Txiribiton, Txirri eta Mirri. (Txirri, Mirri eta Txiribiton)
Patxistein Doktorea emango duzue Soreasun, orain dela 25 urte sortutako lanaren egokitzapena. Nola moldatu duzue?
Asko gustatzen zitzaigun istorioa eta berritu egin dugu ikuskizuna. Originala baino pixka bat laburragoa da. Iruditzen zaigu ordubete tamaina ona dela umeen arreta mantentzeko, eta geuri ere dinamikoagoa eta politagoa iruditzen zaigu horrela. Esketx berriak ere aukeratu ditugu; lehenengo zatia beste modu batekoa da, ez da beraiek grabatu zuten hura bezalakoa. Bigarren zatia, Patxisteinen istorioa, bai dela gauza bera, baina pixka bat moztuta eta moldatuta.
Noiztik zabiltzate ikuskizun honekin? Zer moduzko harrera ari da izaten?
2016ko azaroaren 26an egin genuen aurrestreinaldia Iruñean, eta abenduaren 18an estreinatu genuen, Andoainen (Gipuzkoa). Orain arte 25 bat emanaldi egin ditugu eta harrera izugarri ona izan du ikuskizunak. Jendeak ezustekoa hartzen du eta oso ondo pasatzen du saioetan, eta poz ematen digu. Jendea isil-isilik egoten da, adi-adi, eta derrepente "eeeezzz!" garrasika hasten dira, Patxistein bereak egiten saiatzen denean; horrek ere ematen digu poza.
Soreasukoa emanaldi berezia izango da zuentzat, DVD bat grabatuko baituzue bertan.
Bai, hala da. Librean grabazio taldekoak etorriko dira, eta DVD baterako grabatuko dute saioa. Pixka bat berezia izango da, normalean DVD bat grabatzerakoan ikuskizunean mozketak-eta egon ohi direlako; baina guk zuzenean egingo dugu, beste edozein emanaldi bezala, eta hori jasoko dute grabazioan, bertan gertatzen dena. DVDa Durangoko Azokarako prest izatea nahi genuke, baina ez dut uste iritsiko garenik.
Zergatik aukeratu duzue Azpeitia grabatzeko?
Maiatz aldera hasi ginen Libreanekoekin harremanetan. Udan, ordea, gehiago egiten ditugu kaleko ikuskizunak, antzokikoak baino. Urrian antzokietan ikuskizun batzuk segidan genituela ikusita, Azpeitiko saioa aprobetxatzea pentsatu genuen, Soreasuk grabazioa egiteko baldintza onak eskaintzen dituela kontuan hartuta.
Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior izatetik, jatorrizko pailazoen lekukoa hartzera igaro zarete. Aldaketa eragin al dizue?
Duela bost urte, 40 urte bete zituzten Txirri, Mirri eta Txiribitonek, eta handik bi urtera erabaki zuten uztea. Gu saioak egiten hasita geunden eta elkarrekin egin genuen ikuskizun bat, Agur barrez izenarekin, lekuko aldaketa irudikatzeko, nolabait. Fernando Ruiz
Txirrik, Juan Manuel Zaldua
Txiribitonek eta nik urte asko daramatzagu elkarrekin lanean; 2005ean hasi ginen, eta aurretik beste batzuk ibili ziren Junior taldean. Erreleboak ez digu aldaketarik ekarri, gustatzen zaiguna egiten jarraitzen dugu, antzokietan eta kaleetan saioak egiten, berdin-berdin. Arrakasta aldetik ere antzera, ez gara bat-batean izugarri ospetsu bihurtu. Talde txikia gara, badakigu ez daukagula izugarrizko oihartzuna. Hor jarraitzen dugu gure lantxoak egiten, eta horrela mantentzea nahi dugu.