Idazlea

Miel Anjel Elustondo: "Bizitzan ez dut ezagutu Abdon Gonzalez de Alaizaren parekorik"

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 23a, 09:00

'Abdon Gonzalez de Alaizaren alfabetoa' liburua argitaratu du Miel Anjel Elustondok (Azpeitia, 1958). Euskarazko lehen komiki aldizkariaren "sustatzaile beroena" izan zen Gonzalez de Alaiza, eta hark egindako lana ezagutarazteaz gain, hura omentzeko helburua ere badu lanak.

Abdon Gonzalez de Alaizaren Alfabetoa liburua argitaratu zenuen joan den uztailean, Arabako Foru Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren eskariz.

Arraia-Maeztuko [Araba] alkatearen asmoa izan zen, Anartz Gorrotxategirena. Batetik, kulturzalea da, eta, bestetik, berriz, udalerria aupatu nahi zuen. Bertako pertsonaia ezagunen bila zebilela, Juan Bautista Gamiz eta Abdon Gonzalez de Alaiza azaldu zitzaizkion. Gamiz XVIII. mendekoa da, milaka bertso edo olerki idatzi zituen, eta haietako dozena erdi bat, euskaraz. Garai hartako Arabako euskararen lekukotasuna ematen du, beraz. Eta, bide batez esanda, haren jatorrizko lanak Loiolako artxibategian gorde dituzte. Gamiz, hala ere, ikertuta dago, maila batean, behintzat, eta, aldiz, Alaiza ez.

Eta Gonzalez de Alaiza aztertzen hasi zineten…

Bai. Haren peskizan hasi zen Gorrotxategi; zenbait material bildu zuen, eta Arabako Foru Aldundira joan zen, zer edo zer argitaratzeko eske. Garai berean, Arabako euskararen historiaren inguruko lan bat aurkeztu nuen, eta Alaizarena ere egingo ote nuen esan zidaten. Aztertu nuen materiala, eta ikerketan hasi nintzen. Orain dela hiru urteko kontuak.

Txistu izeneko euskarazko lehen komikia izan duzu abiapuntu lan hori osatzeko... 

Itxura dagoenez, horixe zen Gonzalez de Alaizaren merezimendua, euskarazko lehen komikia sortzea. Eta hortik hasi nintzen, hari mutur horretatik. Gero, ordea, askoz ere gauza gehiago azaldu dira, oso gauza diferenteak, gainera, eta denak nola bildu ez nekiela, alfabetoa egitea bururatu zitzaidan, eta letra bakoitzean Gonzalez de Alaizaren gaineko berri jakingarriren bat idaztea. Jendeak irakurtzeko moduko lana egin nahi nuen, eta, liburuaren atalak letraz letra antolatuz, pentsatu nuen erraz eta jakin-minez irakurriko duela irakurtzen duenak, eta nik ere ez nuen modu hoberik izan informazio diferente hura txukun antzean idazteko.

Nolatan aurkitu dute Txisturen bilduma? 

Unibertsitateko irakasle baten lana aipatu behar da, Javier Diaz Nocirena. Gasteiztarra da, Bartzelonako unibertsitatean irakasle ari dena. 90eko hamarkadaren hasieran euskarazko prentsari buruzko doktorego tesia egin zuen, eta, besteak beste, komikiak ere aipatu zituen bere lanean. Tartean, Txistu, euskarako lehen komiki aldizkaria. Garai berean, pare bat artikulu ere idatzi zituen komiki horretaz, eta zioen alerik ez zela gorde.

Baina agertu dira, ezta?

Bai, baina orduan horixe uste zuen Diaz Nocik, eta urte askoan horixe pentsatu dugu denok. Eta, oraindik ere, halaxe azaltzen da Interneten ere, ez dela alerik kontserbatu. Kontua da Arraia-Meztuko alkatea harremanetan jarri zela Diaz Nocirekin, eta Gonzalez de Alaizaren lanari buruz hizketan hasi ziren. Handik pixka batera, Diaz Nocik han eta hemen endredatu, eta ikusi zuen Txistu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean azaldu zela, Antonio Zabala jesuitaren funtsetan. Gainera, aldizkariaren ale guztiak digitalizatuta eta Interneten zeuden. Hortaz, batak zirikatu, besteak endredatu, batak besteari esan, eta horrelaxe atera da argitara Txistu.

Noiz eta nork egindakoa da?

1926an publikatu zen, baina zeinek egin zuen ez dakigu. Ez da izenik ageri. Komikia da, eta aldizkaria ere bai: ipuinak, txisteak, albisteak… denetarik dauka. Baina sinadurarik ez. Horren gainean zera besterik ez dakigu: 1926an Donostiako Argia aldizkariak gutun bat jaso zuela Madrilgo euskaldun batzuen izenean, baina izenik gabe, galdetuz ea zergatik, edo noizko, haurrentzako euskarazko aldizkari bat, garai hartan Bartzelonan eta Madrilen egiten zen moduko bat. 1920 ingurukoak dira Pulgarcito, TBO eta beste batzuk. Madrilgo euskaldun haiek zioten beraiek egingo zutela aldizkaria, marrazkiak eta gainerako guztia, eta dirua ere inguratuko zutela. 

Madrilen egin zuten Txistu

Bai, Madrilen bizi ziren euskaldun batzuek, unibertsitatean ikasle zirenek, nonbait ere; arkitektura eta beste ikasketa batzuk egiten ari zirenek. Eta 1926ko Argiaren aleetan, martxoan hasita, oker ez banago, Txistu aipatzen hasi ziren, bazetorrela esanez. Baina egundaino ez etortzen, ordea. 1927ko Argiaren lehen zenbakiarekin batera publikatu zen Txistu, esanez berandutu egin zirela, Gonzalez de Alaiza hil zelako, proiektuaren "sustatzaile beroena". Urte hartan hamasei zenbaki atera ziren, Argia astekariarekin batera, baina hamabostero, eta gero, diruz ezin eutsita, behar beste harpidedunik ere ez, eta kitto, desagertu egin zen aldizkaritik. Eta, gero, 1936ko gerrarekin, lurraren azaletik ezkutatu zen, ezkutatu zuten, edo dena delakoa, beste gauza asko bezala. 

Nolatan azaldu zen Txisturen bilduma osoa Antonio Zabalaren funts edo paperetan? 

Ez dakigu zehaztasunik. Jakinekoa da, hala ere, zabala herriz herri, baserriz baserri eta zokoz zoko ibili izan zela bertso biltzen, eta bertsolariekin batera, bertso-paperak eta bertso-paperak ez zirenak bildu zituela. Denetatik, hark ere. Arrastreko arrantza egiten zuen zabalak, eta, alde batetik, zorionez, esan beharko dugu. Baliteke Txistu ere horrela bildu izatea. Batek daki. 1928an jaio zen Zabala, eta, beraz, hura jaio orduko hila zen lehen komiki aldizkari hura.

Abdon Gonzalez de Alaiza kultur aktibista musituarraren figurari errepasoa eman diozu lanean. Nor izan zen Abdon Gonzalez de Alaiza? 

Hori liburua kontatzea da, edo paragrafo batean laburtzea, nahi bada. Errazago da nahi dena idaztea, idatzitako hura hitz gutxi batzuetara errenditzea baino. 1876an jaio zen Arabako Musitu herrian, Aratz-erreka moduko bat, baina mendian gora. Arabako mendirik altuenetakoa da, eta Igoroin errekan gora sekulako bide ikusgarria du; ibilaldi zoragarria. Han jaio, eta, gazterik, Madrilera joan zen. Etxean senide asko, bi arreba zaharrenak ere ordurako Madrilen neskame lanetan, eta haraxe joan zen etxeko seigarrena ere, Abdon. Endredamakila aparta zen, ordea, eta lana egiteaz gainera, euskal saltsa guztietan ibili zen.

Zer-nolako saltsetan?

Dugun lehen albistearen arabera, Madrilgo euskal orfeoiaren inguruan jardun zuen 1900. urtea baino lehen. Gero, Bilboko Athleticen futbol taldea osatzen parte hartu zuen, Bilboko taldearen sukurtsala. 1903an izan zen hori, eta, gero, talde hori oraingo Atletico de Madrid bihurtu zen. Tartean, politikan ere sartu zen, Sabino Aranaren zale. Esate baterako, 1908an mitin abertzale bat egin zen Gasteizen, batzokian, eta mitinlariak aho betean jardun zuen. Esan zituenak ez zitzaizkion gobernadore zibilaren ordezkariari gustatu, eta mitina etenarazi zuen. 

Eta Abdon han zen?

Ez, orduan ez. Baina, aditu: jendeak gogor jo zuen protesta, "Gora Euskadi!"-ka. Zenbait atxilotze izan ziren, eta atxilotzeen kontra, protesta gehiago, eta telegramak. Madriletik, adibidez, Tarraton batenak. Hasi ziren delako Tarraton haren bila, baina inon ez azaltzen. Tarraton hura, izan ere, "Alaiza’tar Aton" zen. Poliziak tankerarik ez zion eman, eta Alaiza ez zuten harrapatu, bistan dena. Abdonek, bestalde, mitin bat ere antolatu zuen Madrileko Lavapies auzoan 1909an. Gehiago: Vasco-Navarro zentroan parte hartu zuen, euskarazko eskoletan ere bai, Eusko Ikaskuntzaren bazkiderik aktiboena izan zen Madrilen… Bi hitzetan esateko: Manuel Irujok esan zuen Abdon “Madrileko euskal gauza guztien faktotuma” izan zela. Alegia, denetatik egiten zuela eta, batzuetan, dena. 

Zergatik piztu du zure arreta figura horrek?

Fenomeno hutsa iruditzen zait. Ez zen gelditu. Musitu herria eta jaio zen etxea ikusi beharko zenukete. Plaka eder bat jarrita dauka etxean, baina senideek esan zidaten oraingo baserri eder dotorean baino lehen, orain "ukuilua" esaten dioten tokian bizi izan zela familia, eta balitekeela Abdon han jaioa izatea. Eta Musitutik Madrilera joan, eta sekulakoak eta bi egin zituen, borondatetsu, hutsaren truke. Nik ez dut haren parekorik bizian ezagutu, eta haren lagunek ere, berealdiko omenaldia egin zioten 1933an Musitura joanda.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan? 

Abdonen historia eta istorio mordoa. Orain arte genekiena, eta harrezkero ikasi duguna. Egia esan, ikerketan hasi, litsak han eta litsak hemen, tiraka hasi, eta hainbat kontu azaldu zitzaizkidan. Eta Arraia-Maeztuko alkateak ere hainbat gauza aurkitu zituen Interneten eta garai hartako Argia aldizkarietan; besteak beste, haren argazkia, argazki bakarra, besterik ez baitiogu ezagutzen. Eta haren hileta oharra, 1933ko omenaldiaren kronika zoragarria, jaiotetxean bizi diren Abdonen senideen esanak… Gauza asko, atalez atal, letraz letra antolatuta.

Zer ikasi duzu liburua idazterakoan? 

Dena. Nik Gonzalez de Alaizaren gainean nekiena orrialde baten laurdenean sartzen zen. Orain, aldiz, liburua idatzi dugu, eta beste hainbat idazteko gauza gara; informazio gehiago daukagu. Baina lana entregatu beharra zegoen, urtebete eskas izan nuen lana osatzeko, eta beste hamaika lan ere egin beharra, eta, azkenean, entregatu, eta nik idazten adina denbora behar izan dute inprentan argitaratzeko. Eta, ondoren, pandemia, konfinamundua, eta izorra hadi. Barkatu. Eta aurkezpenik behar bezala ezin egin, eta ezer ez eta festa. Ikasi dut lehengo abertzaleak oraingoak baino askoz abertzale beroagoak zirela, eta gurekin ez dagoela, alferrik dela. Oraindik orain irakurri diot Yon Etxaide idazleari alfer-alferrik dela foruei eta Sabino Aranari lotuta jarraitzea. Hori ere ikasi dut Gonzalez de Alaizarena idazterakoan.

Gonzalez de Alaiza omentzeko modu bat al da liburua argitaratu izana?

Inondik ere, bai. Baina hori gehiago da alkatearen lana, musituarrena, Arraia-Maeztukoena edo arabarrena. Niri lan egitea tokatu zait, eta Abdonen gainean zenbat eta gehiago ikasi, hura zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago estimatu dut pertsona. Behin baino gehiagotan gertatu zait. Konfinamundu garaian, adibidez, Jon Mirande osoa irakurri dut, eta interes handia piztu dit. Egia esan, gustura ibiliko nintzen bolada batean eta orduko garaian Abdonen ondoan Madrilen, eta bolada batean eta orduko garaian Jon Miranderekin Parisen eta Zuberoako Sohütan. Pasta bereziko jendea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide