Liskarra sortu da Getariako udal taldeen artean udal aurrekontuaren aldaketen harira

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko mar. 20a, 12:58

Getariako udalbatzarrean udal taldeetako ordezkariak. (Egilea: Aiora Larrañaga) Martxoaren 11n Getariako udalbatzak batzordea egin zuen eta bertan EAJk 2015eko udal aurrekontuari egindako proposamenak aztertu eta eztabaidatu zituzten. EAJk azaldu du udalbatza osatzen duten 11 zinegotzietatik zazpik parte hartu zutela batzordean; bost zinegotzi jeltzalek eta EH Bilduko bik. EAJk zehaztu duenez, "Bertan EAJk aurkeztutako zuzenketak onartu ziren, ondorioz  aurrekontu proposamenean barneratu beharko  lirateke datorren asteko udalbatzarrean". Ildo horretan, EAJk salatu du EH Bilduk "bere proposamena aurrera ateratzeko" beste batzorde bat deitu duela udalbatzarraren aurretik". Getariako EAJren iritziz, "udal gobernuak jokaera axolagabea eta errespetuz beterikoa izan du" eta "okerrak zuzentzeko beste batzorde bat antolatzerakoan, alkatea ere arrazoia ematen ari zaigu. Guk eskatzen dugu lehen batzordean gehiengoak erabakitakoa onartzea; hau da, gure proposamenak aurrekontuan barneratzea". Getariako Udal Gobernua ez dago EAJren salaketarekin eta egin duen eskaerarekin ados eta uste du EAJren adierazpenek "atentzioa desbideratzea, liskarrak sortzea eta mezu ezkorrak ematea beste helbururik" ez dutela. Dena dela, salaketen larritasuna ikusita hainbat puntu argitu nahi izan ditu Getariako EH Bilduk. Alde batetik, EAJk salatu duen "EH Bilduko zinegotzien axolagabekeria eta prozedurarekiko errespetu faltari" dagokionean, nabarmendu dute a "urtean zehar batzorde ugari izaten" direla. "Batzuetan gertatu izan da zinegotziren batek edo bestek batzordean parte hartzerik ez izatea, beranduago etortzea edo lehenago joan behar izatea. Besteak beste, lan kontuen, konpromiso pertsonalen edo udaleko beste bileren ondorioz normala ere bada beti denak ez elkartzea. Baina zinegotzi guztiei pasa zaigu hori, ez soilik EH Bildukoei, eta orain arte beti ulertu izan da hau eta ez da inolako arazorik egon". Bestetik, EAJk batzordean beren proposamenak onartu zirela eta horiek udalbatzarrean bozkatu behar direla dionean, "gezurra esaten ari dela" salatu du EH Bilduk. "Batzordeetan informazioa eman eta gaien inguruan eztabaidatzen da. Ondoren, udalbatzarrean bozkaketak egin eta erabakiak hartzen dira. Eta udalbatzarrera eraman beharreko gai eta proposamenak zehaztea alkateari dagokio, bere eskumena baita. Legeak horrela dio" zehaztu dute. EH Bilduk gogorarazi du EAJk badakiela prozedura zein den, "28 urte agintean egon baitira". EAJren proposamenak Getariako EAJk azaldu du martxoaren 11ko batzordean egin zituzten proposamenek "getariarren ongizatea mantentzea eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eta daudenak hobetzea" dutela helburu. Ildo horretan, 40.000 euroko partida proposatu du azpiegiturak egiteko proiektuak idazteko, "nagusiena kiroldegi aurreko itxitura egitea" da. Bestalde, gizarte beharretara 10.000 euro bideratzea proposatu dute, beren esanetan "Bilduk ez duelako arlo horretan zentimorik aurrikusten". Kale garbiketarako 11.000 euroko partida txertatu nahi du 2015eko udal aurrekontuan eta EH Bilduk kaleko zabor ontzietarako eta triptikoak egiteko aurrikusi duen 13.000 euroko partida 3.000 eurora murriztea eskatu dute eta "hori herritarrak gaika biltzeaz kontzientziatzeko kanpainara zuzentzea". Getariako EH Bilduri salaketa larria iruditu zaio 2015eko udal aurrekontuan gizarte beharretarako zentimo bakar bat ere aurrikusi ez dutela esatea. "Agintaldian zehar ez dugu inolako murrizketarik egin gastu sozialean, ezta urterik zailenetan ere. Aurrekontuetan beti mantendu edo areagotu dugu partida, urte bakoitzean Gizarte Zerbitzuetako teknikariek ikusi dituzten behar guztiak kontutan hartuz" berretsi dute. Getariako Udal Gobernuak gogorarazi du herriaren alde "arduraz lan egiteko" daudela udalean. "Horretan aritu gara gogoz eta ilusioz 2011tik eta hemendik aurrera ere horrela jarraituko dugu". Bestalde, nabarmendu dute ez diotela EAJren gisa horretako adierazpenei "gehiago erantzungo".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide