. Kultur hiriburuek orain arte hiriaren irudia landu eta eraiki egin izan dute. Donostiako hiriburutza besteekin alderatzen dutenean, horregatik sortzen dira zailtasunak, elkarbizitza ukiezina delako. Horregatik, egiten dugunaren eragina ebaluatzeko konpromisoa ere hartu dugu; Donostia 2016k zer onura ekarri dituen baloratzearena, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide