Intxaurra beltz, etorkizuna ere halatsu

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 6a, 11:47

Jon Arruti, Oiarbide-Saletxe baserriaren atarian duen intxaurrondoaren parean. (Ihintza Elustondo)

Gipuzkoako baserritarrek intxaurraren uzta galdu dute, gaitzak eraginda. Jon Arruti beizamarrak intxaur olioa ekoitzi izan du azken urteotan, baina, errealitate horren ondorioz, proiektua gelditu behar izan du. Ez daki etorkizunak zer ekarriko duen. Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Euskal Herrian produktu preziatua da intxaurra, sagardoaren ezinbesteko aliatua izateaz aparte, osasunerako hainbat onura eragiten dituena. Landa eremuko etxe askotan dute atarian intxaurrondoak izateko ohitura, baita horiek emandako aleak aprobetxatzekoa ere. Dena den, azken bi urteotan gainbeheran joan da produktu horren emaria, ia-ia galtzeraino. Izan ere, gaitzak jo ditu intxaurrondoak, eta azken uzta ia erabat galdu da; hala baieztatu du Jon Arruti baserritar beizamarrak: "Gipuzkoako baserritarrak intxaurrik gabe gelditu gara".

Beizamako Oiarbide-Saletxe baserrian bizi da Arruti, eta abeltzaina da ogibidez. Dena den, zaletasun gisa, badu beste proiektu bat ere esku artean: intxaur olioa egiten du. Etxe inguruan hainbat intxaurrondo ditu, eta zuhaitz horiek emandako aleei aterabidea emateko hasi zen intxaur olioa egiten, duela hamar urte inguru. "Urte emankorretan, sobera gelditzen zen intxaurra baserri askotan; alferrik galtzen zen. Eta soberan zegoenarekin olioa egitea bururatu zitzaidan, aprobetxatzeko".

Ordutik, hainbat urtez egin du olioa, baina azken bi urteotan, ez da posible izan. "2021ean aurreko urtean ekoitzitako olioaren azken hondarrak saldu nituen, eta iaz ez nuen batere saldu, ezin izan nuelako egin". Jendeak esan izan dio kanpoko intxaurrarekin egiteko olioa, baina Arrutik ez du hori nahi. "Bertako intxaurrari aterabidea emateko hasi nintzen olioa egiten, eta horrek ez luke zentzurik izango".

Azaldu duenez, "kantitate txikietan" sortu izan du intxaur olioa. "Ez naiz profesionala", dio. Dena den, bere etxeko intxaurrak eta inguruko baserritarrenak batuta, bi mila kilo inguru baliatu izan ditu olioa ekoizteko. "Etxean biltzen nituen ehun bat kiloez aparte, Gipuzkoako zenbait baserritarri erosten nien intxaurra: Errezilgoei, Baliarraingoei, Asteasukoei, Aiakoei, Ordiziakoei…". Azkeneko bi urteotan ere jarri da haiekin harremanetan, baina guztien erantzuna berbera izan da: "Inork ez dauka intxaurrik".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide