Azpeitia, txapela defendatzera

Maialen Etxaniz 2018ko eka. 29a, 10:49

Gipuzkoako Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila joango dira Azpeitiko pilotariak bihar Donostiako Atano III.a pilotalekura. Finalerako 500 sarrera inguru saldu dituzte dagoeneko.

Azpeitiko pilotariak Atano III.a pilotalekuan. (Gipuzkoa Pilota) Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketaren finala jokatzeko prest dago Azpeitia. Biharko hitzorduaren atarian, urduri bezain gogotsu daude Ilunpe pilota elkarteko pilotariak. Dena den, ez zaie ilusiorik eta gogorik falta, eta Gipuzkoako Herriartekoaren zazpigarren txapela ekarri nahi dute Azpeitira. Iaz, Oiartzunen aurka neurtu zituzten indarrak finalean, eta hiru partidetatik hiru irabazita gailendu ziren Azpeitiko mutilak. Agertoki berean, Donostiako Atano III. pilotalekuan, jokatuko dute aurtengo finala, baina oraingoan Ataun izango dute parez pare. Bikoteak ere ez dira iazkoak izango. Kadeteetan Unai Alberdik eta Jakes Elosegik ordezkatuko dute Azpeitia; Jubeniletan Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek eta seniorretan Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok. Aurreneko partida, kadeteena, 16:30ean hasiko da, eta horrekin batera hasiko da pilotaren festa. Erlo Telebistak zuzenean eskainiko du finala Internetez. Gaur gaurkoz, apustuetan Azpeitia dago faborito, baina Ilunpeko pilotariek argi dute finalak ez direla txantxetarako gauza, eta markagailuko azken emaitza zein den ikusi arte ez dute ezer ospatzerik nahi. Finalak zer ekarriko duen jakin ezin bada ere, jakineko kontua da Azpeitiak ondo baino hobeto egin dituela orain arteko lanak, eta horrek piztu duela ilusioa herrian. Aurtengo txapelketaren errepasoa egiten hasita, Dani Murgiondo eta Jon Alberdi seniorrak bat datoz gauza batekin: "Ondo borrokatuta" lortu dute finalerako txartela. Alberdik horrela laburtu du Gipuzkoako Herriartekoak orain arte utzi duena: «Aurrena, Tolosa izan genuen aurkari; kadeteek eta seniorrek pilotan ondo eginda irabazi genituen gure partidak. Jubenilak, aldiz, erraz ibili ziren kanporaketa horretan. Ondoren, Asteasu iritsi zen; gazteek eta jubenilek erraz lortu zituzten beren garaipenak, baina seniorrak atzean gelditu ginen, Oiartzun izan zen azken aurkaria; Azpeitian oso estuak izan ziren neurketak. Izan ere, kadeteak eta jubenilak oso larri ibili ziren oiartzuarren kontra. Dani eta biok hobeto moldatu ginen, eta 3-0ko emaitzarekin joan ginen Oiartzunera. Azken uneko baja batzuen ondorioz, bikote aldaketak izan ziren itzulerako partidan, eta 2-1 galdu genuen. Berdina gertatu zen Asteasuren kontrako kanporaketan, hiru mailetan falta baitziren jokalari titularrak. Dena den, finalean gaude, eta ezin kexatu". Dani Murgiondok, bere aldetik, uste du nahiz eta herritarrek kanpotik begiratuta "erraz" aritu direla pentsatu, emaitzak "partidaz partida" begiratuz gero, Azpeitiak "lan handia" egin duela ikus daitekeela. Murgiondok urteak daramatza Herriarteko txapelketan murgilduta, baina azken urteetan Markel Etxaniz izan du ondoan. Aurten, baina, bidelagun berria du: Jon Alberdi. Murgiondoren hitzetan, "pilotari handia" da Alberdi: "Nahiz eta Herriartekoan elkarrekin jokatzen dugun aurreneko aldia den aurtengoa, lehenago ere jokatu izan dugu partidarik elkarrekin. Oso gustura aritzen naiz Alberdirekin, eta ederki moldatzen gara frontoian". Herriartekoari ekin ziotenean "erritmo pixka bat" falta zitzaiola aitortu du Murgiondo berak, eta horregatik "elkar hartzea" pixka bat kostatu zitzaiela adierazi du. Hala ere, txapelketak aurrera egin ahala, gero eta hobeto moldatu direla azpimarratu du. Alberdik dio, bere aldetik, nabari duela aldaketarik jubeniletatik senior mailara aldatzean: "Ikusi da partiden exigentzia beste bat dela, eta akats txikiena ere garesti ordaintzen dela; hala ere, oso gustura aritu naiz". Bikote gazteei dagokienez, Alberdiren aburuz, "oso indartsu" doaz finalera, eta uste du emaitza "onak" lortuko dituztela Atano III.ean. Murgiondok "maila handiko pilotariak» ikusten ditu harrobian: "Gorako pelotariak ikusten ditut etxean, eta Gipuzkoan zein Euskal Herrian asko kostatuko da horrelako bikoteak lortzea. Guztiek erakusten dute maila ona dutela, bai atzelariek baita aurrelariek ere. Hori herri batean sortzea oso zaila izaten da". Horrelako afiziorik ez dago Herriarteko pilota txapelketaren bueltan Azpeitian sortzen den giroa nabarmentzekoa da, eta hori azpimarratu beharrekoa dela dio Murgiondok: "Azpimarratu behar da ez dagoela horrelako babesik duen herririk, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian. Nire ustez ez dago horrelako afiziorik. Pilotarioi asko laguntzen digu horrek". Alberdik uste du finalean ere ez dutela hutsik egingo. Azpeitiak iaz seigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Baina aurretik, 2004an, 2008an, 2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, eta iazko garaipenari esker, txapelketaren ibilbide osoan hiru txapel jarraian eskuratu dituen herrien multzoan sartuta dago, Azkoitiarekin eta Donostiarekin batera. Autobusak Azpeititik Biharko finala ikusteko, Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorria egiteko bi autobus antolatu dituzte. Lehenengo autobusa 12:30ean abiatuko da Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko geltokitik, eta bigarrena 15:00etan, anbulatorio aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide