Aterpetxea hil honetan jarriko dute martxan, eta Beizama Bizia proiektuak kudeatuko du

Nerea Uranga 2012ko abe. 12a, 13:20

[caption id="attachment_52993" align="alignleft" width="350" caption="Iñigo Altuna eta Leire Retegi Beizama Biziako aterpezain berriak (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Hil honetan bertan jarriko dute berriz martxan Beizamako aterpetxea, egitasmo eta aterpezain berriekin. Beizama Bizia Kooperatiba Elkarteak kudeatuko du. Joan den uztailean, Beizamako Udalak aterpetxearen kudeaketa lehiaketara atera zuen, eta epaimahaiak Beizama Bizia proiektuari eman dio ardura. Hil honen bukaeran lehen bisitari taldea jasoko dute, bertara doanari Beizama bera eskainiz. «Herriak duen ondare naturalean eta kulturalean barneratzeko esperientziak eskainiko dizkiogu». Jai giroan inauguratuko dute aterpetxea, abenduaren 22an, egitasmo berriarekin. Mari Domingi joango da bisitan Beizamara, eta segidan txokolate-jana izango dute. Festarekin segituz, aterpetxearen inaugurazio ekitaldia egingo dute, 18:30ak inguruan. Herriko ohiko festa batekin uztartuko dute aterpearen irekiera. Beizama Bizia aterpetxeko proiektuaren xedea horixe baita, aterpetxea herriko eragile bat gehiago izatea. Hala, kanpotik etorriko den jendearekin herri osoa kontuan hartuta egin nahi dute lan. Aterpetxera eta herrira datorrenari herriko eta bertako baserrietako bizimodua eta lanak, ekoizten dituzten produktuak, herriko ohiturak eta inguruak (basoak eta natura, oro har) ezagutzeko aukera eskaini nahi diote. «Beizamako aterpetxea gizarte zuzenago eta iraunkorrago baten eraikuntzan jarduteko eragile bat da, eta gure asmoa herriaren onurarako lan egitea izango da», diote Iñigo Altunak eta Leire Retegik, aterpezain berriek. Beizamako Udalarentzako eta herriarentzako ere aterpetxean martxan jarriko den proiektua alde askotatik «oso positiboa» dela dio Begoña Garmendiak, Beizamako alkateak. Batetik, Beizama jendeari ezagutzera emateko modu bat dela uste du: «Beizamak duen landa eremuko herri txiki izaera hori zabaltzeko eta jendeak ezagutzeko aukera ona da». Horrez gain, herrian bizi eta lan egiten dutenekin elkarlanean jarduteko modu bat ere badela dio Garmendiak. «Azken finean, herritarrek ekoitzitako produktuak, eguneroko bizimodua, eta lana kanpotik datorren jendeari ireki eta ezagutzera emateko era bat da». Kanpotik datozenei Beizamako produktuak ezagutzera emateaz gain, zabaltzeko eta merkaturatzeko beste modu bat da. Eskaeraren neurriko eskaintza Aterpetxearen azpiegiturak  ematen dituen aukera guztiei zukua atera nahi die aterpezainek. Hala nola, bi eta lau laguneko logelak ditu, bakoitza bere bainugelarekin, eta talde handia hartzeko logela handia ere badu. Horrez gain, jangela eta sukaldea ditu. Beraz, bikoteak, familiak, talde txikiak edota handiagoak hartzeko aukera ematen du. Aterpearen hormetatik kanpo, herriko hainbat baserritako bizimodua, inguruko natura eta ibilbideak ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Azken batean, ondoko baloreak ezagutarazi nahi dituzte: «Gurea bezalako herriak daukan elikagai ekoizpen gaitasuna, nekazari ustiapenak eta landa eremuko biztanleen bizimodua, eta, bertakoaren indarra eta ahalmena». Balore horiek oinarri hartuta, hainbat arlo jorratzeko asmoa dute Beizamako aterpetxean: familiei eta taldeei zuzendutako ekoturismoa; eskolei edota taldeei zuzendutako ingurugiro hezkuntzarekin lotutako tailerrak eta ikastaroak; edota, taldeei eta erakundeei ikastaroak eta baliabideak eskaintzea. Batik bat, Beizamara bisitan edota egunak pasatzera datorrenaren arabera  moldatu nahi dute eskaintza. Herritarrak ere erabiltzaile Kanpotik datorrenarentzako bakarrik ez, bertakoak hartzeko ere irekiko dituzte aterpetxeko ateak Beizama Bizikoek. Udalarekin batera, haur eta gazteentzako bilgune izateko aukera aztertzen ari baitira. Astean behin ludoteka zerbitzua emateko aukera eskainiz edota udaleku irekiak antolatuta. Zerbitzu hori ere garrantzitsua litzateke Beizamako Udaleko arduradunen arabera. Izan ere, Beizamako haurrak egunero eskolara Azpeitira joaten dira eta herrian elkarrekin bildu eta egoteko gune bat izatea garrantzitsua dela uste dute. «Herriko jendeari eta herriko haurrei begiratuta, guretzako biziko garrantzia daukate ludotekak eta udaleku irekiek. Baina, baliabideak aztertu behar ditugu», azaldu du alkateak. Beizama Bizia proiektua udalak babesteko arrazoi asko daudela uste du udalak. Igone Arrutiren esanetan, «egitasmoak herri nortasuna indartzeko eta bultzatzeko balioko du». Baina Beizaman ere krisiak jo du, eta nahi hainbeste ezingo dutela lagundu diote udal arduradunek. «Gaur egungo egoera ekonomiko txarra kontutan hartuta, ezin dugu guk nahiko genukeen adina babestu. Herri txikia garenez gure baliabideak oso txikiak eta mugatuak dira. Hala ere ,gure neurrian behintzat laguntzen ahaleginduko gara». Herria ezagutzera ematearekin batera, herriko ekonomian ere eragin nahi dute Beizama Biziakoek, lanpostuak sortuz edota bertan ekoitzitako lehengaiak edota produktuak erabiliz. «Aterpetxearen funtzionamenduko eginkizunetarako herriko bizilagunekin kontatuko dugu, lan postu txikiak sortuz. Horrez gain, beharrezko produktuak kontsumitzeko orduan, herriko ekoizleengana joko dugu. Hau da, bisitariak erakarriz, zeharka herriko beste eragileek eragin positiboa izatea bilatuko dugu». Urkome saria jasotakoa Beizama Bizia proiektua Bigarren Urkome Sarietan saritua izan zen. Hain zuzen, Ingurugiro Etxea Fundazioak emandako saria jaso zuen. Ordutik, proiektuaren funtsa ez dute aldatu, baina egitasmoan sakontzen jarraitu dute. «Batik bat, bideragarritasun ekonomikoaren gainean sakondu dugu, HAZIren laguntzarekin». Baina, egitasmoa etengabe berritzen eta osatzen joateko asmoa dute, «proiektua behin eta berriro moldatzen eta osatzen joan nahi dugu, egunero aberastuz». Abenduaren bukaeran, Donostiako talde batek estreinatuko du Beizama Bizia aterpetxea, eta udaberrirako ere hainbat talderekin lotuta dute egonaldia. Beizama bertatik eta beizamarrekin bat bizi nahi dutenek, hango aterpetxeko 630-181994 telefonora jo besterik ez dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide