Jon Arruti, hiru neurritako intxaur olio botilekin. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Intxaur olioa ekoiztea hobbya dela diozu. Izan ere, ogibidez abeltzaina zara. Baserritik bizi zara, beraz?
Haragitarako 70 behi ditut, eta anaiaren eta bion artean txerriak ere hazten ditugu; 135 ditugu une honetan. Horiez gain, basoa ere asko lantzen dugu. Batxilergoa bukatu eta soldaduskatik bueltan, oso garbi nuen baserrira dedikatu nahi nuela. Emaztea erizaina da eta kanpoan egiten du lan, baina esan dezakegu behiek ematen digutela jaten.
Intxaur olioa ekoizteko ideia nolatan otu zitzaizun?
Izatez Frantziako arraza den limusina behiak ditugu, eta haien harira duela zortzi urte Frantziara egindako bisita batean, hango baserri batean bazkaltzen ari nintzela, entsalada ongarri berezi batekin atera zidaten. Intxaur olioa zuen. Euskal Herrian dugun intxaur pilarekin, zaindu gabe fruitua ematen digutela, jabetu nintzen intxaur olioarena guretzat irteera egokia izan zitekeela, baina horretan geratu zen kontua. Duela hiru urte, behien inguruko proiektu batean laguntza eskatu zidan Iraurgi Berritzenek. Orduan eman nien intxaur olioaren inguruan buruan nuen ideiaren berri, eta beka bati esker proiektuari heldu genion. Euskal Herrian eta Espainian, beste inork ez du aurrez intxaur olioa ekoitzi.
Nola hezurmamitu duzu ideia?
Frantzian, Dordogne Perigorden, intxaur olioa ekoizten dute, eta lehenbizi hara bisita batzuk egin nituen, prozesua ezagutzeko, eta konfiantza irabazten joan ginen. Intxaur olioa egin nahi nuela erabaki nuenean, etxeko eta Azpeitiko eta Zumarragako baserritar banaren intxaurrak hartu eta hara joan nintzen. Esperimentu hartan, 40 litro olio ekoiztu genituen. Etxean, lagunekin eta zenbait jatetxetan probatu, eta jendeari gustatu zitzaion.
Frantzian, beraz, errotuta dago intxaur olioaren kultura?
Dordogne inguruan, bai, baina hemen ez, oliba olioa kontsumitzen dugu. Haiek intxaur olio mota desberdinak dituzte, eta oso landuta dute ekoizpena.
Olio litro baterako zenbat intxaur behar da?
Zazpi kilo. Kalitate oso oneko intxaurra bada, sei. Pertsonak ordubetean kilo bat intxaur zuritzen du. Pentsatu kostuak noraino joaten diren!
Zer ezaugarri ditu Maitia intxaur olioak?
Frantzian probatu nituen batzuk oso fuerteak ziren, eta nik zapore suabeagoa duena nahiago nuen. Dudako intxaurrak baztertu eta kalitate onekoak hautatzen ditut. Oso-oso aberatsa da kolesterola orekatzeko lagungarriak diren Omega 3 eta Omega 6 gantz azidoetan. Intxaurrari alergia diot, baina olioak ez dit kalterik egiten. Harrigarria da. Horregatik, fruitu lehorrei alergia dietenentzat alternatiba oso ona izan daiteke.
Eta zer erabilera du?
Gordinik, hotzean kontsumitu behar da; berotuz gero, propietateak galtzen ditu eta. Guk etxean lortu dugu gosarian umeek gaileten ordez intxaur olioa ogi xigortuarekin jatea. Entsalada, pasta eta arroza gozatzeko ere erabiltzen dugu. Olio honek duen alde ona da kopuru gutxi botata ugaria dela. Frantzian, esaterako, medikuek aholkatzen dute gurina saihesteko, eta bi heren oliba olioa eta heren bat intxaur olioa kontsumitzeko. Jenero batera ohituta gaudenean, kostatu egiten zaigu aldatzea, baina behin bi-hiru aldiz janez gero, zapore berrira egiten zara.
Esperimentu haren ondoren, lehen sorta komertzializatu berri duzu. Zer moduz?
Ikusita olioaren lehen linea hark harrera ona izan zuela, ezaugarri berekoa ekoiztu dugu. Beizamako, Zumarragako, Itsasondoko, Aramako, Baliarraingo eta Aiako bi tona intxaur eraman ditut oraingoan. Baserritar askok hots egiten didate intxaurra eskainiz, baina ni ez naiz horretatik bizi, eta ez dut ekoizten olioa bolumen handietan. Gainera, prozesua alderantziz ari naiz egiten: lehenbizi, baserritarrari ondo ordaindu nahi diot; eta kostuak ezarri ondoren, zeozer irabazten badut, gustura. Nire ilusioa da intxaurrari irteera bat ematea. Egunen batean lortzen badut Euskal Herriko intxaur guztiak biltzea eta saltzea, orduan bai, aberastuko naiz.
Zer-nola merkaturatzen duzu?
Hiru neurritako botiletan saltzen dugu: 10cl, 25cl eta 50cl. Dendariak errespetatzeagatik, estrategia da herri bakoitzeko pare bat saltokitan eskaintzea olioa. Azpeitian, esaterako, Odriozola Ardoak eta Kiribil dendetan eros daiteke, eta nahikoa harrera ona ari da izaten. Ordizian eta Donostian ere aurkitu daiteke, eta asmoa dut jeneroa Urola Kosta osora zabaltzea. Ostalaritzan ere egin nahi ditut harremanak, neurri formatu handiagoak eskainiz.
Ekoizpen eta merkaturatze prozesuei dagokienez, oztoporik izan al duzu?
Etiketen diseinuari eta osasun arloko neurriei dagokienez, bete beharreko burokrazia handia da. Bestalde, Espainian intxaur olioaren ekoizpena erregulatu gabe dago eta, beraz, intxaurrak Frantziara eraman behar
izaten ditut elaboratzera.
Zer pauso ditu elaborazioak?
Aurrena, intxaurra zapaltzen dute; gero, pixka bat berotu eta, azkenik, pasta prentsatzen dute. Ezpurutasunak kendu eta ontziratu aurretik, olioa jalkitzen utzi behar da, hilabetez.
Intxaurrarekiko pertzepzioa aldatu egin al zaizu?
Bai, horixe! Beste begi batzuekin begiratzen diot. Jabetu naiz ezjakin hutsak garela. Ez dakigu
tratatzen; erori ahala jaso eta azkar lehortu behar da, hezetasunik har ez dezan. Frantzian intxaurrak sarezko apaletan zabalduta jarri eta gasarekin sua eginda lehortzen dituzte. Euskal Herrian izugarrizko altxorra dugu, intxaur barietate asko dugulako.
Zer etorkizun ikusten diozu intxaur olioaren negozioari?
Nik ikusten diot. Nahiz garestia izan, jendea badago dirua duena, osasuna estimatzen duena eta gauza berriak probatu nahi dituena. Emakumea da bezero perfilik onena; baita kirolariak ere, jende heldua eta kolesterolarekin-eta arazoa duena.