Errezilgo, Beizamako, Bidania-Goiatzko eta Albizturko Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak proiektu berria jarri du martxan Errezilgo eta Bidania-Goiatzko eguneko zentroetan. Istorio zaharren kontaketa oinarri hartuta, eguneko zentroetako erabiltzaileen memoria lantzea eta une atsegin bat pasatzea du helburu abiatu duten egitasmo berriak. Otsailetik maiatzera bitartean, hamabostero, ordubete edota ordu eta laurden inguruko saioak izango dituzte zentroetakoek. Jardun horretan, gidari, dinamizatzaile eta kontalari Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari usurbildarra (Gipuzkoa) ari da.
Errezilgo Eguneko Zentroan programa komunitario asko egin ohi dituzte, Elena Rikondo Saiaz mankomunitateko gizarte langileak azaldu duenez: "Azken urteetan, proiektu komunitarioetatik oso inportantea izan dena da belaunaldi desberdinen artean ekintza bateratuak egitea. Ekintza horiek batez ere umeekin, eskolekin eta familiekin egin izan ditugu". Pandemiak eragindako egoerak eta neurriek, ordea, ekintza bateratu horiek egiteko aukerak murriztu egin dizkie eguneko zentrokoei. "Belaunaldien arteko zenbait ekintza egin izan ditugu, baina, zoritxarrez, taldean-eta ezin izan ditugu aurrera eraman".
Nahiz eta ekintza batzuk egiteko zailtasunak izan eguneko zentroko erabiltzaileekin, dinamizazio eta gauzak egiteko beharra ikusi dute Saiaz mankomunitatekoek. "Ixabel Agirresaroberekin harremanetan jarri ginen eta abiatu dugun proiektua martxan jartzea adostu genuen. Formatoa erraza da, eguneko zentroko erabiltzaileekin eta langileekin Agirresarobe bakarrik egoten da, eta bestelako gauza berezirik izatea ez du eskatzen. Agirresarobek eskaintzen duena ez da monologo baten formatua. Istorioak kontatuz gai batzuk azaleratzen ditu eta herri txikietako kontuekin-eta lotzen ditu, era horretan, eguneko zentrokoen parte hartzea sustatzen du. Beraz, egitasmo berriari heldu genion", azaldu du Rikondok.
Proiektu berriko aurreneko saioa egin dute Errezilgo eguneko zentroan eta harrera ona izan duela uste du Rikondok. "Eguneko zentroko erabiltzaileen taldean perfil desberdinetako pertsonak dauzkagu: batzuk hitz egiteko gai dira, beste batzuk entzuteko bakarrik... Baina oso adi egon ziren lehen saioan, eta gertuko sentitu zuten. Gainera, Agirresarobek umorez jarduten du; umorea beti da garrantzitsua eta orain, gehiago".
Egoerara moldatuta
Errezilgo eguneko zentroan proiektu berria abiatu eta aurreneko saioan izandako esperientziarekin "oso gustura" gelditu da Agirresarobe bera ere. "Denbora aireanĀ» joan zitzaiela aitortu du ipuin kontalariak. "Oso-oso gustura gelditu nintzen ni, benetan. Errezilgo eguneko zentrokoentzako ni arrotza nintzen, baina ondo etorri ginela iruditzen zait. Zentroko erabiltzaileetako bi hasi ziren kontuak esaten, eta konturatzerako bukatzeko ordua etorri zitzaigun".
Agirresarobek ahozkotasuna du "afizio eta ofizio". Irakurritako eta jasotako istorioak kontatzen aritzen da han eta hemen, eta adin desberdinetakoei zuzendutako saioak egin izan ditu. Hala ere, bereziki adinekoei zuzendutako saioak eskaintzeko gogoz zegoen. "Kontaketa saioak eskaintzen hainbat lekutan ibili izan naiz, eta zorionez, leku batzuetan tokatu izan dira aiton-amonak haurrentzako ipuin kontaketak entzutera bilobekin joanda. Ikusita aiton-amonak entzule ederrak, bikainak, direla, faltan botatzen nuen haiei zuzendutako saioak egitea".
Saiaz mankomunitatearen eguneko zentroetan abiatutako proiektu berriarekin lortu du Agirresarobek bere nahia aurrera eramatea. Horregatik gustura dago ipuin kontalaria. "Niretzako ere aberatsa da haiekin kontu kontari aritzea. Izan ere, nik istorioak eta kondairak kontatzen dizkiet eta haiek esamoldeak, kontu zaharrak, pasadizoak, bizipenak, ohiturak... ekartzen dituzte gogora, eta haiengandik ere asko ikasten dut nik. Adinekoek duten jakinduriari garrantzia ematen diogu saioetan, haiek ere parte hartzera bultzatzen ditugu. Nolabait azaltzen diegu oraindik ere beraien beharra badaukagula, asko daukagula haiengandik ikasteko eta jasotzeko".
Entzuten eta hitz egiten
Agirresaroberen ustez, adineko pertsonak "entzule benetan onak" dira: "Entzuten, hitz egiten eta itxoiten daukaten jakinduria izugarria da. Nire inpresioa da denbora hartzen dutela hitz egiteko, eta esan behar duten hori ondo adierazten dutela. Errezilgo kasuan, herri txikia izanik, beren kultura hori jasota daukate, eta nik uste dut oso gauza aberatsak aterako direla. Lehenengo saioan, ni usurbildarra izanik, elkarren hizkeran ditugun desberdintasunez aritu ginen, eta oso aberatsa izan zen".
Eguneko zentrora zer kontatu prestatuta eramaten du Agirresarobek, baina bere saioak malguak dira, "momentuak eskatzen duen horretara moldatzen naiz. Gehiago gustatzen zait momentuak nora eramaten nauen ikustea". Eguneko zentrokoek beren ekarpenak egin eta kontaketa eten beharra ikusten badu, horretara moldatzen dela dio. "Agian, entzuleren batek zerbait kontatzen edo berak bizitako pasarte bat gogorarazten du, eta hari horri segika jarraitzen dugu saioa. Haiek esaten dutenari ere garrantzia ematen diot".
Agirresarobek bere kontaketa saioetan umorea erabili ohi du, "ironiaz esaten ditut hainbat kontu edota txiste eran kontatzen ditut beste hainbat zelebrekeria". Aurrean dituen entzuleekin une atsegin bat pasatzea izan ohi du helburu kontalariak. "Izugarrizko plazera da, adin horretako jendea gustura eta irrifar batekin dagoela ikustea; horrek ez dauka hitzik".
Errezilgo eguneko zentroan egindako aurreneko saiotik gustura, asebeteta, irten zuen Agirresarobek; Errezildarren ateraldiak liburua besapean hartuta etxeratu zen. "Ixabel Agirresarobe Arzallus naiz ni, eta aiton-amonen aldetik Errezilen dut jatorria. Horren kontura-eta zertan jarduna izan genuen". Errezilgo eguneko zentroko lehen saioan "galbahea" pasatu zuela dio kontalariak.