Josune Zabala izango da Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutu sortu berriaren zuzendaria

Nerea Uranga 2025ko mar. 31a, 15:29

Josune Zabala. (Anartz Izagirre)

Zabala 2017. urtetik iazko urtearen bukaera arte Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria izan zen. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren mendeko organo berria izango da.

Josune Zabala (Donostia, 1978) izango da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren mendekoa izango den Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendaria. Zabalak 20 urtetik gora daramatza Errezilen bizitzen, eta urte askoan izan du bizibide euskara eta ikerkuntza. Izan ere, 2017tik iazko urtearen bukaera arte Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria izan zen. Aurretik, berriz, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Soziolinguistika Klusterrean eta Mintzola Ahozko Lantegian aritu zen lanean.

Martxoaren 24an eman zituen organo sortu berriaren gaineko azalpenak Eusko Legebiltzarrean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, eta ondoan izan zuen Zabala bera. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren egitekoak, besteak beste, ikasgeletan praktika pedagogiko eraginkorrak ezartzea, euskararen erabilera aktiboa sustatzea eta irakasleak prestatzea direla azaldu zuten. Pedrosaren arabera, institutu horrek "euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat eraikitzen lagunduko du” eta "bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, menderatzeaz gain, gutxienez atzerriko hizkuntza bat,  ondo ezagutzea ere” sustatuko du. Institutuaren jardunean eragileak irakasleak, ikasleak, hezitzaileak, langileak eta udalerriak izango direla ere azaldu zuen sailburuak Legebiltzarrean.

Hizkuntza gaitasunari dagokionean, "gero eta emaitza hobeak lortzea" dute helburu, eta institutua sortu izana "berri on eta pozgarria" da, Pedrosaren arabera. "Hezkuntza sistema gero eta anitzagoa den neurrian, erronka berriak jarri dizkigu, eta une honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronka", esan zuen sailburuak.

Azaldu zuten lau lan eremuotan jardungo duela institutuak: Prestakuntza eta aholkularitza eremuan; Hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa eremuan; Euskararen normalizazioa eta hizkuntzaren didaktika eremuan; eta Ikerketaren, dokumentazioaren eta hedapenaren eremuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide