Lan asko egin eta etekin gutxi ateratzea ez da inoren gustuko. Baina lan asko egin eta etekinik ez ateratzea, are gutxiago. Hau da, ordea, Euskal Herriko esne ekoizle gehienen errealitatea azken hamarkadetan. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren (EHNE) arabera, iaz industriak litroko ekoiztea kostatzen dena baino 3 zentimo gutxiago ordaindu zien ekoizleei.
Egoera jasangaitz horren aurrean, alternatiba bila hasi dira ekoizleak, eta zuzeneko salmentan ikusi dute etorkizuna; baina zuzeneko salmenta garaiko bitartekoak erabiliz.
Irailean jarri zuen Azpeitian eskualdeko lehenengo esne makina Joxi Azpillagak (Errezil, 1969), Errezilgo Añoi baserriko esne ekoizleak, eta hil honetan beste hiru jartzekotan da: «Hau da eman nahi izan dudan pausoa: produkzio intentsibotik ihes egin eta nire kasa hastea».
Salmenta zuzenerako tradizioa desagertzear zela zirudien arren, apustu sendoa egiten hasi dira Euskal Herriko nekazariak eta abeltzainak, euren biziraupena mehatxuan ikusi baitute. Azpillagaren hitzetan azken urteotako joera «desagertzea» da. «Errezilen oraindik esne ekoizle dezente gara, baina Azpeitian bi besterik ez daude, eta Azkoitian ez dakit bat bera ere ba ote dagoen». Gainera, «ekoizle heldu asko dago, eta hauek ez dira inbertsiotan sartzen». Pentsuaren prezioaren igoerak eta Europako Batasunaren politikek sektorea ito egin dute eta egungo esne ustiategientzat bi aukera ikusten ditu Azpillagak: «500 behi jarri eta Zeelanda Berriko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako baserritarrekin lehiatu, ala kontsumitzaileei zuzenean saldu».
Berak nahiago izan du bigarren bideari heldu, eta hala egin du eskualdeko hainbat baserritarrek ere: Ekoizlea bai, baina saltzailea ere bai.
Azken bi urteotan esne pasteurizatua saltzen duten makina mordoa jarri dituzte Euskal Herrian. Lehenengoa Elizondon jarri zuen Anizko Jauregia baserriak, eta Gipuzkoako lehenengoa, berriz, Ordizian Iztueta elkarteak. Orduz gero, makina mordoxka bat jarri dute inguruko baserriek, eta datozen hilabeteotan gehiago jarriko dira eskualdean. Joxi Azpillaga hiru jartzekotan da hurrengo hilabeteotan: Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. «Azkoitian 2009ko irailean eskatu nuen baimena; Azkoitian bi hilabete geroago, eta izugarri kostatu zait tramitea egitea. Zestoan, berriz, joan den abenduan egin nuen eskaera, eta interes handiagoa agertu zutenez, azkarrago joan da».
Errentagarritasuna
Añoi baserriak 35 behi ditu gaur egun , eta behi bakoitzeko 25 litro ateratzen ditu bataz beste; egunean guztira 750 litro inguru. «Nire asmoa pixka bat jaistea da; egunean 500 litro saltzea lortuz gero, nahikoa litzateke».
Baserrian 90 behi zituen duela zenbait urtera arte, baina ez zen negozio iraunkorra; izan ere «geroz eta pentsu gehiago behar zen eta pentsuaren prezioak gora eta gora egiten zuen; lehen kiloak 30 zentimo balio bazuen, orain 50ean dago».
Orain Añoi Baserriak egunean 100 litro saltzen ditu makina bakarrarekin, eta gainontzekoa tabernei eta dendei banatzen die, batez ere. «Jatetxeetan saltzen ere saiatu naiz, baina esne gordina erabiltzen dute haiek gehienbat. Soberan dudan esnea, aldiz, Kaikuri saltzen diot, eta behin poltsatan sartutakoaren soberakina, berriz, txekorrekin aprobetxatzen dut».
Egunero 300 litrotik gora zuzenean saltzea lortuz gero izango litzateke Añoiko esne ustiapena errentagarria. Hasierako prezioa euro eta hamar zentimoan ezarri bazuen ere, egun litroa euro baten truke saltzen du Azpillagak makinan.
Esne makina jartzeak inbertsio handia eskatzen du. Lehenik eta behin, instalazioak egokitu eta esnea pasteurizatzeko bi makina eta esnea poltsatan sartzeko beste makina bat erosi behar izan ditu Azpillagak. Bestetik, 9.000-10.000 euro bitarteko vending makina eta banaketarako furgoneta bat ere erosi ditu. Guztira 90.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan du Errezilgo baserritarrak, esne ustiategia Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskaeretara moldatu eta proiektua martxan jartzeko.
Añoi baserria izan da Euskal Herrian egindako esnearen makina jartzen lehena; «Azkoyen enpresak vending makina arrunta egokitu dit esne poltsak jarri ahal izateko». Orain arteko esne makinak Italiatik ekarri dituzte gainontzeko ekoizleek, baina Azpillagak nahiago izan du bertakoa, besteak beste, «mantenu lanetarako abantailak» eskaintzen baitizkio gertutasun honek.
Modalitate asko ditu zerbitzuak. Zenbait elkoizlek kristalezko edo plastikozko botilatan saltzen dute esnea makinetan; baina Añoi baserriak esnea litro bateko poltsatan saltzea erabaki du, izan ere, «botilekin izugarrizko biltegia behar duzu eta, bestela, botilak egiten dituen beste makina bat».
Lizitazio programak
Orain arte leku publikoetan eta pribatuetan kokatu dituzte makinak esne ekoizleek; kalean naiz dendetan. Azpillagak lehenengo makina Sanjuandegi auzoko Eroskin jartzea erabaki zuen, emandako erraztasunengatik, baina «leku publikoak nahiago» ditu. Saltzen duen litro bakoitzeko 5 zentimo ordaindu behar izaten dizkio Eroskiri, eta lizitazioz lortutako partzelagatik, aldiz, urtean 50 euro eskatzen dizkiote udalek. Hurrengo hiru makinak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako kaleetan jarriko ditu.
Udalek Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartearen esku uzten dute partzela, eta hark programa irekiak eskaintzen dizkie esne ekoizleei. Baina nahiko luze joaten da prozesua. «Onarpen politikoa behar da lehenengo, eta juridikoa eta urbanistikoa gero».
Diru-laguntzak eta kontrola
Nekazaritzako eta elikagaigintzako Euskal Herriko Produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta sustatzeko Lehiatu programak esne makinen proiektuari lotutako gastuen %40 ordaintzen zituen teorian, baina Añoi baserriak, gastu orokorraren %20-25 bitarteko diru-laguntza jaso du. «Orain arte gazta ekoizleentzat soilik izan da programa hau, baina orain gu (esne ekoizleak) ere sartzen gara. Nire kasuan, ordea, obra geure kasa egin dugu».
Osasun Sailaren eskakizunak asko dira esne ekoizleentzat, eta are gogorragoak esne ekoizle txikientzat: Eraikinetan berezitasunak, prozesu osoaren kontrola, analisiak esne gordinari, pasteurizatuari, makinari, eta abar. «Kaikuk bete behar dituen eskakizunak eta gureak berak dira. Baina guk kontrol handiagoa dugu; izan ere, gu kontrolatzea errazagoa da».
Eroslearen perfila
Kontsumitzaileen gehiengoak baserritarrek eskaini ezin dizkieten prezio merkeak eta erraztasunak bilatzen dituzten bitartean, bada kalitatezko gaiak lehenesten dituen beste sektore bat. Produkzio ekologikoaren gaia pil-pilean dago egun, eta kontsumo ohiturak aldatzen ari dira zenbait etxetan.
Eguneko esne freskoa kontsumitzen duen eroslearen soslaia, esaterako, kaleko gaztearena dela dio Azpillagak: «Ez da baserrian hazitako jendea; baserritarrak beti bere burua gutxietsi du eta hirira bizitza hobearen bila joan izan da, eduki ez duenaren bila. Bestalde, gazteak baloratu egiten du eduki ez duena».
Kontsumo taldeak
Bitartekaririk gabeko salmenta sektore askotara zabaltzen ari da eta, azkenaldian, geroz eta ezagunagoak dira kontsumo taldeak. Nekazal produktuak baserritar bati zuzenean erosteko antolatutako taldeak dira, eta ekoizle gehienek produkzio ekologikoa lantzen dute. Kalitatezko produkzioa eta bitartekariak ekiditea dira helburuak. Esne ekoizleentzat aukera bat izan liteke kontsumo talde hauek hornitzea, baina esne ekoizpen ekologikoa garesti irteten da, pentsuak bikoitza balio baitu. «Pentsua aldatu beharko nuke hasteko; baina produkzioa ekologikoa izateari baino garrantzia handiagoa ematen diot nik ganadua kanpoan larrean ibiltzeari; hurrengo pausoa hori litzateke niretzat».
Esnea, egunkariaren eta ogiaren antzera, etxeraino eramateko saoia ere egin du Azpillagak, «Etxeraino enpresarekin egin genuen ahalegina, baina ez du funtzionatu; beste bide batzuk aztertu beharko dira. Bizkaian eta Gipuzkoan oso gutxi landu dugu salmenta zuzena. Ekoizle gutxi gara eta izugarrizko merkatua dugu inguruan. Ipar Euskal
Herrian, aldiz, nekazari asko dira eta ez dago merkaturik, eta
hala ere, salmenta zuzena da gehien landu dutena; hemen baino askoz gehiago bai behintzat. Instituzioen eta politikoen interesa beti nekazal industriaren aldekoa izan da, eta salmenta zuzena ez dugu nahikoa landu. Baina potentzial handia dago hau lantzeko».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide