Beste hainbat herritan egin duten edota egiten ari diren bideari eutsi diote Olaberrian ere (Gipuzkoa). Horrela, memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan sartuta dabiltza, eta igande honetan, 1936ko gerraren eta Francoren diktaduraren lehen urteetan herrian jazotako giza eskubideen urraketak jasotzeko egin duten lanaren fruituak aurkeztuko dituzte: batetik, Aranzadi zientzia elkarteko Maria Laespadaren eta Javier Bucesen Olaberria 1936-1945 liburua; eta horrekin batera, Eraman zutela, Deña Garcia-Bravok (Urrestilla, 2003) eta Mikel Balerdik (Olaberria, 2003) zuzendutako dokumentala.
Ikaskideak dira Garcia-Bravo eta Balerdi, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko azken ikasturtea egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean, eta Aztarna Produkzioak izenaren aterkipean ari dira beren lehen lanak egiten. Martxoaren 30ean argia ikusiko duen Eraman zutela da beren lehen proiektu potoloa. Bederatzi hilabeteko lanarekin eta emaitzarekin "oso gustura" daudela dio Garcia-Bravok: "Unibertsitateko azken urtean horrelako proiektu bat esku artean izatea egundokoa izan da, baita Olaberriko Udalak horrelako lan baterako gu bezalako bi gazterengan konfiantza osoa jarri izana ere. Gogotsu gaude estreinaldirako".
Olargi memoria taldearen eskariz eta ekimenez hasi zen Olaberriko Udala herriko memoria historikoa berreskuratzeko lanean, eta Olargikoen bidez jaso zuten bi ikasleek dokumentala egiteko proposamena.
Lasa eta Bujanda
Espainiako gerra piztu berritan, Espainiako Errepublikaren kontra altxatutakoek Olaberria hartu ondoren 'eraman' zituzten bi olaberritarren historiak daude Eraman zutela-ren oinarrian: 1936ko abuztuaren 9an fusilatu zuten Jesus Bujanda, eta abuztuaren 25ean, Martzelo Lasa; Olaberriko bizilagunak biak, eta Olaberrikoak, halaber, biak fusilatu zituztenak ere. Bujandak alarguna eta seme-alabak utzi zituen: Lasak 17 urte besterik ez zituen. Lasaren gorpuzkiak berreskuratu zituen Aranzadik, Lizarrusti mendatearen inguruan, duela sei urte; Bujanda ere inguru hartan fusilatu zuten, baina haren aztarnak betirako galdu ziren. Balerdiren hitzetan, "herrian dezenteko kolpea" izan zen hain tarte txikian bi herrikide haiekin gertatutakoa. "Uste dut erabili zituztela beldurra eta isiltasuna hedatzeko, herria kontrolpean mantentzeko, finean", gaineratu du Olaberrikoak.
"Testigantzetan oinarritutako dokumentala" da Eraman zutela, Garcia-Bravok azaldu duenez: bi fusilatuen senitartekoenak, gerra bizi izan zuten herritarrenak, eta Lasaren gorpuzkiak berreskuratzeko lanetan parte hartu zuten Lurdes Herrastirenak eta Paco Etxeberriarenak entzun daitezke dokumentalean. Zuzendariek horietako askorekin egoteko aukera izan dute, baina Olargikoek aurretik egindako grabazioak ere baliatu dituzte, dagoeneko hilda dauden herritarren kontakizun baliotsuak dokumentalerako berreskuratzeko.
Udal ordezkariek, Olargikoek eta Balerdiren gurasoek izan dute dagoeneko dokumentala ikusteko aukera, eta haiengandik jaso dutenarekin gustura daude egileak. Egin duten lana "oso hunkigarria" dela esan diete, Urrestillakoak kontatu duenez: "Testigantza eman dutenen sentimenduak eta garai zein egoera gogor haiek bizi izan zituztenen emozioak oso ondo transmititzen direla esan digute. Mikelen [Balerdi] ama negarrez aritu zen, udaleko batzuk ere oso hunkituta ikusi genituen... Feedbacka ona izan da".
Gazteen begietatik
Bada dokumentalaren sustatzaileek helarazi dieten beste kontu bat ere. "Batek baino gehiagok esan digute aukera ona izan zela haien aldetik lan hau egiteko gazteengana jotzea, horrelako gai bat jorratzerakoan hautu hori egiteak kontraesankorra lirudikeen arren", dio Balerdik. Izan ere, XXI. mendean jaiotako eta, printzipioz, duela ia ehun urte jazotako gertaera haiengandik «urrun» dauden bi gaztek zuzendu dute dokumentala; eta horrek, hain justu, lanari "beste ikuspuntu bat" erantsi dio.
Balerdik bazekien Lasa eta Bujanda herrikideak 1936ko gerrako biktimak zirela, haien izena daraman plaza ere badago Olaberrian, baina haiei gertatutakoez "ideiarik ere ez" zeukan, dokumentala egiteko enkargua jaso zuten arte. "Ez zara konturatzen zenbaterainokoa izan daitekeen haiek pairatutakoa, haiei egindako kaltea", dio, zuzenean edo zeharka gerra eta haren ondorioak bizitakoez, Lasa eta Bujanda bezala hildakoak milaka izan zirela nabarmenduz. Garcia-Bravok, berriz, gerra haren ingurukoak etxean jaso izan ditu, amaren familiaren aldetik, bereziki, "oso txikia" zenetik; baina, noski, ez zuen Lasaren eta Bujandaren berririk. "Uste dut oso aberasgarria eta egin beharrekoa dela horrelako pertsonen historiak berreskuratzea, herri guztietan baitaude halakoak", dio.
Igandean estreinatuko duten lanak irakaspen asko utzi dizkie bi zuzendariei: lanbide izan nahi dutenaz, beren herriko historiaz eta isilpean gordetako gertaerak berreskuratzearen eta kontatzearen garrantziaz, batik bat. Memoria jorratzea, are gehiago gaur egungo testuinguruan, "ahanzturaren kontrako erresistentzia ekintza" dela sinetsita baitaude.
Datorren igandean, 12:00etan hasiko da Olaberria 1936-1945 liburuaren aurkezpena eta Eraman zutela dokumentalaren estreinaldia bateratuko dituen ekitaldia. Olaberriko kultur areto berrian izango da, eta ikusmina piztu du hitzorduak: ia 300 ikus-entzule elkartuko direla aurreikusten dute, «hasieran espero zutenaren bikoitza», Balerdik dioenez. Estreinaldia Olaberrian eman ondoren, dokumentala Goierriko beste herri batzuetan zein interesa duten tokietan ere ematea gustatuko litzaieke zuzendariei, eta zinema jaialdietara-eta aurkeztea ere ez dute baztertzen.
Estreinaldia
Datorren igandean, martxoaren 30ean, 12:00etan hasiko da Olaberria 1936-1945 liburuaren aurkezpena eta Eraman zutela dokumentalaren estreinaldia bateratuko dituen ekitaldia. Olaberriko kultur areto berrian izango da, eta ikusmina piztu du hitzorduak: ia 300 ikus-entzule elkartuko direla aurreikusten dute, "hasieran espero zutenaren bikoitza", Balerdik dioenez.
Olaberrian eman ondoren, dokumentala Goierriko beste herri batzuetan zein interesa duten tokietan ere ematea gustatuko litzaieke zuzendariei, eta zinema jaialdietara-eta aurkeztea ere ez dute baztertzen.