Jose Luis Larrañaga: "Krisi honen ondorioz, gauza eta egiteko modu berriak ikasiko ditugu"

Nerea Uranga 2020ko abe. 9a, 10:31

Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzailea da azkoitiarra. 1970eko hamarkadaren erdian ekin zion enpresa proiektu horri Estanis eta Nemesio Iriarte anaiekin batera. Joxe Mari Korta sarietako bat jaso zuen joan den azaroaren 23an.

Jesus Gibelaldek, Antton Sukiak, Jose Mari Bergaretxek eta Jose Luis Larrañagak (Azkoitia, 1946) jaso dituzte aurtengo Korta sariak. Joxe Mari Korta enpresari zumaiarra zenaren omenez 2000. urtetik urtero ematen dituzte sariak Kortaren Bidetik Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Larrañaga Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaileetako bat da, eta Sarralletik sortutako Litaphar Laborategietako kontseilaria eta presidentea ere bada.

Galdaragintzako eta altzari metalikoak ekoizteko proiektuarekin abiatu zuten Sarralle enpresa 70eko hamarkadaren erdialdean Larrañagak eta Nemesio eta Estanis Iriarte anaiek. Gaur egun, berriz, bost negozio lerro ditu Sarralle Taldeak: altzairutegiko eta laminazioko instalazioak, elaborazio ildoak, ingurumena eta energia, altzari metalikoak eta biltegi sistemak.

Korta sarietako bat jaso zenuen joan den azaroaren 23an. Gustura?

Bai, oso gustura. Hunkituta nago, eta asko eskertzen diet Korta familiari eta Bidetik Fundazioari.

Sarituetako bat zinela jakitean, nola erreakzionatu zenuen?

Sorpresa handiarekin jaso nuen berria. Ohore bat da Euskal Herrian hain eredugarria den sari hau jasotzea. Joxe Mari Korta Gipuzkoako eta Euskadiko enpresariontzako eta euskal gizartearentzako erreferente bat izan zen, eta egun ere hala izaten jarraitzen du. Beraz, oso gustura nago Korta sendiak eta Bidetik Fundazioak nigan jarri duten konfiantzagatik. Joxe Mari [Korta] gaztetan ezagutu nuen, ikasten ari ginen garaian. Ondoren, bakoitzak bere aldetik enpresa eta familia aurrera ateratzeko lan asko egin genuen. Beraz, horregatik guztiagatik, niretzat oso berezia izan da sari hau jasotzea.

Enpresa munduan hasterako, nondik norakoa izan zen zure bidea?

16 urtera arteko ikasketak Donostian egin nituen, eta urte haietan ezagutu nuen Joxe Mari Korta. Ondoren, Azkoitira itzuli nintzenean, nire ikasketekin jarraitu nuen, eta aldi berean, lana egiten nuen.

Sarrallen hasi aurretik beste enpresaren batean ibili al zinen?

Bai, ibilbide profesionalean garai desberdinak izan ditut. Hasierako urteak kooperatiba munduan egin nituen: lan egiten nuen enpresaren itxiera eta kooperatiba baten birmoldaketa bizi izan nituen orduan. Haiek izan ziren enpresa munduan nire lehen urteak, eta nire ezagutza profesionalean lehen pausoak.

Sarralle Taldearen bazkide fundatzailea zara. Nola gogoratzen duzu Sarralleren sorrera?

Kooperatiba munduan lan egin ondoren, 1973. urtean, bi pertsona garrantzitsurekin egin nuen topo: Estanis eta Nemesio Iriarte azpeitiarrekin, Sarralle anaiekin. Tradizioz enpresa sortzaileak izan ziren haiek, ordurako galdaragintzan hamabi urte zeramatzaten, eta proiektu berri bati eman nahi zioten forma. Garai hartan, bertako bezeroentzat egiten zuten lana, eta gure mugez haratago iristea zuten helburua.

Hala, proiektu berria jarri zenuten martxan.

Ideia berriekin eta lanerako izugarrizko grinarekin proiektu berria lantzen jardun genuen hiru urtez: alde batetik, galdaragintzari, eta bestetik, altzari metalikoen dibisioei forma emanez. 1976. urtean erregistratu genuen egun Sarralle izenarekin ezagutzen dugun enpresa, eta orduan jarri ahal izan genuen jarduera abian Azpeitian. Gure produktua eta zerbitzuak urrunagoko lurraldeetara eramateko ilusioarekin heldu genion proiektu berri hari.

Zein zen orduko Azpeitiko industriaren testuingurua?

Garai hartan, Azpeitian egurraren sektorean lan egiten zuten enpresa gehienek, eta metalaren industriaren jarduera gehitzen ari zen urtez urte.

Egun, Sarrallek 120 milioi euro fakturatzen ditu eta 500 langiletik gora ditu, Euskal Herrian ez ezik, munduko beste zazpi herrialdetan banatuta (India, Txina, Mexiko, AEB, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak eta Italia). Bada zerbait, ezta?

Bai, hainbeste lan egin genuen galdaragintza enpresa hura, denboraren poderioz, enpresa handi bat bihurtu da. Azpeitian kokatuta jarraitzen du enpresak, eta inguruarekin eta langileriarekin konpromiso indartsua dugu. Proiektuaren hasieran bezala, ordea, gure helburuek eta grinak mugarik ez dute; hau da Euskal Herrira eta atzerrira begira jarraitzen dugu, filosofia hori ez da aldatu.

Atzera begiratzen dudanean, lortu dugun guztia ikusita izugarrizko poza sentitzen dut, eta daukagun lantaldeaz harro sentitzen naiz. Hori guztia nire enpresako bazkide Estanis eta Nemesio Iriarte anaiekin batera egindako lanaren ondorioa da, eta orain daukaguna hiru bazkideok amestu genuen proiektuaren fruitua da.

Hau guztia ez litzateke posible izango Sarralle Taldea osatzen duten pertsona guztien laguntzarik gabe; hori garbi azaldu nahi dut. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiet egungo Sarralleko zuzendaritzari, haren buru den Elias Gonzalezi eta taldea osatzen duten 500 langileei, Sarralle aurrera ateratzeko egunero egiten duten lanagatik.

Jose Luis Larrañaga, Korta saria jasotzen. (Irekia)

Sektore desberdinetan aritzen den enpresa taldea da Sarralle, eta, gaur egun, jardun horietarako bost negozio lerro ditu. Zergatik adar horien guztien sorrera?

Sarralle sortu genuenetik bertatik gure filosofia bezeroei ahalik eta produktu eta zerbitzu onenak eskaintzea izan da. Ondorioz, eskaini genezakeen zerbitzua handitzeko lan egin dugu urte hauetan guztietan. Hasieran, gure jarduera fabrikazioan oinarrituta zegoen, eta Alemaniako ingeniaritza ezagun baten teknologia genuen eskura.

Sarrallek aurrera egiteko eta etorkizun hobea izateko, garbi ikusi genuen fabrikatzeaz gain, gure teknologia propioa izan behar genuela. Horregatik guztiagatik, gure ingeniaritza osatu genuen: 1996. urtetik aurrera, makinak eta azpiegiturak gure teknologiarekin diseinatu ditugu.

Ingeniaritzan izan dugun garapenaz gainera, urte hauetan guztietan, produktua bera ere dibertsifikatu egin dugu, filosofia bera jarraituz; hau da, merkatuan indar gehiago hartu eta etorkizun hobe baten bila joan gara. Horren ondorioz, urte hauetan negozio lerro berriak zabaltzen joan gara; pixkanaka-pixkanaka, produktu berriak diseinatzen eta ekoizten hasi gara, bezeroei behar dutena osotasunean eskaini ahal izateko.

Ondorioz, gaur egun, bost begozio lerro horietan, eta siderometalurgiaren, energiaren eta ingurumenaren sektoreetan, bezeroen beharretara moldatutako EPC (Engineering, Procurement and Construction) proiektuak eskaintzeko ahalmena daukagu. Horrek esan nahi du ingeniaritza, diseinua, fabrikazioa, logistika, obra zibila, muntaia eta martxan jartzea Sarralle Taldeak egiten dituela.

Zuzendaritza postuetan emakumeen jarduna bultzatzeko, Sarralle Grow beka ere sortuta duzue.

Bai. Orain dela bi urte Sarralleko zuzendaritzak beharrezkoa ikusi zuen emakumeen jarduna bultzatzea, enpresako postu batzuetan zegoen emakumeen ordezkaritza txikia kontuan hartuta. Sarralle ingeniaritza bat bihurtu da, eta lanpostuetarako kontratazio gehienak izan ditugu ingeniaritzan, proiektuen kudeaketan eta zuzendaritza postuetan. Emakumeen kopurua oso murritza izan da; guk nahi baino askoz txikiagoa.

Badakigu egoera zaila dela, eta zenbait ikasketa eta lanpostu ez direla oso erakargarriak gaur egun. Guk, baina, gure etorkizunerako emakumeak ere behar ditugu enpresako postu desberdinetan. Beraz, enpresa gisa, eta gizarteko parte garen heinean, gure erantzukizuna da ikasketa eta lanpostu horiek erakargarri egitea. Horregatik, beste ekintza batzuen artean, bekaren ideia bururatu zitzaigun. Horren bidez, ikasketak ordaintzeko laguntza ekonomikoa ematen da eta gure lantokiko ateak irekitzen ditugu bertan praktikak egin ahal izateko.

Bigarren urtea da beka eskaini dugula, eta momentuz lau emakume ditugu bekadun. Hurrengo urteetan ere ekintza horren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.

Botikagintzarako sortutako Azpeitiko Litaphar Laborategien kontseilaria eta presidentea ere bazara. Nondik nora sortu zitzaizuen enpresa hori martxan jartzeko ideia?

2000. urtearen inguruan botika generikoak merkaturatzerko baimena zabaldu zen, eta momentu hartan sektore horretan sartzea aukera ona zela ikusarazi zigun Donostiako Unibertsitate Publikoko Kimika arloak. Haien laguntzarekin ireki zen Litaphar enpresa Sarralle Taldearen barruan, botika generikoak komerzializatzen hasteko.
Urte gutxi barru ikusi genuen, baina, merkaturatze hori ez zela nahikoa edo interesgarria fabrikaziorik gabe. Horren ondorioz eta urte hauetan hartutako ezagutzaren bidez, gure jarduera sendagai berrien garapenetik eta ikerketatik bideratzea erabaki genuen.

Eta, gaur egun, zein da Litapharren egitekoa?

Gaur egun, Litaphar enpresa Sarralle Taldetik kanpo dagoen enpresa bat da. Bere zeregina, bereziki, ginekologiara eta emakumearen osasun integralera zuzendutako sendagai berrien ikerketan eta garapenean datza.

Krisi ekonomiko bat baino gehiago ezagutuko zituen Sarralle enpresa taldeak bere ibilbidean zehar. Gaur egungoa, baina, osasun krisi batek eragindako mundu mailako krisia da. Nola bizi du krisi hau Sarrallek?

Enpresa gisa egoera honek hazkunde prozesu batean harrapatu gaitu, eta krisiaren ondorioz, martxan zeuden eskaerak eta proiektuak moteldu egin dira kasu batzuetan, eta besteetan atzeratu.

Horrez gain, gure bezeroen inbertsio planak ere egoera honen ondorioz gelditu edo moteldu egin dira, eta horrek aurrera begira ezjakintasuna eta ziurgabetasuna sortzen dizkigu.

Egoera honi aurre egiteko lanean ari gara enpresan, eta nahiz eta hurrengo hilabeteak ez diren errazak izango, osasun arloan ematen ari diren pausoak beren fruituak ekarriko dituztela uste dut.

Egoera honetatik gizarteak zerbait ikasiko duelakoan al zaude?

Krisi guztietatik ikasten dugu, eta krisi honetatik ere gauza berriak eta egiteko modu berriak ikasiko ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide