Sed quia sua liburua aurkeztu zenuen Euskararen Nazioarteko Egunean. Euskararen inguruko gogoeta bat al da liburua?
Ikaragarri zaila egiten zait liburua aurkeztea. Euskararen inguruko gogoeta? Bai eta ez. Nondik sortu da liburua? Jorge Oteizaren Quousque Tandem baliatu dut oinarri gisa. Garai batean, oso erreferentziala izan zen lan hori, eta konturatu naiz egun jendeak ez duela ezagutzen Oteiza: jendeak izena entzun du, baina hortik aurrera ezer ere ez daki hari buruz, Arte Ederretako batzuek eta beste zenbait frikik izan ezik. Quousque Tandem garai batean sekulakoa izan zen, eta gaur egun jendeak ez daki zer den. Oteizak, liburu horretan, egin zuen sekulako pelikula, harrietatik abiatuta. Orduan, nik antzeko zerbait egin dut, hizkuntzatik abiatuta. Deskribasmatzen dut pelikula bat, berreraikitzen dut eta berrasmatzen dut euskal gogo jatorrizko bat. Hark asmatu zuen bezala harrietatik, nik asmatzen dut hizkuntzatik.
Zer esan nahi du izenburuak?
Liburuaren egiturak Quousque Tandem imitatzen du: azaleko argazkiak, izenburuak... Oteizak latinezko esaldi bat baliatu zuen izenburu gisa, eta horregatik aukeratu dut nik ere latinezko esaera bat: Sed quia sua. Zera esan nahi du: baizik eta berea delako. Paralelismo hori gorde nahi da. Hori da gutxi gorabehera planteamendua, oso planteamendu arraroa; neu esaten ari naizela konturatzen naiz hala dela. Zergatik hau? Ba ez dakit.
Izenburu nagusiaz gain, gazteentzako eta helduentzako titular ezberdinak pentsatu dituzu.
Quousque Tandem euskaratik da berez izenburua, baina horrek gazte bati ez dio ezer esaten. Orduan, gauzak eguneratuz bezala, pentsatu dut beste titular bat, gazteentzat: euskara dekoloniala berraurkitzea edo birsortzea. Orain dekolonialtasun hitza gora eta behera dabil; feminismo dekoloniala eta abar. Hitz hori sartu nahi nuen, agian belarria jarriko diolako orain dekolonialtasun horren gorabeheran dabilen jendeak.
Zergatik Oteiza? Zergatik Quousque Tandem?
Oteiza mundu osoan ezaguna zen artista bat izan zen. Ibilbidea bukatu zuenean, Euskal Herriko historiaurreko artea eta berak pertsonalki egindako ibilbide artistikoa bat eginda zeudela ikusi zuen, eta berak lortu zuena orain dela milaka urte eginda zegoela uste izan zuen. Eta hortik ateratzen du, hustasun zera horretatik, euskal izaera bat edo. Eta nik atera dut hizkuntzatik ez dakit zer; ez dakit ezta izaera bat den ere. Hizkuntza batean nahiz bestean, gizakiok gauzak esaten ditugu. Baina hizkuntzak berak, inork hitz egin gabe, zerbait esaten al du? Liburua da saio bat hizkuntzak berak zerbait esaten al duen antzemateko.
Zuk uste duzu hizkuntzak bere aldetik zerbait esaten duela?
Ez dakit, baina hala balitz bezala idatzi dut liburua. Iruditzen zait literaturarentzat filologikoegia dela liburuan jaso dudana, eta filologoentzat poetiko-metafisiko-zoroegia. Gauza xelebre bat da. Ez nuen uste argitaratuko zenik; beno, esperantza pixka bat baneukan, baina xelebrea da... Idazten hasi nintzenean ez neukan batere argi argitaratuko zen ala ez. Ulertuko nuke ez argitaratzea.
Noiz hasi zinen idazten?
Liburuan esaten dut 15 urterekin hasi nintzela gauza horiei bueltak ematen. "Usteak erdia ustel" esan, eta pentsatzen nuen: "Hizkuntza honek zerbait esaten du". Orain, bi urte pentsatzen eta beste bi idazten pasatu ditut; lau urteko prozesua izan da.
Iñaki Segurolak zer kezka ditu gai horien inguruan?
Euskal Filologia ikasi nuen, eta hainbat hiztegiren proiektuetan parte hartu dut. Beste gauza askoren bueltan ere ibili naiz, eta handik eta hemendik, munstro hau sortu da. Askotan erabiltzen dut hitz hori liburua definitzeko.
Oteiza "euskal profeta belarrimotza" dela diozu. Zergatik?
Hori beti esan izan zaio Oteizari. Oteiza 1908an Orion jaio zen, baina ez zekien euskaraz. Aita azkoitiarra zuen, Azkoitiko baserri batekoa. Izarraizpeko azkoitiar baserritar bat Orioko aberats batekin ezkondu eta Oteiza sortzen da. Eta Oteizak bere poema batzuetan zera esaten du: niño mutilado. Zer da hori? Ez zekiela euskaraz. Eta hori zen bere harra, bere mina. Bere Azkoitiko aitonak seguru asko ez zuen erdaraz jakingo, eta askotan kontatzen du ez ziola ulertzen hari. Trauma hori zeukan.
Zuk bereziki gustuko al duzu Quousque Tandem liburua?
Bereziki gustuko eta ez; biak batera. Asko maite dut, baina badaude liburuan onargarriak ez diren gauza batzuk. Adibidez, Oteizarentzat euskarago da arroyo xirripa baino. Zergatik? Bere pelikulan ar silabak sekulako garrantzia duelako. Mesedez. Berak ez zekien euskaraz; ezin da euskaldun baten gainetik jarri eta zer den euskara eta zer ez esan. Baina bere burua jaungoikotuta zeukan, eta iruditzen zitzaion dena libre zela. Alde horretatik, jende askok ez du maite.
"Liburua deskokatua dator, eta irakurlea deskokatzera etorri nahi luke", diozu.
Deskokatua dago gehienbat gaur egunean gauza horiek ez daudelako jendearen kezken artean. Orduan, ez da kokatzen; horregatik dator deskokatua. Pixka bat eskemetatik ateratzera-edo dator. Liburuak dioenak zerbait mugitzen al dio irakurleari? Hori da galdera. Baina ez dakit irakurlearengan zerbait eragin nahi dudan.
Liburua alarma egoeran aurkeztea oso egoki datorrela esan duzu. Zergatik?
Nik uste dut badagoela alarma egoera bat; hizkuntza menostuen, ahulen garaia badoala iruditzen zait. Gero eta nabarmenagoa da; ez euskararen kasuan bakarrik, baita katalanaren kasuan ere. Ez dago arnasik. Ameriketako irakasle batek artikulu batean zera zioen: basque as an extinct language. Hau da, hizkuntza agortua dela euskara. Polemikoa izan zen argitalpena, baina nik uste dut arrazoi zuela. Extinct ez da hila, baina bai agortutako hizkuntza bat bere burua berritzeko eta biziberritzeko gaitasun oso gutxi daukana. Euskararekin eta katalanarekin hori gertatzen ari da; hizkuntza koxkor hauen etorkizuna eta arnasa badoa.
Eta Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztu zenuen liburua.
Hori argitaletxearen okurrentzia izan zen.
Ez al da mezu ezkor samarra ematen ari zarena?
Oso. Euskararekin eta hizkuntza denekin ari da gauza bera gertatzen munduan; hori ari naiz ikusten. Katalanaren kasuan ere lerro gorri denak piztuta daude, eta 20 urteko jendea ari da esaten beraiek direla azkenak katalana hitz egingo dutenak. Ezeztatutako hizkuntzak nire ustez badoaz, eta hori esatea ez da erraza niretzat. Mundu mailan beldurtzeko garbiketa ari da gertatzen: hizkuntzak, animaliak, landareak, ekosistema… bakantzera goaz modu beldurgarri batean, baita hizkuntzen kasuan ere. Agian oso dramatiko jarri naiz, baina…
Ingelesa bakarrik geldituko al da etorkizunean?
Ez dakit, baina ikusi Azpeitian bertan zenbat ingeleseko akademia dauden, jendeak zer nahi duen. Loiolako festetan antzerkia ingelesez egiten da. Hurrengoa izango da Aratzerrekan gauza bera gertatzea; hori grabeagoa izango da. Ikusten da mundua nora dihoan. Bihotz-bihotzetik, gaztelaniari opa diot euskararekin gertatzen ari dena gertatzea berari ere; nire hizkuntza jaten ari den bati opa diot bera ere izorratzea eta sentitzea ni orain sentitzen ari naizena.
Zer da sentitzen duzuna?
Sentipen agoniko bat. Esajeratu egin dut agian, baina agonia horretara hurbiltzen da sentitzen dudana.