Zubizarren sortutako doinuen eta musikarien festa bueltan da

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 17a, 11:13

Bost urteko etenaren ostean, Zubizar Fest jaialdia egingo dute uztailaren 24an. Azpeitiko musikari askoren entsegu lekua da Zubizar. Herriko lau talde igoko dira oholtzara, eta barran ateratako dirua Zubizarreko entsegu gelak berritzeko eta egokitzeko erabiliko dute. 

Azpeitiko musikarientzat leku berezia da Zubizar, urte luzez talde askoren entsegu tokia izan baita. Bertan elkartu izan dira askotariko musika taldeak belaunaldiz belaunaldi, eta gaur egun bizirik jarraitzen du guneak. Horren erakusle da uztailaren 24an egingo dute jaia; izan ere, bost urteko etenaren ostean, bueltan da Zubizar Fest, Zubizarreko musika taldeek eta musikazaleek antolatutako jaialdia.

2019an egin zuten jaialdia azkenekoz. 2020an antolakuntza lanak hasi zituzten eta ia dena prest zuten arren, pandemia tarteko, ezin izan zuten festa egin; besteak beste, baimen kontuek oztopatu zuten jaialdia. Orain, «indartsu eta gogotsu» daudela ikusita, jaialdia berreskuratzea erabaki dute uneotan Zubizarren ibiltzen diren hainbat musikarik eta musikazalek. Hori dela eta, punk eta oi! doinuak izango dira protagonistak hilaren 24an, Zubizarren. "Azken edizioaren antzeko egitaraua" prestatu dute aurtengorako, baina azken aldi hartan ez bezala, aurtengoan talde guztiak Azpeitikoak izango dira. Hain zuzen, oholtzara igoko dira  BOL Baserriko Ollaxkue Labien, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk musika taldeak. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, eta doakoak izango dira. 

Herriko taldeak elkartuta

Azpeitiko taldeei plaza emateko hautua egin dute aurtengo edizioan, eta belaunaldi desberdinetako musikariak elkartuko dituzte oholtza bakarrean; izan ere, talde gazteen doinu berriak ez ezik, 2000ko hamarkada hasierako punk zein oi! doinuak entzuteko aukera ere izango da Zubizar Festen. 

BOL taldeak abesti berriak eskainiko dituela aurreratu dute antolatzaileek: «2013az geroztik Baserriko Ollaxkue Labien izenpean bi disko argitaratu eta taldekide aldaketaren bat egin ostean, BOL izen laburtuarekin eskainiko dute kontzertua sorterrian, lau urteren ostean. Duela gutxi grabatutako abesti berriak zein bertsioren batzuk joko dituzte».

Jipoituak 2023an sortutako taldea da, eta streetpunk doinuak eramango ditu oholtzara. Duela gutxi kaleratu dute lehen maketa, eta sarean entzungai dago. Lan horretan bildutako abestiak eskainiko dituzte Zubizarreko emanaldian, besteak beste.

Labankada taldea ere 2023an sortu zen. Hainbat izan dira Jipoituak eta Labankadak taldeek elkarrekin eman dituzten zuzenekoak, eta oraingoan ere oholtza elkarbanatuko dute. Labankadako gazteek punk eta oi! doinuak eramango dituzte uztailaren 24ko jaialdira.

Z.Z. Punk taldea aurrenekoz ariko da jendaurrean. Paso De Ti, Sin Oficio Ni Beneficio, Urola Terror, BOL edo Arroite taldeetan ibilitako lagunak batu dira Z.Z Punk taldean, eta azaldu dutenez, «2000ko hamarkada hasieran herrian izan zen punk zein oi! musikari omenaldia» egin asmoz igoko dira aurrenekoz oholtzara.

Zubizar, bizi berri

Hainbat dira astero Zubizarrera bertaratzen diren musika taldeak, eta jaiarekin Zubizar bizirik dagoela ikusarazi nahi dute: "Gaur egun martxan dagoela eta jendeak erabil dezakeen espazioa dela erakutsi nahi dugu". Era berean, jakinarazi dute, jendeak erabili ahal izateko espazioa hobetzeko lanak egin nahi dituztela. "Asmoa da espazioa erabilgarriago izan dadin hainbat txukunketa lan eta obra egitea, eta horretarako baliatuko dugu jaialdiarekin lortutako dirua, dauden gelak txukuntzeko eta gela berri bat egokitzeko, material berriarekin. Modu horretan, jende gehiagorengana iristea eta talde berriei ateak zabaltzea nahi dugu". 

Egunean bertan, barraz aparte, hainbat material erosteko aukera izango da, tartean, musika taldeen merchandising-a. 

Eguraldiaren iragarpenak baldintza dezake jaialdia, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, "oraingoz" eguraldi ona dago emanda egun horretarako, eta esperantza horrekin daude: "Eguraldi txarra egingo balu, inprobisatuko dugu zerbait".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide