Sitgesen erdituko da 'Lekaime'

Mailo Oiarzabal 2018ko ira. 19a, 10:10

Kataluniako herriko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatuko du Xanti Rodriguez azpeitiarrak bere lana. Film labur onenaren sariagatik lehiatuko da, sail ofizialean.

Oihana Maritorena aktorea eta Xanti Rodriguez zuzendaria, 'Lekaime' filmaren grabazioan. (Xanti Rodriguez) Beheko eta erdibideko mailetan zaildu beharrik izan gabe iritsi dira maila gorenera Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) eta bere Lekaime. Izenburu hori du Rodriguezek zinemagintzan hasieratik berak sortu eta ondu duen aurreneko lanak. Azpeitiarrak idatzi, ekoiztu eta zuzendu du, besteak beste, magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra. Fantasia eta beldurrezko generoak ere uztartu ditu, joan den mendeko 40ko hamarkadan kokatu duen istorioa kontatzeko; "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta", dio egileak. Eta fantasiazko eta terrorezko filmen zeruan erdituko da erditu berri den ama bat kontakizunaren abiapuntu duen lana: Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 51. edizioan. Euskaraz egin du filma azpeitiarrak eta hala emango dute jaialdian, azpidatziekin. Joan den astean baieztatu zuten Rodriguezek "inondik espero ez" zuen albistea: Lekaime Sitgesen (Bartzelona, Katalunia) lehiatzeko aukeratu zutela. Urriaren 4tik 14ra egingo dute aurtengo jaialdia, eta hilaren 7an estreinatuko dute han Lekaime; sail ofizialaren barruan lehiatuko da, film laburren atalean, beste bederatzi lanekin batera. "Ekoizpen pertsonala" Pozarren dago Rodriguez, eta onerako harrituta ere bai, iazko neguan filma grabatzen ari zenean ez baitzitzaion burutik pasatu ere egiten bere lanak non eta Sitgesen ikusiko zuela argia: "Fantasiazko eta beldurrezko zinemari eskainitako jaialdien artean mundu mailako erreferentzia da Sitges. Lehiakide izango ditugun lanak eta egileak ikusten dituzu, eta... izugarria da, egundoko maila dago, Pixar-en lan egiten duen jendea eta". Argazkilari profesionala da azpeitiarra, argazkilaritza komertzialean zein artistikoan sari eta izendapen garrantzitsu bat baino gehiago jaso ditu eta marka ezagun askorentzat egiten ditu lanak. Ikus-entzunezkoen mundua ere jorratu izan du: Itzalen sua liburu eta DVDa atera zituen, Fernando Morillo idazle eta herrikidearekin batera, 2012an; eta urte honen hasieran aurkeztu zuen Irteera, Azpeitiko Jai Karnabaleko sokamuturrean oinarritutako filma, herriko sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizunak antolatu zituen herri batzordearen enkarguz. Baina Lekaimerekin beste urrats bat egin du Rodriguezek. "Orain arte egin ditudanak enkarguz egindako lanak izan dira, gehien bat. Hau ekoizpen pertsonala da". Lankideak eta herriko eta gertuko lagunak izan ditu bidelagun Lekaimen, Euskal Herriko pantailetan ezagunak diren zenbait aktorerekin batera: Oihana Maritorenak Mariaren rola jokatu du filmean, Amaia Lizarraldek Sor Rufinarena eta Asier Hernandezek, berriz, Espinosa generalarena. Grabazioak ere etxe gertuan egin dituzte: Azpeitiko Esklabetan eta Ezkuztako harrobian, Errezilgo Zelatunen eta Azkoitiko Madariagan, besteak beste. "Ekoizpenaren emaitzarekin oso gustura gelditu ginen, baina gure hasierako asmoa ez zen filma lehiaketetara aurkeztea", azaldu du zuzendariak. Lagunentzako egin zuten emanaldi pribatu baten ondoren hasi ziren planak aldatzen. "Asko gustatu zitzaien, oso harrera ona egin zioten han ikusi zutenek, eta film laburren lehiaketen zirkuitoan zergatik ez genuen probatzen hasi ziren komentatzen batzuk". Horrela hasi ziren Lekaime batera eta bestera bidaltzen, eta horrela iritsi zaie Sitgeseko 'saria'; Mexikon egiten duten Pantalla Abierta jaialdian emateko ere aukeratu dute filma. Baina lehen hitzordua Katalunian dute, eta hara joateko "irrikitan" dago zuzendari azpeitiarra, "ea nola hartzen gaituzten eta zer gertatzen den". Momentuz, Sitgesen lehiatzea bera bada nahikoa sari Rodriguezentzat; urriaren 14an iragarriko duten jaialdiaren palmaresean egotea, berriz, ginga litzateke. Azpeitian, urriaren 19an Sitgesen estreinatu eta hamabost egun baino lehen, urriaren 19an, ikus ahal izango da Lekaime Azpeitiko Soreasun; horrela aurreratu du zuzendariak berak. Kataluniako jaialdirako hautatu zutela jakin baino lehen, Azpeitian zen filma estreinatzekoa Rodriguez; hain zuzen ere, aste honetan bertan ematekoa ziren, biharko egunez. Hala iragarri zuten duela aste batzuk, baina Sitgesekoak planak aldarazi dizkie, bai Rodriguezi eta bai Soreasu antzokiaren arduradunei. "Sitgesen lehiatu ahal izateko baldintzetako bat zen hori, aurrez inon ez ematearena", argitu du egile azpeitiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide