Azpeitia garaile, Euskadi Irratiak sustatutako mendi erronkan

Andoni Elduaien eta Ihintza Elustondo 2024ko urr. 13a, 10:01

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioa Azpeitiko plazatik egin zuten atzo, eta hainbat kirol hitzordu izan ziren arratsaldean. Azkoitia-Azpeitia mendi demak piztu zuen txinparta gehien, baina bestelako saioak eta omenaldiak ere izan ziren.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioa Azpeitiko plazatik egin zuten atzo, eta saioa osatzeko, hainbat kirol hitzordu izan ziren 16:00etatik 20:00etara. Txinparta gehien Azkoitia-Azpeitia mendi demak piztu zuen. Joxe Apalantza errezildarrak duela 32 urte egindako marka gogoan, Azpeitiko plazatik Xoxotera joan-etorria egin zuten bi herrietako taldeek.

1992an, Apalantzak 00.45.09 denboran egin zuen Xoxotera joan-etorria, Oranda artzainaren 50 minutuko marka hobetuz. Inork ez du haren denbora hobetu ordutik, eta horregatik, Apalantzari keinu egin zioten. Unai Zialtzeta kapitain zutela, Azpeitiko taldea osatu zuten Naroa Uriak, Eneritz Aramendik, Ibai Angulok eta Peio Ziarsolok. Joseba Diazen aginduetara Azkoitia ordezkatu zuten, bestalde, Mari Carmen Seijasek, Aner Gesalagak, Iñaki Azkoitiak eta Ainhoa Sanzek. Azkenean, Azpeitiko taldea izan zen nagusi, baina taldea osatu zuten kirolari denen artean ere ez zuten lortu Apalantzak duela 32 urte jarritako marka hobetzerik. Apalantzak ondutako errekorra "ikaragarria" dela argi gelditu zela nabarmendu zuten, eta, beraz, zaila izango dela hobetzea. Dena den, "saltsa polita" izan zela adierazi zuten kirolariek.

Pilota, harri jasotzea eta aizkora

Mendiaz gain, pilota, harri jasotzea eta aizkolaritza ere izan ziren atzoko hitzorduan. Pilota partida tenis estilora jokatu zuten plazan; Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olazabal aritu ziren batetik, eta bestetik, Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarte.

Aizkoran, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño izan ziren aurrez aurre. Aizkolariek ahalik eta kolpe gutxien emanda enbor bana moztu behar izan zuten, eta, gainera, kazetari bana izan zuten haiek laguntzaile.

Harri jasotzen, bestalde, Izeta eta Ostolaza harri eskoletako kideek lau bikote mistotan banatuta jardun zuten: Zumeta-Azpiazu, Gesalaga-Izeta IV.a, Etxebeste-Royo eta Esnaola-Garmendia. Bikote bakoitzak bi minutu izan zituen ahalik eta kilo gehien jasotzeko.

Era berean, omenaldiak ere izan ziren atzokoan: Nuarbeko sokatiralariek aitortza jaso jaso zuten plazako kioskoan, baita Maialen Chorraut piraguista eta txapeldun olinpikoak ere. Horiez gain, beste hainbat kirolari ere izan ziren Azpeitian.

Plazara atera ziren Euskadi Irratiko esatariak, eta pixkana-pixkanaka, herritar ugari elkartu ziren plazaren bueltan. Mendian ere jende ugari izan zen erronka bertatik bertara jarraitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide