Duela bi urte ireki zituen ateak Getariako Cristobal Balenciaga Museoak. Eta ordutik ikusmina sortu dute museoak gordetzen duen ondareak nahiz eraikinak berak. Udan, esaterako, 19.450 lagunek bisitatu dute zentroa. Hala ere, ikusnahia askotan ez da nahikoa izaten. Izan ere, Euskal Herrian museo erraldoiak egin ziren garaian eraiki zuten Getariakoa ere, krisia iritsiko zenik inork imagintzatzen ez zuenean. «Gaur egun, ordea, egoera oso bestelakoa da», argi azaldu dio Nika Lertxundi Getariako alkateak HITZA-ri, eta murrizketen garaian Cristobal Balenciaga Museoa ez dela «bideragarria» aitortu dute patronatua osatzen duten erakundeek. «Beharrezkoa al zen horrenbesteko eraikina?», galdegin du hainbat adituk. Eztabaida bizi-bizi dago, eta orain politikariei dagokie Cristobal Balenciaga Museoaren etorkizuna erabakitzea.
Cristobal Balenciaga Museoaren aterak irekitzea horniketan 800 euro kostatzen da eguneko (Argazkia: Aiora Larrañaga/Hitza)
Azken asteetan gaiaren inguruko zurrumurru ugari sortu dira, eta museoa Euskal Herriko nahiz Espainiako hedabideetan lerroburuen protagonista bihurtu da. Erakundeetako ordezkariak gaiarekin kezkatuta daude, eta museoaren etorkizuna hizpide izango du bihar Cristobal Balenciaga Museoko Patronatuak. Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Getariako Udaleko ordezkariak bilduko dira, eta fundazioko ekipo teknikoak egin duen azterketaren emaitzak izango dituzte hizpide.
Arlo ekonomikoa da Cristobal Balenciaga Museoaren arazo nagusia. Alde batetik, 1.953 metro koadroko azalera du museoak, eta tenperatura egokian mantentzea eta argiztatzea 300.000 euro kostatzen da urtean. «Eraikinaren etxaurrea beirazkoa denez, neguan hotza sartzen da barnekaldera eta udan, berriz, beroa. Museoa tenperatura egokian mantentzea gastu handia da. Gainera, museoaren egiturak berak ez du laguntzen aurrezterako garaian. Izan ere, erakusketa nagusia eremu ireki batean dagoenez, ezinezkoa da alderdi bat itxirik mantendu eta beste zabaltzea. Egunean 800 euro gastatzen dira horniketan ateak irekitzeagatik bakarrik», zehaztu du alkateak.
Bestetik, erakundeek kulturara bideratzen dituzten diru-laguntzak ere nabarmen murriztu dira. Espainiako Kultura Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutako dirua %37 jaitsi da.
Bi faktoreak elkartuta, balantzea negatiboa da. Getariako museoa ez da bideragarria, eta hilabetea joan hilebete etorri handitzen ari da museoaren zuloa. «Museoak bisitariak izan baditu, baina 3 milioi inguruko aurrekontua duen museoan bisitarien ekarpena oso txikia da. Museoa ireki zenetik erakundeen diru laguntzak aintzat hartu ziren hori zabalik izateko; laguntzak murriztu direnez neurriak hartu beharko ditugu, martxa honekin ezin baita jarraitu», azaldu du Lertxundik.
Dinamismo beharra
Cristobal Balenciaga Museoa ireki zenetik Getaria erreferentea bihurtu da Euskal Herrira etortzen diren bisitarientzat, eta horrek aberastasuna ekarri du herrira. «Ondare garrantzitsua da museoa, eta, egia da, Getariako herriarentzat nahiz Gipuzkoarentzat ekarpen garrantzitsua da», gehitu du alkateak. Dena dela, Getariako Udalak jakin badaki museoa ezin dela zabalik eduki edukitzeagatik. «Museoak zentzua izan behar du, zentzurik gabeko museoek ibilbide laburra izaten baitute». Horregatik, Cristobal Balenciaga Museoaren etorkizuna definitzerako orduan, museoarekin zer lortu nahi den argi izan behar dela uste du Getariako alkateak. «Museoak dinamikoa izan behar du, ez du erakusleiho hutsa izan behar. Bestela, bisitariak behin etorriko dira, baina ez dira bigarren aldiz itzuliko. Nire iritziz garrantzitsua da museoan ekimenak antolatzea, eta bisitariez gain, getariarrak eta inguruko herritarrak bertara erakartzea. Moda kontuak gustuko ez dituztenak ere bertara erakarri beharko lirateke, azpiegitura paregabea delako, eta uste dut horri probetxua atera beharko litzaiokeela. Bizia eman behar zaio Cristobal Balenciaga Museoari».