"Bagarela eta bagabiltzala adierazteko modu bat da azoka"

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 16a, 08:45

Dinagu kolektiboak antolatuta, emakume sortzaileen Nomadak gaitun! azoka izango da igandean Azpeitian. Azoka Plazan izango da egitasmoa 10:30etik 19:30era bitartean.

Ilazki Lili (Azpeitia, 1987) eta Maider Gaztelumendi (Donostia, 1993) Dinagu kolektiboko kideak dira, eta horiek igandeko azokaren antolaketan dabiltza buru-belarri azken asteetan.

Zer dela-eta jarri diozue azokari Nomadak gaitun! izena?

Ilazki Lili: Nomada hitzaren bidez gure izaera ibiltariari egin nahi genion erreferentzia. Azoka, pop up espazio eta antzeko erakusleihoetan mugitzen garen sortzaileen sektorea gara, beti ibilian dabilena. Bestalde, gaitun hitzak gure izateari egiten dio erreferentzia. Azoka hauek elkarlanean antolatu ditugun erakusleihoak izango dira; herritarrei Euskal Herrian modaren zein irudigintzaren arloan modu jasangarrian sortutako produktu eskaintza zabal bat badagoela erakusteko bitarteko bat. Bagarela eta bagabiltzala adierazteko modu bat da.

Emakume sortzaileen topalekua izango da egitasmoa, ezta?

Maider Gaztelumendi: Esparru desberdinetan gabiltzan emakume sortzaileon topalekua sortzea da helburuetako bat, bai sortzaileok saretzeko, baita kontsumitzaileek gu ezagutzeko ere.

Lehen azoka Azpeitian izango da. Zergatik?

I. L.: Herriak eskaintzen dituen azpiegiturak dira Azpeitian abiatzeko arrazoi nagusietako bat. Azoka Plaza herriaren erdigunean dago, eta aukera ederrak eskaintzen ditu kalitatezko azoka antolatu ahal izateko. Argi genuen emakumeen kolektibo ezberdinekin elkarlana sustatu nahi genuela, eta horretarako ere baldintza egokiak eskaintzen zizkigun herriak.

Zein da proiektuaren sorburua?

M.G.: Euskal Herrian sorkuntzan aritzen garen emakumeok elkar ezagutzea eta saretzea da helburua. Gainera, lan egiteko edota egiten duguna ikustarazteko ditugun beharrak bultzatuta sortu da mugimendua.

Dinagu sortu zenutenetik, zer bide egin duzue?

I. L.: Azoka batean parte hartzeko sortu genuen proiektua lau emakumek, eta modu naturalean hasi zen forma hartzen. Kolektiboak indartzen gintuela sentitzen genuen: bakartiak ziren gure proiektuak, eta ikusi genuen uztargarriak zirela aurrera bidea egiteko; izan ere, elkarrekin ahalduntzen ginen, elkarren babesa ginen eta merkatuan elkarrekin espazio bat bilatzea errazagoa zen. KoopFabrikarekin proiektu bat garatu genuen, emakume sortzaileak saretzea helburu zuena. Modaren eta irudigintzaren esparruan Euskal Herrian aurkitu daitekenaren erakusleiho izan nahi genuen.

Elkarlana al da sortzaile batek aurrera egiteko behar duen hanketako bat?

M.G.: Sortzaile eta proiektu bakoitza mundu bat da, baina elkarren beharra dugu, elkarrekin aberatsago egiten zaigulako bidea. Kolektiboa indargune moduan bizi dugu. Merkatuan proiektu txikiekin eta jasangarriekin ditugun zailtasunak berberak direla badakigu. Egungo kontsumo eredua aldatzeko bidea eta kontzientziazio lana elkarrekin egin beharreko zerbait direla uste dugu; elkarren babesa gara, ez konpetentzia.

Artisau mugimendua osasuntsu al dago Euskal Herrian?

I.L.: Egungo kontsumo joerak aldatzeko lana egitea tokatzen da. Sortzaileak eta kontsumitzaileak, pixkanaka bada ere, pausoak ematen ari gara. Landu beharrekoari begira bi hutsune aipatuko nituzke: batetik, beste kolektibo askok egin duten moduan, modan zein irudigintzan bertan ekoiztutakoa erosteko kontzientziazio lana egitea eta horiekiko interesa pizteko beharra; eta bestetik, euskal herritarrei arlo horietan sortzen denaren inguruko informazioa eskura jartzeko beharra. Horretarako sortu dugu Nomadak gaitun! azoka ibiltaria: proiektu txikiak eta jasangarriak guztion artean ikusgarriago egiteko eta herritarrek kalitatezko sormen lanak aurrez aurreko tratu bidez ezagutzeko aukera izateko.

Kontsumo eredua aldatzea duzue ardatz. Posible al da?

M.G.: Interneteko erosketak edo salmentak ohikoak dira, eta guk ere hala saltzen dugu askotan. Salmenta kanal horri begira, baina, ahalik eta modu jasangarrienean lan egiten saiatzen gara, eta hori da balioa ematen dioguna: nork egin duen, nori eta zer baldintzatan ari garen ordaintzen. Salmenta kanala garrantzitsua da noski, baina erosketa amaitzeko klik hori egin aurretik geure buruari hiru galdera horiek egingo bagenizkio... Egia da Internetez erosteko baliabideak moda azkarraren oso lagun egin direla; adibidez, bost egunetan izan dezakezu etxean Txinatik "merke" erositako produktuak. Baina zeren truke? Noraino egiten da norbera egungo ekoizpenaren eta kontsumo ohituren arduradun? Eta nor ohitura horiek dakartzaten kalteen arduradun?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide