Haizete baten ondorioz Done Jakue kaleko Gernikako arbola erori zen iaz, eta zabalgune libre bat geratu zen Frontoi Txiki ondoan. Eremu hori Alde Zaharreko bizilagunentzat topaleku eroso batean bilakatu nahi du udalak. Horretarako, esperientzia pilotu bat jarri du abian, Hiritik At eta OinHerriren laguntzarekin.
Bi berezitasun izango ditu prozesuak: batetik, Azpeitiko Udaleko sail ezberdinen arteko lankidetza izango du oinarri; eta bestetik, parte hartzeko bestelako metodologia bat sustatzeko ahalegina egingo dute.
Prozesuan parte hartzen ari dira Parekidetasun saileko, Emakumeen Txokoko, Hezkuntza saileko, Hirigintzako, Gazteriako, Udaltzaingoko eta Ekoetxeko teknikariak; Oinherriko eta Hiritik At-eko ordezkariak; eta udal zinegotziak. Horiek gaur egin dute prozesuaren aurkezpena, eta elkarrekin, herri hezitzaileen proiektuak irudikatzen dituen koloretako aterkiekin atera dute argazkia, Azpeitia herri hezitzaileen sareko kide delako, eta eremuaren eraldaketak ere bat egiten duelako herri hezitzaileen balioekin.
Ander Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Frontoi Txiki ondoan sortu den aukera baliatu nahi du udalak espazio publikoa herritarrekin berreraikitzeko, hirigintza eredu “hezitzaileago” batekin. "Alde Zaharrari arnasgune bat eskainiko dion zabalgune bat diseinatzea da helburu nagusia, eragileen arteko lankidetzan oinarrituta", gaineratu du.
Udaleko sailen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, aldiz, Edurne Korta Hezkuntza teknikariak. “Herri hezitzaile baten lanketak sailen arteko elkarlana eskatzen du, baita hirigintza proiektuetan ere, eta elkarrekin arituko gara udaleko hainbat sailetako lankideok”. Zehaztu du, antolaketa horrekin, “modu egokiagoan” erantzun nahi dietela hirigintza proiektuei.
"Bestelako ahotsen beharrak"
Udaberrian ekin zion prozesu honen lanketari udalak. Foro bat osatu eta espazioaren informazioa bildu zuten aurrena, eta parte hartze prozesuaren diseinuari ekin zioten gero, Hiritik At eta OinHerriren laguntzarekin. "Proiektu berritzailea da, parte hartzearen bidez bestelako ahots batzuen beharrak nola jaso ditzakegun pentsatu dugulako elkarrekin", adierazi du Maite Azpiazu OinHerriko kideak. Orain, diseinatutakoa praktikan jartzeko unea izango da udazkena, eta balorazio bat egingo dute gero, zertan asmatu duten identifikatzeko eta parte hartzeko metodologia ezberdin bat sistematizatzeko.
Parte hartze prozesuaren faseak
- Aurreneko fasea: urriaren 28tik azaroaren 1erako astea.
Lehentasunezko herritar taldeen beharrak jasotzeko parte hartze saioak egingo dituzte eremuan bertan, bakoitzaren erritmo eta ezaugarrietara egokitzen diren metodologien bidez. Haurrak, nerabeak, emakume atzerritarrak, zaintzaileak, aniztasun funtzionala dutenak eta Alde Zaharreko bizilagunak izango dira lehentasunezko herritar talde horiek.
Jada espazio hori erabiltzen duten eragileekin elkarrizketak egingo dituzte, eremua zertarako eta zenbatetan erabiltzen duten jakiteko, eta erabiltzeko dituzten behar espazialak jasotzeko. Ondorengo eragileekin egin nahi dute lanketa: Ilunpe pilota elkartea, Zezen Beltz, Elkar Ekin, Bertan, Jauzika, Baigera, Atzegi, Gautena, Marea Urdina, Goienetxe, Osamen eta Once.
- Bigarren fasea.
Behin aurreneko faseko ekarpenak aztertuta, proposamen espazial bat osatuko du lan taldeak, eta berriro elkartuko dira aurreko faseko partaideekin, ekarpen berriak jasotzeko.
- Hirugarren fasea: abenduak 18.
Parte hartze prozesuan parte hartu duten herritar talde zein eragile guztiekin batera deboluzio saio bat egingo dute, eraldaketa espaziala aurkezteko eta prozesua baloratzeko.
Hiru fase horien ostean erabakiko dute Frontoi Txikitik umeen parkera bitarteko eremu horretan zehazki zer eta nola egingo duten. Udalak aurreratu duenez, gutxi gorabehera 200.000 euro bideratuko dituzte proiektu berria egitera.