Hamabost bat urtez ehunka plazatan jo eta bost disko grabatu ondoren, Kupela taldeak agur esango du aurten. Anjel Larrañaga (Azkoitia, 1947) taldeko abeslari, pandero-jotzaile eta letra egileari "pixka bat gogorra" egiten zaio agurraz hitz egitea, baina "oso gustura" dago, betetako ibilbidea "oso-oso ona izan delako".
Kupelaren ibilbidea bukatzea erabaki duzue. Erabaki erraza izan al da?
Neure buruari galdetzen nion noiz utzi behar nuen. Iaz liburu-disko bat aurkeztu nuen [Lana festa bihurtuz] eta pentsatzen nuen horrek lagunduko zidala bukaera ematen. Baina taldeko beste lagunak hor neuzkan, eta zalantzak ere banituen. Baina Zabale bera aurreratu zitzaidan eta horrek erraztu ditu gauzak. Guztiz uztea ala betiko leku batzuetara joateko atea irekita lagatzea, bi aukerak zeuden mahai gainean. Baina erabaki dugu ezetz, Kupelaren ibilbidea aurten bukatuko da.
Bertsolaritzatik natorren musikaria naiz ni, badauzkat urtero bertsotara joaten naizen plazak, eta horiekin jarraitzeko asmoa dut, momentuz.
Eta zergatik orain utzi?
Urte pila bat ibili gara oso maila handian. Zeinek esango zidan niri, ia ustekabeko gauza bat egiten hasi eta maila horietara eta hainbeste lekutara iritsiko ginenik. Esperientzia eta momentu polit asko bizi izan ditugu. Baina gaur egun, hainbeste lotura jartzen dizkizute... Bi jubilatuta gaude, baina jubilatua ez bazara ere, altak, bajak, fakturak eta agiriak, ikaragarri eskatzen dizute. Gero eta burokrazia gehiago dago tartean eta kezka ere ematen du, nola ote zabiltzan.
Erabakita al daukazue urte bukaera arteko egutegia? Azken emanaldia non egingo duzuen ba al dakizue?
Oraindik ez daukagu erabakita hori. Uste dut orain, jendeak uztera goazela jakiten duenean, egongo dela zeozer beti joan izan garen toki horietatik; horrela iruditzen zait, baina ez dakit. Dagoeneko lotuta dauzkagunekin jarraituko dugu orain, betiko erromeria giroan jarraituko dugu, eta bukaera ere horietakoren batean izango dela pentsatzen dut.
Zerbait berezia edo apartekoa egiterik ez al duzue pentsatu?
Ez, momentuz ez behintzat.
Uda sasoi betean sartuta gaude. Hau izango da Kupelarentzat lan gehieneko urte sasoia, ezta?
Bai, kolorerik gabe. Baina, lehen esan dudan papeleoarekin-eta oso gora joaten dira gastuak, eta horrek atzeratu egiten ditu antolatzaile asko. Badago nahikoa traba, eta ez gara gu bakarrik horrela gabiltzanak. Pena bat da. Antolatzaileei gero eta garestiago eta zailago egiten zaie nahi dituzten taldeak kontratatzea. Antolatzailea udala bada, hainbestean; baina auzoetara bidaltzen duten diruarekin, auzoetakoei ez zaie denerako iristen.
Igandean Azkoitiko Urrategin joko duzue.
Badira hamazazpi bat urte huts egin gabe aritu garela han. Urrategin beti egin izan dut bietara, bertsoa eta musika emanaldiak. Aurretik ere askotan izaten nintzen, era batera edo bestera. Urrategi bezala ditugu beste leku batzuk ere, urtero joaten garenak.
Jakineko plaza horien artean edota berrien artean, zeintzuk dira zuentzat plazarik kuttunenak?
Zaila da aukeratzea eta izenak ematea. Beti-beti jendea eta trikitilari asko dabilen lekua Aristerrazu da, adibidez, baina badira beste asko urteak daramazkigunak joaten. Ezingo nituzke bat edo gutxi batzuk aukeratu.
Bai Kupelarekin, bai Epelderekin, urte asko daramatzazu erromeria plazetan eta festetan. Nola laburtuko zenuke urte horietan guztietan erromeriek izan duten bilakaera, zeuek bizitakoa?
Epelderekin lehen diskoa egin nuenean, uste dut falta zegoen garai batean tokatu ginela. Gaur egun oso goian dauden soinujolerik ez zegoen, gutxi ginen. Dezenteko mugimendua eragin genuela esango nuke. Orain, berriz, esango nuke dantza sueltoak indarra hartu duela berriro gazteen artean. Gauzak nola aldatzen diren, izan ere... Gu oso gazteak ginen garaian, ez zegoen libre dantza lotua egitea. Gero debeku horren bukaera etorri zen, etorri ziren dantzalekuak, eta horiek galdu zuten pixka bat erromerien indarra. Gu hasi ginen garai hartan berriro egin zuen halako gorakada bat. Baina azkenengo pare bat urte hauetan, gauza bat nabaritu dut asko: sueltoan dantzatzeko piezak eta erritmo biziagoak jotzen ditugunean, plaza dantzariz betetzen da; lotuan dantzatzeko pieza bat jotzen dugunean, berriz, gazte gehienek dantzatzeari uzten diote; eta berriro sueltoko piezetara itzuli, eta atzera plaza gaztez bete. Poza ematen du, behintzat, berriro ere dantza sueltoa egiten duen jende gaztea badagoela ikusteak.
Erromeriak sasoi onean ikusten dituzu berriro, beraz?
Bai. Gauza asko aldatu dira eta gauzak beti dihoaz aldatzen. Auzoetako festak antolatzen ibiltzen direnei gehiago lagundu behar litzaiekeela iruditzen zait, hala ere. Diru gutxirekin festa asko ezin dira jarri. Laguntzen bazaie, uste dut mantenduko direla; baina laguntzen ez bazaie, ez dakit ba iraungo duten.
Kupelakideekin egin duzun ibilbidean, zerekin gelditzen zara? Zerk ematen dizu poz handiena?
Plaza batera ailegatzen zarenean jendeak erakusten dizun esker ona, gose hori; horrekin gelditzen naiz. Harridura izan da niretzat uste ez nuen lekura iritsi eta, 'hau posible al da?'. Harridura, gazteek Kupelaren kanta denen letrak zurekin batera kantatzen dituztela ikusten duzunean. Horrekin geratzen naiz. Herriak eman digun babes handi horrekin.
Ez al duzu faltan sumatuko Kupelarekin oholtzara igotzea?
Badaukat har txiki bat, igoal bai, baina uste dut bertsotan jarraitzeak lagunduko didala. Negu partean-eta geldirik egoten zara denbora luzez eta ederki egoten zara, lasai. Gero, nonbaitetik deitzen dizute, eta estimatzen da zutaz akordatzea. Nagia ematen du joateak, baina oholtzara igo eta soinu hotsa entzun orduko entxufatzen naiz ni, erraz. Eta gero, aurrean jendea dantzan... Droga bat da niretzat hori. Egiten ez baduzu, hainbesterainoko falta ez duzula sumatzen ere uste dut, ordea.