Masta Quba eta Marie V: "Gure burua eta entzuten gaituzten emakumeak sendatzea nahi dugu"

Anartz Izagirre 2019ko ira. 12a, 10:13

Masta Quba (Mexiko Hiria, 1988) eta Marie V (Mexiko Hiria, 1990) rap abeslariek kontzertua eskainiko dute larunbatean Azpeitiko Sanagustin kultugunean, 22:30etik aurrera. IRA eta Mad Muasel taldeak ariko dira haiekin batera.

Joan den astean heldu zineten Euskal Herrira. Nola hartu zaituztete?

Oso pozik, eta Azpeitian larunbatean eman behar dugun kontzerturako prestatuta gaude. Bira laburra egingo dugu oraingo honetan, denbora gutxi izan baitugu antolatzeko. Lehenengo kontzertua Zaragozan [Aragoi, Espainia] eman genuen, eta bigarrena Eibarko Arrate auzoan. Bi kontzertu horiek oso ondo joan dira, eta jende pila bat etorri da gure kontzertuak ikustera. Larunbat honetan Azpeitian izango gara, eta ondoren, hilaren 20an, Ermuan [Bizkaia] emango dugu kontzertua.

Nola definituko zenukete egiten duzuen musika?

Rap feminista eta kontzientea egiten dugu. Gure istorio propioak kontatzen ditugu abestietan, eta modu horretan, gure burua nahiz entzuten gaituzten emakumeak sanatzea nahi dugu. Orain arte bakoitzak bere bidea egin du musikan, eta duela bi urte ekin genion esku artean dugun proiektuari. Elkar ezagutu genuenean, biok konturatu ginen narratibak eta zauriek batu egiten gintuztela, eta gure helburua Mexikon nahiz mundu osoan zehar emakume izateagatik bizi ditugun arazoen berri ematea da. Musika munduan gertatzen dena islatzeko modua da.

Zergatik egin zenuten bat proiektua sortzeko?

Gure laguna den rap abeslari baten kantua grabatzean egin genuen topo elkarrekin, emakumeen koruak egiten ibili ginen biok grabaketa horretan. Elkar ezagutu genuenean konturatu ginen ordura arte bakoitzak bere aldetik egindako ibilbidea nahiko antzekoa zela, zauri berdinak genituela eta mezu berbera helarazi nahi genuela. Autodefensa kantua grabatu genuen elkarrekin, eta abesti horrekin Mexikon barrena ibili ginen. Hortik aurrera, musikan bidea elkarrekin egitea erabaki genuen, baina gure izen artistikoak mantenduta. Proiektu honek orain gauden lekura heltzen lagundu digu, eta ozeanoaren bestaldean kontzertuak ematea ahalbidetu.

Biok batera grabatutako bizpahiru kantu dituzue sarean. Diskoa kaleratzerik pentsatu al duzue?

Bakoitzak bere aldetik grabatutako hainbat kantu daude sarean; baina bai, biok batera argitaratutako bizpahiru kantu besterik ez daude sarean entzungai. Dena den, guztira, 11 kantu grabatu ditugu elkarrekin, oraindik argitaratu ez baditugu ere. Urte amaieran aterako dugu La ruta natural izeneko diskoa abesti horiekin guztiekin. Musika plataformetan ditugun bi abesti horiei esker egin gara ezagun kalean, baina jendea gure kontzertuetara etortzen denean konturatzen da kantu gehiago ere baditugula. Egia esan, jendea gure kontzertuetara etortzeko estrategia bat da [barrez]. Mexikora itzultzen garenean diskoa amaitzeari ekingo diogu buru-belarri, eta behin hori amaituta, herrialde gehiago bisitatuko ditugu.

Zuen kantuen letrei dagokienez, Mexikoko egoeraz hitz egiten duzue horietan.

Orokorrean, gai sozialen inguruko abestiak egiten ditugu. Letrek gure istorioak kontatzen dituzte; adibidez, Mastak abortu bat izan zuen, eta horren inguruko abesti bat egin dugu. Horrez gain, sexu abusuen inguruko kantu bat ere sortu genuen. Izan ere, Mexikon oso altua da feminizidio kopurua. Horrez gain, maitasun erromantikoaren egitura haustearen inguruan ere hitz egiten dugu, emakume eta mexikar garen aldetik, egitura horiek ondo ezagutzen baititugu. Laburbilduta, emakumeok zapaltzen gaituen guztiaren aurkako mezuak zabaltzen ditugu. Gure istorioak kontatzeko orduan konturatu gara gure bizipenak ez direla hain bakarrak, entzuten gaituzten beste hainbat emakumek ere bizi izan dituztela horrelako uneak. Posizionamendu politikoa duen rapa egiten dugu, politikoa den guztia pertsonala ere badelako, eta gure istorioak ere politiko bilakatzen dira.

IRA eta Mad Muasel taldeekin igoko zarete agertokira larunbatean. Ezagutzen al dituzue?

IRA ezagutzen genuen, baina Mad Muasel ez. Larunbatean Azpeitian izango dugu beraiek ezagutzeko aukera, eta sekulako gogoa dugu horretarako. Beraien abestien letrak entzun ditugu, eta oso interesgarria iruditzen zaigu beste artista emakume batzuen berri izatea nahiz haiekin agertokia elkarbanatzea.

Rap musikarena eremu nahiko maskulinoa izan da orain arte. Nola ikusten duzue rapa egiten duten emakumeen egoera?

Emakumeok hip-hopa eraldatzen ari gara. Jendeari gustatzen ez zaion arren, gertatzen ari da. Guk geuk kudeatzen ditugu gure ekitaldiak, eta hainbat kontzertutan agertokia gizonekin elkarbanatu badugu ere, guretzat beti da magikoa emakumezkoen taldeekin soilik igotzea agertokira. Guretzat ez da berdina emakumeen arazoen inguruan gizon batek edo emakume batek abestea. Sanagustin kulturgunean eskainiko dugun kontzertuak asko emozionatzen gaitu, emakumeok guretzako espazio propioak edukitzea garrantzitsua delako. Halaber, garrantzitsua da aipatzea emakumeok sare bat osatu dugulako gaudela egun hemen abesten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide