Kaleko katuak "kontrolatzeko" hitzarmena egin du udalak Biziraun elkartearekin

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 24a, 15:13

Joanes Amenabar (ezkerrean, eserita) eta Bizirauneko kideak, lankidetza hitzarmena sinatzerakoan. (Azpeitiko Udala)

Besteak beste, kalean bizi diren katuen zaintza bermatu, horiek jaso, antzutu eta berriro kalean utzi edota adopzioak kudeatuko dituzte, hitzartutakoaren arabera. Katuak elikatzeko zortzi toki ere zehaztu dituzte.

Azpeitiko Udalak eta herriko Biziraun elkarteak kaleko katuak "kontrolatzeko" lankidetza hitzarmena sinatu dute, bi urterako. "Biziraun elkarteak Azpeitiko katuen kopurua kudeatzeko lan boluntarioa egiten du. Gehienbat, kaleko katuak zaintzeaz, biltzeaz eta adopzioak antolatzeaz arduratzen da", aurkeztu du elkartea udalak. Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Bizirauneko kideek sinatu dute hitzarmena

Lan boluntario hori CES sistema aplikatuz egiten du Biziraunek. "Katuak harrapatu, esterilizatu eta berriz ere kalean askatzean oinarritzen da prozesua, katu batzuk ez baitaude etxeetan bizitzeko prestatuta", azaldu du udalak. Horregatik, katuak kalean modu egokian eta ondo zainduta bizitzeko zein ugaldu ez daitezen hainbat neurri jaso dituzte udalak eta elkarteak lankidetza hitzarmenean.

Katuak elikatzeko zortzi toki ere zehaztu dituzte: Soreasu auzoan, Txaribarko Errebalean, Enparan kaleko ibaialdean, Iñaki Azpiazu kalean, Garate Anaian, Landeta etorbidean (bi) eta Loiolan egongo dira horiek. Hitzarmenean espreski jaso dute Bizirauneko boluntarioek bakarrik eman ahalko dietela jaten kaleko katuei eta gainerako herritarrek debekatuta dutela animalia horiei jaten ematea.

Seina konpromiso

Lankidetza hitzarmenean, seina konpromiso hartu dituzte bi aldeek. Nagusiki, katuak kontrolpean eta egoki zainduta izateko lan boluntarioa egiteko konpromisoa hartu du Biziraunek, eta lan horiek gauzatu ahal izateko baliabideak eta erraztasunak emango dizkio udalak.

Zehaztuz, hauek dira Biziraun elkartearen konpromisoak:

  • CES metodologiaren bidez, kaleko edo jaberik gabeko katuen zaintza eta elikadura lanak gauzatuko dituzten pertsona boluntarioen zerrenda osatzea eta udalari jakinaraztea.
  • Katuak harrapatzea eta Azpeitiko Udalak kontratatu duen albaitariarengana eramatea, antzutzeko. Askatu ere elkarteko boluntarioek egingo dituzte.
  • Katuen adopzioari ematea lehentasuna, eta horretarako beharrezkoak diren kudeaketak gauzatzea.
  • Gaixorik dauden katuak jasotzea eta albaitariarengana eramatea, behar duten tratamendua jaso dezaten.
  • Aldez aurretik udalarekin adostutako elikadura puntuak osasun eta higiene baldintza onetan mantentzea. Janari lehorrarekin eta urarekin elikatuko dira katuak, honako puntu hauetan bakarrik: Soreasu 11ko konpost gunean; Enparan 38 atzeko ibai ondoko eskaileretan; Txaribarko Errebaleko baratzeetako eskaileretan; Iñaki Azpiazu 7-8 atzean; Garate Anaia 9 inguruan; Landeta etorbidea 4 inguruan; Landeta etorbidea 36-38 inguruko ibai ondoko eskaileretan; eta Loiolako trenbide zaharraren eremuan. Biziraun elkarteko boluntarioek bakarrik dute kaleko katuei jaten emateko aukera, gainerako herritarrek debekatuta dute.
  • Udalarekin batera lankidetzan aritzea, herritarren arteko bizikidetza okertzen duten jokabideak dituzten pertsonekin sortzen diren gatazkak konpontzeko.

Eta hauek, Azpeitiko Udalak hartu dituen konpromisoak:

  • Albaitari elkargokide baten zerbitzuak kontratatzea.
  • Adopzioan emandako katuei parasitoak kentzeko tratamendua egingo duen albaitari baten zerbitzuak kontratatzea.
  • Katuak harrapatzeko gailu-kaiolak erostea eta horiek Biziraun elkarteari uztea.
  • Kaleko katuen harrapaketa, zaintza eta elikadura lanak gauzatuko dituzten boluntarioei akreditazio txartelak ematea.
  • Elkartearekin batera koloniak elikatzeko eremuak adostea eta eremu horiek behar bezala egokitzea, seinaleztatzea eta identifikatzea. Katuak elikatzeko pentsua udalak erosiko du.
  • Gaixorik dauden katuak sendatzeko leku egokia eskaintzea Biziraun elkarteari. Bi sinatzaileen artean adostu dute 3 x 3 metroko etxola bat jartzea Iñaki Azpiazu 7-8 zenbakien atzealdean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide