Agintaldi erdia Udal Gobernuan

Pedro Mari Otaegi: "Hiritar batek dituen baliabide berak eskaini nahi ditugu"

Julen Otaegi Leonet 2021ko abu. 6a, 09:50

Duela bi urte hartu zuen Otaegik Beizamako alkate kargua. Agintaldi erdia igarota, herriaren egoeraz eta datozen urteetako proiektuez aritu da, etxebizitza berriez tartean.

Nolakoak izan dira agintaldiko lehen bi urteak?

Ondo moldatu gara udalean. Beti daude desadostasunak: basoekin zer egin, zer landatu... Baina gainontzekoan iruditzen zait ez dela egon arazorik.

Etxebizitza berriak eraikitzeko lanean ari zarete.

Beizama aurrera eramateko, jende berria behar dugu herrian. Esperantza badugu, eskaera badagoelako; Olanoegin eraiki genituen etxebizitzak jada beteta daude. Gure asmoa da hiri batean bizi denak dituen baliabide berak eskaintzea. Zuntz optikoa ekarri zen iaz, eta sekulako aurrerapausoa izan da hori. Orain, helburua da gazteak erakartzea. Hemengo gazteek eta herritarrek lehentasuna izango dute etxe berriak alokatzerakoan.

Zergatik erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Europan federazioak etxebizitzak Beizaman eraikitzea?

Lehenengo aldia da halako zerbait egiten dutena. Orain arte eskaria ziurtatuta zuten lekuetan egiten zituzten proiektuak; bazekiten horietan ez zutela arazorik izango. Ordea, udalak lan asko egin du azken urteotan gai horren inguruan, eta proba pilotua hemen egitea erabaki dute. Hau da lehenengo proba, baina ez da izango azkena. Beizama bezala, despopulazio arazoak dituzten hainbat herri txiki daude.

Nola doa proiektua?

Udalak lurrak erosi zituen, eta Eusko Jaurlaritzari emango dizkio. Erakunde hori arduratuko da, Europanen bidez, etxebizitzak eraikitzeaz eta ondorengo kudeaketez. Proiektuak aurkezteko epea irekita dago irailera arte –abenduan erabakiko du Europanek zein izango den irabazlea–. 2024rako eraikita izango dira etxebizitzak. Etxebizitza berri horiek alokairupekoak izango dira, hala eskatzen duelako legeak. Ordea, egia da Beizama moduko herri batera datorren jendeak finkatu egin nahi duela. Hutsune hori ikusita, udalaren nahia da beste alternatibak ere martxan jartzea.

Urkomerekin elkarlanean baserri hutsen ikerketa ere abiatu duzue. Zein da helburua?

Beizamako baserri hutsen jarraipen berezia ari gara egiten, bigarren aukera bat emateko. Garbi dagoena da etxe eta baserri huts asko dagoela Beizaman. Lanean ibili gara jakiteko zeintzuk izan daitezkeen saltzeko edo alokatzeko aukeradun baserri hutsak eta zeintzuk erabilerarik ez dutenak. Badira baserri zaharretara bizitzera etorri diren gazteak: Amenabar auzora gazte bat eta Urdanpiletara bikote bat. Horrelako kasu gehiago nahi ditugu.

Herrigunean beste proiekturik aurreikusten al duzue?

Plan Orokorrean etxebizitzak egin daitezkeen lur batzuk daude jasota. Eskolaetxen ez ezik, Olanoegin ere aurreikusita dago etxebizitzak egitea; beste lau egin daitezke. Etxebeste hutsik dago herrigunean; hori berritzeko aukera ere egon zitekeen.

Lur eta eraikin horiek jabetza pribatukoak dira.

Logikoena izango litzateke jabe pribatu horiek enpresa eraikitzaileekin harremanetan jartzea eta beren artean baldintzak adostea. Enpresa batek eskatzen du erosleak bermatuta izatea. Orduan, zaila da inbertsioak lortzea halako herri batean. Udalak prozesu hori guztia erraztea nahi du, jabearen eta enpresa eraikitzailearen artean bitartekari gisa arituz. Ezin dugu gehiegi luzatu, urte amaierarako erabakiak hartu beharko ditugu.

Nola eragin dio COVID-19aren izurriteak udalari?

Herrian kasu positibo bakarra baieztatu dute. Zorte handia izan dugu Beizaman. Ikustea besterik ez dago izurriak beste herrietan zer arazo eragin dituen. Halere, badirudi COVID-19ak zuzenean ez digula herri txikioi eragiten, baina, zeharka, ekonomikoki, eragin handia izan du. Herri txikietako baliabideak urriak dira, eta ezin ditugu egin nahiko genituzkeen proiektu guztiak.

Non nabaritu duzue eragin ekonomiko hori?

Herri txikietan diru sarrera nagusia aldundiaren Foru Funtsa da. Herri handiagoetan badituzte bestelako diru sarrerak. Ordea, Beizamako Udalaren aurrekontuaren kopuru handia funts horretatik dator. Okerrena iazko urtea izan zen, eta aurten zertxobait igo dute funtsa. Badirudi egoera hobera doala. Gure itxaropena da datorrenerako normalizatzea. Bestalde, dirulaguntzak puntuazio sistema baten arabera banatzen dira. Hor ere Beizama galtzen irteten da.

Dirulaguntzen arazoen adibiderik?

Herri bideak konpontzeko orduan, esaterako, bideak esplotazio askotara eramateak puntuatu egiten du. Beizamak dituen ezaugarriengatik bide askok esplotazio bakarrera eramaten dute; horrek puntuazioa murrizten du. Bi urteotan 1.800 euro jaso ditugu baserri bideetarako. Erreklamazio dezente egin ditugu puntuazioaren harira, eta datorren urtetik aurrera aldaketa batzuk egingo omen dituzte.

Nola daramazue udalaren basoen kudeaketa?

Beizamako basoak indargunea ziren udalarentzat. Diru asko jasotzen genuen, eta, egun, iritsi da momentu bat non herriak ez duen ezer lortzen haietatik. Pinuaren gaitza dela eta, hektarea asko bota beharko ditugu: guztira, garbitu eta berriro aldatu beharreko 55 hektarea. Jada hamar landatu ditugu, eta beste hamabostekin gauza bera egiteko lanetan gabiltza. Urtez urte banatu behar izan dugu lana, aldundiak ezin duelako bere gain hartu aldi berean halako dirutza herri txiki bati bideratzea.

Natura baliabideak aipatuta, ezin ahaztu Ibai Eder urtegia.

Askotan aipatzen diegu aldundikoei: "Zer ekarpen egiten dio Ibai Eder urtegiak eskualdeari?". Urtegiari esker kostaldeko herriek ez dute ur arazorik. Urtegia Beizamako lurretan dago, basoak ahalik eta hoberen zaindu behar ditugu, baina ez dugu onurarik jasotzen. Itzulera hori falta da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide