Maria Dolores Agirre oholtzara

Nerea Uranga 2022ko eka. 3a, 09:22

Errezilgo San Martin herri eskolako LH 5 eta 6koak Maria Dolores Agirre zenaren inguruko antzezlana ari dira prestatzen. Eskola Txikien Jaian estreinatuko dute.

Atzera kontaketa hasi dute. Egunak aurrera, urduritasuna nabarmentzen ari da Errezilgo SanMartin herri eskolako ikasle, irakasle nahiz gurasoengan. Ekainaren 12a, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia, Errezilen. Festa egun horren barruan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Maria Dolores Agirre herrikidea zenaren bizitza oholtzaratuko dute. Estreinaldia izango da.

Zein zen, ordea, Maria Dolores Agirre? "Gaur egun ezezaguna den Errezilgo neska bat izan zen Maria Dolores Agirre. Gerra aurretik Donostiara joan zen, gerra bizi izan zuen, eta bere bizibide horretan euskarari oso lotua egon zen. Lehen euskal irrati esatarietakoa, lehen euskal itzultzaileetakoa, lehen euskal irakasleetakoa, antzerki idazlea eta antzerkia kudeatu zuena izan zen gutxien-gutxienean Maria Dolores Agirre". Hala laburbildu du Josune Zabala Errezilgo herri eskolako gurasoak.

Zabalak azaldu duenez, azkenengo urteetan Errezilgo gurasoen eta irakasleen hainbat forotan aipatu izan zuten Agirreren inguruan zerbait egiteko aukera: "Esan izan zen polita izan zitekeela hura ezagutzeko proiektu bat lantzea eskolan eta eskolaz kanpo. Hala, jaiaren aitzakian, gurasookin harremanetan, proiektu oso bat garatu dute eskolako ikasleek eta irakasleek". Ikasturtero LHko hirugarren zikloko ikasleekin gai baten inguruko proiektua lantzen dute Errezilgo eskolan, eta aurten herriko pertsona bat aztertzea erabaki zuten, Joseba Bikendi irakaslearen arabera: "Errezilen pertsona ezagun asko ditugu: Loidisaletxe, Paulino Uzkudun... Baina bat aurkitu genuen emakumea eta euskaltzalea zena: Maria Dolores Agirre. Biografia lantzeko primerakoa eta oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta horri heltzea erabaki genuen".

Agirreren bizitzari «tiraka-tiraka», azkenean, proiektuak eskolako ikasleei, irakasleei eta gurasoei "egundoko bizitza" eman diela adierazi du Bikendik: "Aurtengo ikasturtea entretenitua izan dugu".
Ahozkotasuna lantzeko aberatsa izan zitekeela pentsatuta eta Agirreren egitekoa antzerkiari lotutakoa izan zela gogoan hartuta, ikasleekin antzezlan bat prestatzen hasi ziren. "Agirreren bizitza kontatzen duen lana da, eta pasarte desberdinak dauzka obrak", azaldu du Bikendik.

Antzezlanaren prestaketan, Agirreren bizimodua ezagutzeaz gainera, antzerkigintzaz ikasteko aukera ere izan dute Errezilgo ikasleek.

Errezildik Donostiara
Maiatzaren 4an Donostiara ibilaldia egin zuten, eta eskolan ikasitakoa Antzoki Zaharrean lantzeko aukera izan zuten egun horretan. "Donostian Lurdes Auzmendirekin elkartu ginen, eta hark bideratu gintuen. Auzmendi Agirreren ikaslea izan zen, eta hura ezagutu zuen, baita haren biografia idatzi ere. Maria Dolores Agirre izeneko kalea ezagutu genuen, eta handik Antzoki Zaharrera joan ginen; antzoki baten tripak ezagutzeko aukera izan genuen", kontatu du Bikendik.

Gainera, Antzoki Zaharrean bertan, Aizpea Goenaga aktore eta antzerki zuzendariaren masterclassa jasotzeko aukera izan zuten Errezilgo ikasleek. "Aberatsa izan zen irteera, Goenagak antzerkigintzan zer hobe zezakeen azaldu zion ikasle bakoitzari, eta Donostiatik oso gustura itzuli ginen denok Errezilera".

Errezilgo hezkuntza komunitateko kideek Maria Dolores Agirre ezagutzeko aukera izan dute ikasturtean landutako proiektuari esker, eta lan horren emaitza hilaren 12an plazatuko dute, Eskola Txikien Jai handian. Gogo eta ilusio faltarik ez dute, eta egun handirako gogor ari dira lanean.

MARIA DOLORES AGIRRE (1903-1997). Euskaraz lan mardula egina

Datorren hilaren 26an 25 urte beteko dira Maria Dolores Agirre hil zela. 1903ko ekainaren 8an jaio zen Errezilgo Etxeberri etxean; haren atarian oroigarria jarrita dago hori gogoratuz.
12 urtera bitartean Errezilgo eskolan ikasi zuen, eta 14 urterekin Donostiara joan zen maistra ikasketak egitera. Ordutik, Donostian egin zuen bizimodua, 94 urterekin hil zen arte.

Maistra ikasketak egin zituen lehen emakumeetakoa izan zen Agirre. Gero, euskara irakasten, antzerkigintzan, itzulpengintzan eta irratigintzan jardun zuen errezildarrak. Ondoan izan zituen, besteak beste, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia eta Katalina Elizegi.

Euskarazko eskolak eman zituen bere etxean eta Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolan ez ezik, Ateneoan, Alargunen Klubean, Emakumeen Kultur Etxean eta beste hainbat tokitan. Iztunde ikastolan, esaterako, Toribio Altzagaren ikasle eta laguntzaile jardun zuen Agirrek, eta 1953an hango ardura hartu zuen, 1973an erretiratu zen arte.

Honako idazleen lanak itzuli eta antzeztu zituen: Toribio Altzaga, Abelino Barriola, Antonio Maria Labaien, Piarres Lartzabal, Agustin Anabitarte, Garcia Lorca, Buero Vallejo, Pio Baroja, Rabindranath Tagore, Moliere... "Herri hizkeran oinarritzea eta testu ulerterrazak egitea" nabarmendu zuten adituek haren itzultzaile lanetik.

Irratigintzan eta euskaraz 25 urtez aritu zen Agirre. 1955ean hasi zen La Voz de Guipuzcoa irratian: Inazio Eizmendi Basarri, Manuel Oñatibia, Enrike Zurutuza, Joxemari Etxebeste eta beste zenbait lagunekin batera; Baserria izeneko irratsaioan jardun zuen.

Euskaltzain urgazle eta Euskerazaintzako kide ere izan zen Agirre.

Hainbat sari eta aipamen ere jaso zituen errezildarrak: 1979an Donostiako Udalak Zilarrezko Domina eman zion; 1991n EIZIEk (Euskal Idazle, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) Ohorezko Bazkide izendatu zuen antzerkia euskaratzen egindako lanagatik; 1998an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia sarian aipamen berezia eskaini zion, eta urte berean Donostiako Udalak Egia auzoko kale bati Maria Dolores Agirreren izena jartzea erabaki zuen.

2002. urtean, Bidegileak bildumaren barruan, Maria Dolores Agirre biografia liburua idatzi zuen Lurdes Auzmendik, Eusko Jaurlaritzak eskatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide