Erniarraitzeko partaideak eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. (Eider Bereziartua/ Urola Kostako Hitza)
Ikastetxeetako bertso eskolak kendu, eta eskola horiek herriz herri eskainiko ditu Erniarraitz Bertsozale Elkarteak aurrerantzean. Egun Azpeitian eta Azkoitian ditu haurren eta helduen bertso eskolak elkarteak, eta Errezilera ere zabaldu nahi dituzte horiek. Azpeitiko Udalak diruz lagunduko du proiektua, eta elkartearekin hitzarmena sinatu du.
Erniarraitzeko partaideen hitzetan, ikastetxeetako bertso eskoletan geroz eta jende gehiagok eman du izena azken urteotan, eta "horri erantzuteko proiektu berri baten beharra zegoen". Jokin Uranga, Erniarraitz Bertsozale Eskolako kideak esan duenez, "ikastetxe desberdinetako bertsozaleak elkarrekin bildu eta elkarrekin goza dezaten nahi dugu". Eneritz Artetxe Erniarraitz Bertsozale Eskolako partaidearen iritziz “bailaran eta modu honetara antolatuta egongo den lehenengo proiektua" izango da, eta "oinarri bat jartzera" doaz. Erniarraitzekoek Azpeitiko Udalari "eskerrak" eman nahi izan dizkie “beraiengan sinetsi eta proiektuan laguntzeagatik".
Josu Labakak Kultura ziengotziak esan du "belaunaldi berrien formazioan lan egitea udalaren kezken artean" dagoela, eta "Erniarraitz bertso eskola horretan erreferentzi garrantzitsua” dela. Horregatik, uste du "norabide onean datorren urratsa” dela proiektu hori. "Azpeitia berriz ere bertsolaritza munduan erreferente izateko bide polita da, eta guri udal bezala proiektu honi baliabideak ematea dagokigu etorkizunean inbertitzeko eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko", esan du Ainara Larrañaga Kultura zinegotziak.
Izen-ematea zabalik
Dagoeneko, ikasturte berriari begira, 55 bat lagunek eman dute izena Erniarraitz bertso eskolan. Haurrek, gaztetxoek zein helduek ordubeteko eskola izango dute astero-astero. Azkoitian astearteetan eta asteazkenetan izango dira haurrei zuzendutako bertso eskolak; astearteetan, berriz, helduenak. Azpeitian astelehenetan eta asteazkenetan izango dira haurren eta gaztetxoen saioak.
Oraindik izena eman daiteke eskoletan, elkarteko kideren batekin hitz eginedo
erniarriatz@gmail.com helbidera idatzita.
Hainbat egitasmo
Urtero hainbat ekitaldi antolatzen ditu Erniarraitzek. Ikasturte honetarako ere finkatu dituzte jada horietako batzuk.
Eusebio Eizmendi Txapel zenaren omenezko bertso saioa abenduaren 20an izango da. Gainera, azken urteetako gisan, bertso eskolen arteko topaketak egingo dituzte, eta Azkoitian udaberriko bertso saioa ere izango da. Horrez gain, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ere ikasturte honetan egingo dute, eta Erniarraitzeko hainbat taldek hartuko du parte bertan.
Beste zenbait egitasmo antolatzen ere ari dira Erniarraitzeko kideak, baina elkarteko kideek esan dutenez, aurrerago emango dute horien berri.