Iñigo Unanue eta Joanes Otamendi. (Ane Olaizola)
Iñigo Unanue eta Joanes Otamendi bi gazte ekintzaile dira, eta iaztik eskola
partikularrak eskaintzen dituzte Azpeitiko Elizkalea 11 zenbakian duten akademian. Honakoa da beren leloa:
Heure kabuz! Gure laguntzarekin. Izan ere, ikasleak ahalik eta autonomoen izan daitezen, ikasketa prozesurako tresnak eta baliabideak eskaintzea da beraien filosofia. Leloaren izenarekin jolasean sortu dute akademiaren izena: Heureka.
Eskola partikularrak ematen dituzte Heurekan, ikasleei ikasketetan laguntzeko eta hainbat azterketetarako prestatzeko. Batez ere, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei ematen dizkiete eskolak. Ez dute gai zehatzik lantzen, haiek behar dutenera egokitzen dira: "Ikasleak eskatzen dituen irakasgai guztiak ematen ditugu", diote. Horrez gain, oposaketak eta azterketak gainditzeko prestatzen ere laguntzen dute. "Iaz suhiltzaileei lagundu genien oposaketetarako prestatzen, eta horrek ateak ireki dizkigu".
Zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dute, eta horregatik, gehienez lau ikasleko taldeak osatzen dituzte. Era berean, jarraipena egiten diote ikasle bakoitzari, eta haien irakasleekin eta gurasoekin harremanetan izaten dira ikasturtean zehar. Ikasle bakoitzari jarraipen egokiena emateko asmoz, gainera, eskolak egokitu egiten dituzte. "Malguak gara taldeekin. Ikusten badugu talde baten dinamika ez datorrela bat ikasle batekin, ahalik eta eraginkorra izan dadin aldaketak egiten ditugu taldean".
Egun osoan zehar eskaintzen dituzte eskola partikularrak, eta zerbitzu hori emateaz gain, ikasketa txoko propioa ere badute Heureka akademian. Gela irekita egoten da hainbat orduz, eta akademiako bezeroek dute eskuragarri txokoa. Ikasleek nahi dutenean joateko aukera dute hara, beraien kabuz ikasteko edo etxeko lanak egiteko. "Ez dira eskola pertsonalizatuak izaten, baina ikasleek zalantzaren bat badute, haiei laguntzera joaten gara".
Umeak zirenetik ezagutzen dute elkar Otamendik eta Unanuek. Elkarrekin egin zituzten Ingenieritza ikasketak, eta lizentziatura amaitutakoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzaren Unibertsitate Masterra egin zuten biek. Ikasketak bukatutakoan, eskola partikularrak ematen hasi zen bakoitza bere bidetik, baina herrian halako zentro baten "beharra" zegoela ikusita erabaki zuten elkarrekin proiektu berri bati ekin eta Heureka akademia martxan jartzea.
Haien arabera, ez da ohikoa pedagogia eta irakasle titulazioa dutenek eskola partikularrak eskaintzea, eta, beraz, masterra izateak Heurekaren jardunari "balio erantsia" ematen diola azpimarratu dute. "Masterrean jaso dugun formazioa oso baliogarria egin zaigu, eta jasotakoa eskoletan ezartzen saiatzen gara". Horrez gain, pilotako eta futboleko entrenatzaile tituludunak dira Otamendi eta Unanue, eta horrek gaitasuna ematen die taldea gidatzeko orduan. "Lagungarria izan da esperientzia hori, eta emaitzetan antzeman egiten da".
Irakasleak bidelagun
Ikasten irakastea da Heureka akademiaren funtsa. Irakasleak "bidelagun" izanda, ikasleek dituzten gaitasunak hobetzea dute erronka. "Ikasleei nola ikasi behar duten irakasten saiatzen gara. Erremintak ematen dizkiegu beraiek ikasi ahal izateko eta arazoei aurre egiten jakiteko. Beti guk ematen badiogu irtenbidea, ez diogu lagunduko bere prozesuan".
Unanue eta Otamendi jakitun dira Hezkuntza Sistemak ezin duela ikasle guztien erritmora egokitu, eta hain zuzen hori da Heurekan bilatu nahi duena. Horretarako, lau laguneko taldeak osatzen dituzte, eta bakoitzak izan ditzaken ahalmenetan eta gabezietan jartzen dute arreta.
Atzera begiratuta, urtebeteko jarduna positiboki baloratu dute biek ala biek, eta gustura daude orain artekoarekin. "Uste genuenaren aldean lan bolumen handia izan dugu hasieratik. Adin guztietako ikasle pila bat izan genituen aurreko ikasturtean". Era berean, aurreko ikasturte amaieran inkesta bat egin zieten ikasleei, eta jasotako erantzunak oso positiboak izan zirela azpimarratu dute. "Genituen itxaropen guztiak gainditu dira".
Ikasleek izan duten errendimendua aintzat hartuta, bide horretan jarraitzea nahi dute Unanuek eta Otamendik, ikasleek ikasterako orduan gero eta autonomia gehiago lortu dezaten eraginez.