Azpeitia eredu jarrita, gainontzeko udalei ere kanona ezartzeko deia egin die Itxasok

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 24a, 15:00

Denis Itxaso sailburua, Nagore Alkorta alkatea, Ander Larrañaga eta Joanes Amenabar zinegotziak eta Etxebizitza Bulegoko Iñaki Zabaleta, gaur goizean, Elizkalean. (Aitziber Arzallus)

Azpeitiko Udalak etxe hutsei kanona ezartzeko aukera baliatuko duela iragarri eta hilabetera, erantzunarekin gustura azaldu da Nagore Alkorta alkatea, "jendea gaiaz hitz egiten ari delako eta mugimendua antzematen delako". Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuarekin gaur goizean Basazabalen egindako agerraldian egin ditu adierazpen horiek. Bi erakundeek lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute, eta horren harira egin dute agerraldia.   

Etxebizitza babestuen eta zuzkidura bizitokien inguruko informazioa eta laguntza herritarrek eskurago izan ditzaten, lankidetzarako hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak, eta hitzarmen horren berri emateko agerraldia egin dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Denis Itxaso sailburuak gaur goizean, Basazabal jauregian. Akordioaren aitzakian egindako agerraldia, baina, etxebizitza hutsen gaineko kanonaz hitz egiteko baliatu dute biek ala biek. Azpeitiko Udalak duela hilabete aurkeztu zuen etxe hutsak alokairura ateratzeko plana, eta besteren artean, etxe hutsei kanona ezartzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Kanona ezartzeko aukera erabiliko duen lehena izateak ezinbestean hedabideetako titularretara eraman du Azpeitiko Udala, eta gaur, sailburuak zoriondu egin du Alkorta urratsa egiteko ausardia izateagatik; gainera, Azpeitia eredu jarrita, gauza bera egiteko deia egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko udalei ere.

Azken asteotan behin baino gehiagotan esandakoa errepikatuz hasi du hitzartzea Alkortak; alegia, helburua ez dela kanona ezartzea. Haren esanetan, etxebizitzak funtzio sozial bat bete behar du, eta hutsik dagoen etxe batek ez du betetzen funtzio hori. Bi urtez baino gehiagoz hutsik dauden etxeen jabeek etxe horiek merkatura ateratzeko hainbat aukera dituztela gogorarazi du alkateak, eta horietako bat bera ere ez baliatzea erabakitzen duten kasuan bakarrik ezarriko dutela kanona, azken aukera gisa.

Alkortak aitortu duenez, aspalditik zerabilten buruan kanona ezartzeko aukera, baina urratsa egitea pixka bat kostatu egin zaie, neurria iragartzerako gauza guztiak ondo lotuta izan nahi zituztelako. Baina asmoa jendaurrean azaldu eta hilabetera, gustura dago izaten ari den erantzunarekin, eta orain arteko balorazioa positiboa dela adierazi du, "jendea gaiaz hitz egiten ari delako eta mugimendua hasi delako". Gutuna jaso duten herritarrak ez ezik, jaso ez duten hainbat ere Etxebizitza Bulegora galdezka bertaratu direla esan zuen, eta horrez gain, badirela merkatu librera jo dutenak ere.

Sailburuak Azpeitiko Udalaren ausardia txalotzeaz gainera, babesa adierazi die erakundeari eta alkateari, "kanonaren kontuak ezinegona agian ez, baina eztabaida behintzat sortuko zuelako herrian". Hala ere, bide egokia Azpeitiko Udalak hartu duena dela nabarmendu du. "Erakundeok bermatu behar dugu konstituzioak eta etxebizitza legeak aitortzen duten etxebizitzarako eskubidea, etxebizitzaren funtzio sozial hori". Etxe hutsak izatea horren kontra doala adierazi du sailburuak, eta gainera, ez daukala inolako zentzurik; "etxe hutsak izateak ez dauka zentzurik inorentzat, ez etxerik ez dutenentzat, baina ezta etxejabeentzat ere".

Kanona ezartzearen kontuak sor lezakeen kezka bere garaian Ondasun Higiezinen gaineko Zergan errekargua ezartzeak sortu zuenarekin alderatu du Itxasok. "Udalak etxe hutsei errekarguak ezartzen hasi izanak ezatabaida piztu zuen hasieran, baina gaur egun ez dago udalik errekargurik ezartzen ez duenik. Kanonarekin ere gauza bera gertatuko da; norbaitek izan egin behar du aurrena, eta hori Azpeitia izan da". Zerga berri bat ezartzeak kontrako erreakzioak beti izaten dituela esan du sailburuak. "Kanona zerga bat da, eta horrek ez du irudi ona ematen herritarren artean, baina Nagorek esan duen moduan, helburua ez da kanona ezartzea. Etxejabeek aukera asko dituzte hutsik dituzten etxe horiek merkatura ateratzeko, eta hala eta guztiz ere etxea hutsik izatea erabakitzen badute, orduan ezarriko zaie kanona". Pizgarriak lehenetsi ditu, zigorren aurretik. "Gure apustua beti izan da pizgarriak ematea, zergetan esaterako, eta orain ere nahiago dugu pizgarriak ematea kanona ezartzea baino".

Sailburuak adierazi du datozen hilabeteotan adi jarraituko dituztela Azpeitiko datuak, batez ere Bizigunek zer bilakaera izaten duen herrian, kanona ezartzeko aukera mahai gainean jartzearen ondorioak neurtu ahal izateko.

Etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan errekargua ezartzearen eta kanona ezartzearen arteko aldeaz ere jardun dute sailburuak eta alkateak. Errekargua eta kanona bateragarriak izan daitezkeela azaldu du Alkortak, etxe huts bakar bati biak ezartzeko aukera onartzen duela legeak, baina zehaztu du Azpeitiko Udalak bat edo beste aplikatuko duela, eta ez biak batera. Errekargua automatikoki ezartzen den neurria dela dierazi du; kanona, ostera, sei hilabeteko prozedura administratibo baten ondotik ezarriko dutela, eta etxejabeak ere baduela zer esana. Itxasoren arabera, "oro har, kanona garestiagoa da", metro koadroko hamar euro; errekargua, berriz, normalean %50ekoa izaten dela zehaztu du sailburuak, nahiz eta %95era artekoa ere izan daitekeen. "Beraz, kasuan kasu aztertzekoa litzateke hori ere".

Lankidetza hitzarmena

Gaur Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saialk sinatu duten akordioari esker, Etxebide Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko izen emateak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango dituzte aurrerantzean, eta interesdunek esleipen prozesuetan parte hartzeko behar duten orientazioa jaso ahal izango dute. Sailburuak nabarmendu du beraien konpromisoa argia dela, "herritar orok etxebizitza duin bat izateko eskubidea gauzatzeko beharrezko informazioa eta baliabideak eskura izan ditzan bermatzea".

Hori horrela, hitzarmenarekin, "Azpeitiko Udala funtsezko aliatu bihurtzen da herritarrei arreta zuzena emateko, etxebizitza zerbitzuak gehien behar dutenengana hurbilduz", gaineratu du Itxasok. "Hitzarmenak, etxebizitza eskuratzea errazteaz gain, administrazioa herritarrengana hurbiltzen du, oztopoak desagerraraziz eta zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa bermatuz". Sailburuak onartu du, "etxebizitzen merkatuak tentsionamendu handia duen testuinguru batean", horrelako akordioak "funtsezkoak" direla "erantzun arinak eta eraginkorrak emateko, udal errealitatetik abiatuta".

Azpeitian Etxebizitza Bulegoak ematen du zerbitzu hori, eta gaur, Basazabal jauregikoak bukatu dituztenean, han nola lan egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera izan dute Alkortak eta Itxasok, besteak beste. Ondoren, Elizkalera joan dira, han udalak abian dituen lanak ikustera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide