Uztailaren 26an eta 28an jarriko dituzte salgai saninazioetako herri bazkarirako txartelak

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 24a, 15:59

Herri bazkariko artxibo irudia. (Maialen Etxaniz)

Ostiralean, hilak 26, eta igandean, hilak 28, jarriko ditu Haujijijaik salgai uztailaren 30eko herri bazkarirako sarrerak. Txartelak ez ezik, salgai jarriko dituzte kamisetak nahiz zapi arrosak. 

Haujijijai festa batzordeak uztailaren 26an eta 28an jarriko ditu salgai uztailaren 30eko herri bazkarirako txartelak. Hain zuzen, ostiralean, hilaren 26an, 11:00etatik 13:30era nahiz 17:00etatik 19:00etara jarriko dute sarrerak saltzeko postutxoa plazako arkupeetan. Igandean, hilak 28, arratsaldez soilik salduko dituzte txartelak, 17:30etik 20:30era. 

Bazkaritarako txartelak ez ezik, kamisetak eta zapiak ere salduko dituzte Haujijijaiko kideek. Prezioei dagokienez, herri bazkarirako txartelak hamar euro balioko du, kamisetak bost euro eta zapiak hiru euro.

Kuadrillen arteko olinpiadak

Aurten, aurrenekoz, kuadrillen arteko olinpiadak antolatu ditu Haujijijaik. Abuztuaren 1ean egingo dituzte olinpiadak, 18:00etan, Frontoi Txikin. Bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, eta horretarako epea ireki dute. Plazan jarriko duten mahaian egongo da izena emateko aukera, baita Haginpe tabernan eta festa batzordearen sare sozialetan ere. 

Haujijijaik jakinarazi duenez, sailkapen faseetan banatuko dira olinpiadak. Hainbat proba egingo dituzte, eta kanporaketak igarota, finalaurrekoa eta finala jokatuko dituzte. 

Ostiralean, auzolana

Herri bazkarirako sarrerak saltzeaz gain, auzolana ere egingo dute ostiralean. Hori dela eta, deialdi irekia egin dute 10:00etarako, saninazioetako azken prestaketak borobiltzeko. Plazan jarri dute hitzordua, eta Haujijijaik azaldu duenez, hurrengo egunetarako materiala prestatzeaz gain, plazan jarri ohi duten txosnarako muntaketa eta prestaketa lanak egingo dituzte, besteak beste. Aurten, plazako txosnak leku berria izango du, eta lehen eszenatokia jartzen den lekuan jarriko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide