Jose Luis Otamendi, idazlea

"Kanpoko gertaeren eta barne sentipenen uztartzea bilatu dut"

Maialen Etxaniz 2019ko mar. 27a, 10:42

Bost urtez libururik kaleratu gabe egon ostean, Disoluzio agiriak lana kaleratu du Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959). Ondutako azken liburua bizi izan duenaren "testigantza" dela dio idazleak.

Jose Luis Otamendi idazlea. (Maialen Etxaniz)

Zer kontatzen dute labetik atera berri dituzun disoluzio agiriek?

Kimikatik datorren kontzeptua da disoluzioa, baina izan dezake irakurketa soziala, politikoa eta ekonomikoa. Horrek eman dit izenburua asmatzeko jokoa; izan ere, disoluzioa bada aldaketa bat, eta adinean aurrera goazen eran, aldaketa dezente bizitzea egokitu zaigu, era guztietakoak: pertsonalak eta beste modu askotakoak. Gauza askoren nahastea edo urtzea irudikatu nahi izan dut. Liburuan sartu ditut, besteak beste, bizitako nahiz pentsatutako hainbat kontu zein estimulu. Disoluzioaren kontzeptuak ezpal edo zain bat baino gehiago eman ditzake bere polisemian. Beraz, norberaren galbahe horretatik pasatu eta kanpoan gertatzen diren gauza horiek barneratzeko modu bat da lan hau. Agiriena, aldiz, bizi dudan garai honen testigantza gisa uler daiteke.

Lanaren aurkezpenean aipatu zenuen "garai likido hauetan" identitateak har ditzakeen «hainbat tasuni» erreparatu diezula azken lanean. Zer esan nahi duzu "garai likidoak" diozunean?

Erreferentzia egiten diot, gutxiago edo gehiago, garai gatazkatsuei, garai helgaitzei, bere nondik norakoen ardatz nagusiak harrapatzea erraza ez den garaiei. Likidoak diodanean, askotarikoak esan nahi dut. Norabide ugarikoak eta ulertzeko zail egiten zaizkidanak. Garai likidoak dira, beraz, segurtasunik gabeko garaiak, egi handirik gabekoak. Egoera horretan, nire gorputzetik abiatuta eta nire bizipenetatik hasita egiantza bilatzen saiatu naiz, aldi berean, kolektiboen zein espazio komunen garrantzia azpimarratuz.

Nola bizi testuinguru horretan?

Mundu nahas-mahas handi honen barruan, partikularra denari ematen dio garrantzia poesiak. Eta, aldi berean, nor bere kapsulatik irteteko bidea da. Nola egiten den hori? galdera ona. Liburu honetan nabarmen hitz egiten dut nitasunetik. Ahalegina egin dut inguruak erakusten duena behatzeko, eta horren aurrean zer egin pentsatzeko. Hau ez da auto-laguntza liburu bat, neuk bizitakoa eta hausnartutakoa poetikoki adierazten duen lana baizik. Saiatu behar gara gure kapsulatik irteten eta espazio komunak bilatzen. Disoluzioa desegitea bada, endekatzea, urtzea… bilatu beharko dugu aurrera begirako soluzioa. Uste dut gehienok oso desberdinak ez garela barrura eginez gero, eta hor bila ditzakegula espazio komun horiek.

39 poema jaso dituzu liburuan, zazpi ataletan banatuta. Zergatik banaketa hori?

Garai likidoak diogunean, zatikatutako garaiez ari gara. Jendartea oso banatuta dago, pertsonak oso atomizatuta gaude. Erraz bilatu nuen liburuaren egitura zehazteko eskema. Zazpia ia zenbaki magikoa izateaz aparte, kreazioaren mitoari erreferentzia egiten dion zenbakia da, eta hortik dator liburua zazpi ataletan banatzeko ideia. Eraikitzearen eta deseraikitzearen arteko jolas bat da, nolabait. Horri egin diot keinu, eta zazpi ataletan banatu dut liburua. Ahalegindu naiz atal bakoitzari gorputz eta nortasun jakin bat ematen. Zazpi atalen artean mundu txiki bat osatzen dute. Mundua desegiten ari den garaiotan, guri ere badagokigu erabakiak hartzea. Saia gaitezen eraikita dauden superegitura horiei buelta ematen.

Kapital publikoa liburua baino bost urte geroago iritsi da Disoluzio agiriak. Denbora tarte horretan kapitala ez da desagertu. Idatzitako azken agirietan ba al du tokirik kapitalak?

Kapitala egon badago, noski. Dena den, Kapital publikoa liburuan erabilitako ahotsak erreferentzia gehiago egiten zion kolektiboari. Lehen pertsona plurala erabiltzera jotzen nuen orduan. Orain, aldiz, beste gorabehera batzuk pisu gehiago hartu dute nire bizitzan. Era berean, banuen sasoi hartako [Kapital publikoa liburua argitaratu zen garaiko] diskurtsoari ñabardura batzuk gehitzeko gogoa. Finean, esku artean nuen lanari kutsu ezberdina eman nahi nion.

Ekonomiaz eta maitasunaz ere mintzatu zara izkiriatutako poemetan. Zergatik ekonomia eta zergatik maitasuna?

Maitasuna gurekin dator. Nire jardun poetikoan ezinbestekoa izan da, arlo lirikoari lotuta egon bainaiz hasieratik. Dena den, uste dut lan honetan ez dela maitasun askorik agertzen. Tira, maitasuna belaunaldi arteko hartu-eman bezala ulertuta bai. Era berean, azken liburuan garrantzia hartzen dute zaintza lanek. Ekonomiari dagokionez... nire aburuz, ekonomia da mundua mugitzen duen motorra, eta errealitatea ulertzen saiatzeko oso garrantzitsua da ekonomiari erreparatzea. Zentzu horretan, marxismoaren ekarpena handia da, analisi metodo bezala izugarrizko balioa duelak.

Azken lan honetan asko jolastu dut egunkarietako albisteekin eta poesiarekin. Tresna bezala, oso interesgarria iruditu zait prentsako albisteak –ekonomiarekin edo gizartearekin zerikusia dutenak– poesiarekin elkartzea. Hau da, polita iruditu zait egunerokoan topatzen ditugun elementu zaztarrak eta pertsonok barruan daramatzagun elementuak nahastea. Kanpoko gertaeren eta barreneko sentipenen uztartzea bilatu dut, finean.

Plazaratutako azken liburuan badago garairako "poesia moldea" sortzeko ahalegina. Zergatik behar du garai honek poesia molde berri bat?

Urteetan aurrera goazen bezala, gehiago kostatzen zait inguruko mundu hau ulertzea, indarra duten klabeetan, behintzat. Nire modura ulertzen dut, noski; kontua da ulerkera hori gero eta isolatuagoa edo orokortasunetik gehiago urruntzen dela. Horregatik, uste dut nik ematen ditudan azalpenekin ez dela aski, jendarteak beste zerbait behar duela. Ertz batera lerratzen ari naizen susmoa daukat, eta ez da harritzekoa. Urteak pilatzen ari gara geu ere.

Garai hauetan, nola ikusten duzu panorama literarioa?

Ez dut gehiegi behatu zein den egoera, baina garaikidetasuna defendatu behar dugu; garaian garaikoa. Aspaldiko debatea da hori; XX. mendean ere Lauaxetaren eta Orixeren arteko eztabaida nagusia hori zen. Hor dago koska: poesiak betiereko balioak agerian jarri behar dituen edo egunean egunekoari egin behar dion erreferentzia. Nire barrenak garaikoa izaten saiatzeko agintzen dit; garaiko kezkei erreferentzia egiteko esaten dit barrenak. Horrek ekarriko dit, lehenago edo beranduago, isildu beharra.

Diozu ez dakizula zein diren gaur egun behar diren hitzak. Baina zertarako behar dira hitzak gaur egun?

Zer ginateke hitzik gabe? Hitzak, literaturak edo poesiak funtsezko gauzei eusteko balio dute. Hitzaren balioa oso garrantzitsua delakoan nago, eta disoluzio garai honetan hitza bera ere debaluatuta ez ote dagoen pentsatzen dut, irudiaren mesederako. Nire aburuz, era guztietako hitzak behar ditugu, motz gelditzen baita anbizio estetikorik gabeko lana. Mezuak beti du forma bat, eta esan daiteke forma bera ere mezua dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide