Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiak hiru lurraldeetako ogasunen irizpideak bateratzeko zerga erreforma jorratzen ari diren honetan, agerraldia egin zuten atzo EH Bilduren sei alkatek Donostian –lurralde bakoitzeko bik– eta udalen baliabideak bermatzeko zerga sistema egokia eskatu zuten.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hitz egin zuen guztien izenean, eta haren ondoan egon ziren Hernaniko (Gipuzkoa), Donemiliagako (Araba), Aguraingo (Araba), Zaldibarko (Bizkaia) eta Otxandioko (Bizkaia) alkateak.
"Erakundeen finantza nahikotasuna bermatuko" duen zerga sistema ezarri ezean, udalek "baliabide gabezia pairatu" dezaketela ohartarazi zuen Alkortak. Izan ere, aldundien iazko zerga bilketa aurreikusitakoa baino txikiagoa izan denez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek dirua itzuli beharko dutela ohartarazi dute koalizioaren udal ordezkariek, horrek udalen inbertsio ahalmenean eta ekonomia egoeran izango duen eraginarekin kezkatuta. Azpeitiaren adibidea eman zuen, hain zuzen, Alkortak. Udalak 450.000 euro gutxiago jasoko dituela aurreratu zuen alkateak atzoko agerraldian; kopuru hori zaintza zerbitzuetara bideratzen duten "aurrekontuaren erdia" dela nabarmendu zuen Alkortak, "horrek izan ditzakeen ondorio guztiekin".
2024rako egindako diru bilketa aurreikuspenak ez zirela beteko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren "urriko bilerarako aurreratu" zutela gogorarazi zuen Alkortak atzo. Foru ogasunek mutualistei itzuli behar izan dieten diruak eragin du "hein handi batean" foru aldundiek diru gutxiago bildu izana, baina Alkortak azadu zuenez, baita BEZ zergaren bidez aurreikusitakoa baino gutxiago bildu izanak ere. Azken horrek "bi egitate uzten ditu agerian", Azpeitiko alkatearen esanetan: "Batetik, aurreikuspenak egiterakoan zuhurtziaz aritzea komeni dela. Eta bestetik, udalok jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko dugula".
"Zailtasunak"
Foru ogasunek 2025erako egin duten diru bilketa aurreikuspena "aurrekoaren bide beretik" egin izanak udalen kezkak areagotu ditu, Alkortaren hitzetan. "Egungo testuingu ekonomiko nahasian", izan ere, galdera egin dute EH Bilduren alkateek: "Ba al dago nahiko oinarri 2025ean diru bilketa igo egingo dela aurreikusteko? 2024rako aurreikusitako %5eko igoera ez bada bete, nola bermatuko da 2025erako aurreikusitako igoera?".
Mundu mailako gorabeherak ikusita, EH Bilduren udal ordezkariak bat datoz "ezengorkotasunari aurre egin behar" zaiola defendatzen dutenekin, herri administrazioei dagokielako "herritarrei segurtasuna bermatzea". Ildo horretatik, "herritarrek administrazio publikorako duten lehen atea" eta "herritarrengandik gertuen dauden instituzioak" udalak direla nabarmendu zuen Alkortak. Udalak dira, halaber, "herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publiko nagusienen emaileak". Baina aldundiek diru gutxiago biltzearen ondorioz foru funtsetik jasotakoaren zati bat itzuli beharko dutenez, ematen dituzten zerbitzuei eusteko zein aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko udalek "zailtasunak" izatea gerta litekeela oharatazi zuen Alkortak, ondorioak pairatzen aurrenak herritar zaurgarrienak izango liratekeela gaineratuta.
Zerga erreforma "sakona"
EH Bilduren udalek, hala ere, eskaintzen dituzten zerbitzuak mantentzeko "konpromisoa" hartzen dutela adierazi zuen Alkortak, baina hori ahalbidetzeko, udalen finantziazioa "indartzeko" garaia iritsi dela iritzi dio Azpeitiko alkateak. "Udaloi finantza nahikotasuna bermatu behar zaigu, kalitatezko zerbitzuak eskaini ditzagun eta herritarrei bizitza duin bat berma diezaiegun".
Udalen finantziazioaren gorabeherek "agerian" uzten dute, Alkortaren ustez, "egungo zerga sistema aldatu beharra" dagoela: "Sortzen dugun aberastasuna eraginkorrago bildu behar dugu eta justuago banatu behar da, eta uneotan hizpide dugun zerga erreformak behar bezain sakona izan behar du".
Ekonomiaren ezegonkortasunari demografiaren bilakaera gehituta, "gizarte politiketan inbertsioa handitzea" beharrezkoa izango dela deritzote EH Bildun. Etxebizitza eskubidea bermatzea zein klima larrialdiaren edo digitalizazioaren erronkei "gizarte berdintasunez aurre egitea" dira, besteak beste, "herritarren segurtasuna bermatzea". Alkortaren hitzetan, "egungo testuinguruari eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko oinarriak orain jarri behar dira, eta oinarri horiek udal politikak ere barnebildu behar dituzte". "Ezengorkotasun garaiotan" herritarrei ziurtasuna eskaintzeko "ardura" beren gain hartzen dutela esan zuen Azpeitiko alkateak bere koaliziokideen izenean. "Udal politiken bidez bermatu" nahi dute EH Bildukoek herritarren ongizatea, eta politika horiek egin ahal izateko eskatu dute, hain zuzen, udalei "finantza nahikotasuna bermatzea".