Asier Blas: "Zaila da desberdintzea zer den eskuin muturra eta zer ez"

Julene Frantzesena - Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 25a, 08:53

Asier Blas. (Goienagusi)

Eskuin erradikal zahar eta berriei begirada izeneko hitzaldia emango du Asier Blasek gaur, 18:30ean. Egun indartzen ari diren joera ultrez arituko da Sanagustin kulturgunean.

Eskuin muturrak gero eta presentzia handiagoa dauka Europan. Zer gertatu da joera hori egonkortzeko? 

Eskuin muturrak aspalditik du presentzia Europan; 1980ko hamarkadaren amaieratik dago gorakadan eta, bereziki, 1990eko hamarkadatik. Politika neoliberalek mundu ikuskera indibidualistagoa bultzatu dute, eta hori beharrezkoa izaten da horrelako posizioak elikatzeko. Gerora, XXI. mendean, biziberritu eta hedatu egin da, besteak beste, mendebaldeak bizi duen dekadentziaren ondorioz. Horri eskuin muturraren kontraeraso kulturala gehitu behar zaio: feminismoa asko indartu da, eta eskuin muturrak erantzun egin dio. Horrekin batera, beti existitu izan den arren, etorkinen jarioa XXI. mendeko fenomeno garrantzitsua da. Areagotu egin da, eta horrek ere kontraeraso kulturala elikatu du. Nazismoari edo arrazakeriari lotzen zaizkien diskurtsoak agertzeko modu berriak ditu eskuin muturrak: “Ez gara arrazistak, baina gure bizimodua mantendu nahi dugu, eta migrazio masiboa oztopo da horretarako”. Jantzi horrekin aurkezten da gaur egun. 

Eskuin muturrak lekua irabazi du, ezkerraren kalterako. Zergatik galdu du bere espazioa ezkerrak? 

Ekonomiak indibidualizatu egin gaitu. Garai batean, fabrika batean 1.500-2.000 pertsonak gutxi-asko baldintza antzekoetan lan egiten zuten, antzeko ordutegiak izaten zituzten eta borroka antzekoa partekatzen zuten. Horrek kolektibo bat sortzen zuen, baina neoliberalismoak horrekin amaitu du: zatitu egin ditu bizi baldintzak, ordutegiak... Horrek eragin bat izan du ezkerreko kulturan, eta haren ikuskera komunitarioa ahuldu egin da. 

Ezker-eskuin aldaketak ziklikoak izaten al dira? 

Esango nuke ziklikoak direla ezkerraren eta eskuinaren esanahiak. Frantziako Iraultzatik gaur arte erabiltzen da ardatz hori, eta momentu desberdinetan esangura desberdinak izan ditu. Mendebaldeko herrialdeetan, baina, eraldaketa batzuk bizi izan ditugu eta, gaur egun, ezkerreko izaera programa ekonomikoei deslotuta dago. Programa ekonomiko berdinzaleak oraindik ere ezkertiar bezala izendatzen dira, baina ez dira elementu esanguratsuenak pertsona bat ezkerrekoa den ala ez esateko. Gaur egun ezkerreko bezala aurkezten diren asko, funtsean, liberalak dira. 

Eskuin muturraren gorakadak lotura zuzena al du aberatsen eta pobreen arteko arrakalarekin? 

Azalpenetako bat da, bai. Gizarte arrakalak handitu diren heinean, kultura patriarkal batean, gizonak bere lanpostuaren eta bizimoduaren kalitatea kaskartu direla ikusten du. Bitartean, feminismoaren olatu bat dago. Beraz, bi gauzak lotzen dira: emakumeen eskubideen aldeko borroka indartsu bat eta, aldi berean, XX. mendeko gizontasuna (gizonak behar du izan familia burua, diru iturri nagusia...) betetzeko gaitasun falta. Horrekin, jarrera matxistak elikatzen dira, eta eskuin muturrera mugitu. Etorkinekin ere gertatzen da: egoera ekonomiko kaskar batean ikusten baduzu ez zaudela kanpotik iritsi den hori baino askoz hobeto, zure maila soziala erori egiten da, eta ikuskera kontserbadore horrekin, diozu: “Hau kanpotik etorri da eta lehia bat dut berarekin”. Esan nahi dudana da eskuin muturra dimentsio desberdinekin elikatzen dela eta, nire ustez, dimentsio ekonomikoa oso inportantea da. Zeren, ez da gauza bera migranteak zure aitona-amonak edo seme-alabak zaintzera etortzea, ala zure etxea garbitzera. Hori ordaindu dezaketenek, normalean, ez dute eskuin muturra babestuko, zeren ez dituzte hainbeste nabarituko ustezko kalteak, nolabait esateko. 

Eskuin muturren molde zaharrak eta berriak aztertuko dituzu hitzaldian. Zertan aldatu dira molde horiek? 

Askotan sinplifikatu egiten da eta eskuin muturrari faxismoa edo neonazismoa egozten zaio, baina halakorik ez dago hainbeste. Errealitatean, eskuin muturrek forma berriak erabiltzen dituzte eta paradigma berri batean kokatuta daude. Horietako askok ez dituzte diktadurak bilatzen, edo faxismoarekin eta nazismoarekin lotutako gizarte antolaketak. Egiten dutena da, funtsean, koplako buru bat bilatu. Hamarkada luzez, etorkinak izan dira, eta azken bi hamarkadetan, feminismoa ere bai. Are, gaur egun feminismoan zatiketa egiten saiatzen dira, feminismo ona eta txarra baleude bezala. Horiek dira molde berriak. Pentsa, Alemaniarentzako Alternatibako (AfD) burua emakumea da, lesbiana da, Sri Lankako emakume batekin ezkonduta dago... Hori ere bada eskuin muturra gaur egun. Horregatik hitz egiten dut eskuin muturrez, pluralean. 

Bestalde, autoritarismoa Mendebalde guztian nagusitu dela esango nuke. Zentsura onartuta daukagu, gastu militarra indartuko dugu... Beraz, zein da zein? Batzuetan zaila da desberdintzea zer den eskuin muturra eta zer ez. 

Eskuin muturreko agintariak hauteskunde demokratikoak irabazita iritsi dira boterera. Zer adierazten du horrek?  

Hauteskundeen markoa onartuta dago, segun eta non. Errumanian, adibidez, hauteskundeak irabazi zituen pertsonari [Calin Georgescu] debekatu egin zioten hurrengo hauteskundeetara aurkeztea. Zergatik? Ez da eskuin muturrekoa delako. Meloni faxismo klasikotik dator, eta ez dago arazorik. Arazoa geopolitika da. Errumaniako eskuin muturrekoek, adibidez, ez dute nahi NATOk bere base militar handiena bertan eraikitzea... Honetan guztian geopolitikaren ardatza sartzen da jokoan, eta hor bukatzen da demokrazia.

Zergatik ari dira normalizatzen diskurtso horiek? 

Gizarteak zerbait kolektiboa behar du. Ekonomia indibidualizatu da eta egoera ekonomiko zail batean gaude aspalditik. Horri aurre egiteko, nork eskaintzen du momentu honetan ikuskera kolektibo bat? Momentuz, eskuin muturrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide