Omenaldi hunkigarria egin diote Mikel Garmendia gudariari

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 23a, 16:50

Mikel Garmendiari Beizaman eginiko omenaldian parte hartu duten herritar eta politikariak (E. Albizu Lizaso) Mikel Garmendia Olaziregi gudariari omenaldia egin diote gaur, Beizaman. Musika, bertso, abesti, oroigarri eta besarkadekin egin diote aitortza herritarrek 100 urteko gizonaren ibilbide oparoari. Izan ere, Euskal Herriaren historian urrats garrantzitsua utzi duen pertsona izan da Garmendia: Eusko Langileen egunkaria saltzen hasi zuen bere ibilbide politikoa; eta ordutik aurrera, gerran, kartzelan, Afrikako soldadutzan, Valle de Los Caidosen, Andaluzian eta beste hamaika tokitan izan da, halabeharrez, baina burua tente. Iñaki Eizmendi Basarri-ren bertsoekin eman diote hasiera ekitaldi hunkigarriari, Jon Gurrutxaga bertsolariak abestu du, eta Haritz Garmendiak lagundu dio trikitiarekin. Guda garaiak oroitu dituzte Beizaman, Basarri-ren hitzekin: "Eusko gogoa armez eta indarrez ezin hil daiteke inola; Gernika erre ziguten, baina zutik daukagu arbola". Bertsoen atzetik etorri da Garmendiaren bilobek aitonaren urtebetetzerako egin zuten abestia. "Gizon kaskagorra, beti lagunkorra, gure motorra, hain gizon jatorra; zurekin degu denok betiko zorra", esan diote aitonari. Bertsoen ostean, aurrezkoa egin diote, eta gero, Garmendiaren ilobak, Irati Labakak, zenbait azalpen eman ditu aitonaren bizitzaren inguruan: "1915ean jaio zen Mikel Donostian, eta lau Garmendia eta bere bilobak (E. Albizu Lizaso) urteren ostean Ordiziara joan zen bizitzera. Han bere haurtzaroa pasatu zuen, baina baita gaztaroko zati garrantzitsu bat ere. Solidaridad de Obreros Vascos taldean afiliatu zen, eta Eusko Langileen egunkaria hasi zen saltzen. Hori bere bizitzaren zati oso garrantzitsua izan zen, eta horrek berak eraman zuen Mikel gerran hartu zuen postura hartzera". Begoña Garmendiak, Mikel Garmendiaren alaba eta Beizamako alkateak, hunkituta hitz egin die herrira gerturatu direnei. "Aita, orain dela ia 80 urte gure balkoian jarri zenuen ikurrina hortxe dago, eta guk ikurrinapean jarraitzen dugu, eta ahalxe jarritu nahi dugu beti", esan du. Begoña Garmendiak eskerrak eman dizkio aitari, beraiekin izan duen jarreragatik, "eredu" izateagatik eta transmititu dizkien "baloreengatik". "Andaluziatik berriro Euskal Herrira etorri ginenean, gure aitak lehengoko bidetik jarraitu zuen, Euskal Herri independiente eta justuaren alde ibili da beti", azaldu du. Memoria ezin dela galdu nabarmendu du Garmendiak, memoriarik gabe bizi diren pertsona eta herria "hil egingo" direlako: "Guk hau jaso, eta gure ondorengoei transmititu behar diegu. Izan ginen, bagara eta izango gara". Omenaldian izan dira eskualdeko zenbait alkate, eta oroigarriak eman dizkiote Garmendiari, erakundeen izenean. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Jose Ramon Goikoetxea Bidania-Goiazko alkatea, Igor Eguren Ordiziakoa edota Errezilgo Udaleko ordezkariak egon dira bertan. ELAko ordezkaritza ere izan da Beizamako ekitaldian. Ordiziko alkateak bertso bat eskaini dio Garmendiari: "Agur eta erdi Mikel Mikel Garmendiari Beizaman eginiko omenaldia (E. Albizu Lizaso) eskerrik asko, gainera, Euskal Herria zaharraren hazi eta kimu zera. Ordizian sortu, baina beste askokin batera gure Euskal Herria hau armekin defenditzera. Guda hori galdu zuten denen bilobak gu gera, bidean segitzen degu oraindik ere, aurrera lapurtu ziguten gure herria irabaztera"  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide