Gurasoak gogoan eta bidelagunak eskertuz oroitu dute Pasaiako segadaren 41. urteurrena

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 22a, 21:49

Eusko Jaurlaritzaren aitortza jasota, berezia eta senideentzat bereziki hunkigarria izan da Pasaiako segadaren 41. urteurreneko ekitaldia. Bidelagun izan dituzten guztiak eskertu dituzte senideek, falta dituzten gurasoei eskainitako hitzorduan. 400 lagun inguru elkartu dira Azoka Plazan.

Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen aitortza jaso duten aste berean, eta Espainiako poliziak Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak Pasaian hil zituela 41 urte bete diren egun berean egin dute gaur Azpeitiko Azoka Plazan Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eta senideek antolatutako urteroko oroimen eta aldarrikapen ekitaldia. Eguerdian, senideek eta lgunek urteroko lore eskaintza ere egin dute Enparan dorretxearen atzeko monolitoan.

"Justizia ez dugu lortu, baina lortu duguna ez da gutxi", esan du Arantxa Isartek, Pelitxoren arrebak, ekitaldia amaitu aurretik urtero legez berak eta Kurroren anaia Peio Aizpuruk hitza hartu dutenean, Txapasen eta Peluren anaiak ondoan zituztela. Izan ere, lau hamarkadatik gora pasatu behar izan dira Pasaian bortizki tirokatuta hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako senideei instantzia ofizial batek aitortzeko bertsio ofizialak gezurra zioela hasieratik. Lau hamarkadatik gora eta sufrimendu asko; eta "iritsi ez", "irabazi" egin duten aitortzarekin batera ere sentimendu mingotsa, hildakoen gurasoetako inorrek ezin izan duelako hainbeste esperotako aitortzaren unea bizi izan.

Maria Pilar Arbelaitz eta Tomas Aizpuru, Miren Badiola eta Justo Isart, Divina Aizkorbe eta Rafael Delas, eta Txeles Sanz eta Julian Izura oso presente izan dituzte gaurko ekitaldi osoan zehar; haiei eskaini nahi izan diete ekitaldia bera, baita senideek lau hamarkadotako borrokan bidelagun izan dituzten lagun guztiei ere. Horietako asko elkartu dira gaur Azoka Plazan, eta bukaeran besakardak eta malkotan bustitako irribarreak nagusi izan dira.

Pasaian hildakoen lauen anai-arrebak oholtzara igo direnean, jasotako txaloak itzuli dizkiete plazan elkartutakoei, luze, ekitaldiko une hunkigarrienetako batean. Eta ekitaldia bukatzeko, oholtza gainean beharrean behean jarri dira aurten senitarteko guztiak, ekitaldira joandako ehunka lagunak atzean zituztela haiekin denekin aitortzaren lorpena elkarbanatzeko argazkia ateratzeko. Dena den, aurtengoa ez da izango azken ekitaldia, Pasaiako segada argitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi baitute berriro gaur senideek, joan den asteazkeneko agerraldian esan zituztenak errepikatuz.

Aurretik, Anarik Edertasun arraroa eta Lagun izoztua abestu ditu, eta lau dantzarik Mikel Laboaren Izarren hautsa-ren bertsioarekin dantza egin dute.

Webgunea, laster

Ekitaldiakutzi ditu ale gehiago ere. Eusko Jaurlaritzaren aitortzaren lorpenari testuingurua erantsiz, atzera begira jarri nahi izan dute antolatzaileek, senideen eta lagunen etengabeko aldarrikapenek eta borrokak izandako oztopoak, trabak eta kolpeak gogora ekarriz.

Pasaian gertatutakoaren eta ondorengo lau hamarkadetan emandako pauso guztiak, informazio osoa eta dokumentazioa sarean jarriko ditu aurki Pasaiako Sarraskia Argituk. Izan ere, gaur aurreratu dutenez, laster izango da martxan prestatzen ari diren webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide