Eneko Arbeo soinu-jotzailea. (Julene Frantzesena)
Eneko Arbeo soinu-jotzaile azpeitiarrak eta Mireia Ibabe pandero-jotzaile bergararrak
irabazi zuten joan zen abuztuaren 15ean Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXXVII. Txapelketa, Zeanurin (Bizkaia). Sei bikotek parte hartu zuten finalean, eta azpeitiarra "gustura" da txapela lortuta. Datozen asteetan beste hainbat txapelketatan parte hartuko dute Arbeok eta Ibabek. UROLA KOSTAKO HITZAk, Arbeorekin hitz egin du.
Zer moduz sentitu zinen Zeanuriko oholtzan?
Gustura. Aurretik bi aldiz parte hartutakoak ginen Euskal Herriko txapelketan, baina, hala ere, beti egoten da tentsio puntu hori. Duela bi urte azpitxapeldun izan ginen.
Arantza kendu duzue, beraz.
Bai, bai, arantzetako bat kendu dugu.
Espero zenuten irabaztea?
Ez. Gu lanak ondo egitera joaten gara txapelketetara, eta etxean egindakoa egiten badugu oholtzan, gustura.
Lau pieza jo behar zenituzten txapelketan. Zein duzu gustukoen?
Bai, trikitia, fandangoa, arin-arina eta porrusalda jo behar genituen. Gehien fandangoa gustatzen zait, baina trikiti piezek kanturako tartea dute, eta jokoa ematen du horrek.
Nola prestatzen dituzue txapelketak?
Lau pieza horiekin aritzen gara jira eta buelta, eta ez dugu normalean baino entsegu gehiago egiten. Txapelketatik txapelketara aldatu egiten dira piezak eta horien kopuruak. Hau da, batzuetan hiru kanta izaten dira, eta beste batzuetan pieza desberdinen nahasketa jo behar izaten dugu. Beraz, txapelketaren arabera, egin beharreko lanak prestatzen ditugu. Alderik txarrena da lau pieza horiekin kokoteraino egiten zarela, eta beste kantak jotzeko astirik hartzen ez baduzu are nekagarriago egiten dela. Horregatik, etxean entseatzen dudanean-eta bestelako piezak jotzea gustatzen zait.
Baduzue beste txapelketarik laster?
Bai, Zarautzen parte hartuko dugu, eta baita Zumaiako Artadi auzoan ere. Uda sasoian izaten dira txapelketa gehienak; batzuetan izan gara dagoeneko.
https://www.youtube.com/watch?v=-m_FNFpaJZ8
Nola hasi zinen txapelketen munduan?
Lehen aldiz Sanjuandegiko festetako trikiti txapelketan parte hartu nuen. Gero, irakaslearen bidez, Mireia Ibabe pandero-jotzailearekin hasi nintzen elkartzen. Hasieran, inguruko txapelketetan parte hartzen genuen, baina ordutik, segi eta segi, txapelketa dezentetara joan gara.
Batzuk irabazi ere egin dituzue.
Bai, hala da. Aizarnazabalgoa, Azpeitiko Sanjuandegikoa, Zumaiako Artadi auzokoa... bost bat irabaziko genituen. Ondo atera zaizkigu saio batzuk, eta gustura gaude. Pixkanaka joan gara erritmoa hartzen eta ohitzen; bukatzen ari zaigu, ordea. Gazteen mailako txapelketetan parte hartzen dugu guk, eta 21 urtera bitartekoentzat izaten dira horiek. Mireia eta ni 1998koak gara, beraz... Dena den, orain, parte-hartzaile kopuruagatik-eta, badakit urte muga igo dutela txapelketa batzuetan.
Trikitilari gazteak falta dira, beraz?
Gazte asko ari da trikitia ikasten, baina gauza bat da ikastea eta bestea txapelketetan aritzea. Kalean egiten diren kalejiretan-eta gazte asko ikusten da trikitiarekin, baina txapelketetarako asko entseatu behar da. Gainera, lau piezarekin ibiltzen gara bueltaka, eta horrek ere eskatzen du esfortzua.
Gazteen maila bukatzean, jarraituko duzue?
Uste dut txapelketak maila horrekin bukatuko zaizkigula; izan ere, helduen txapelketarik ez dago ia. Aurten antolatu dute Markina-Xemeinen Trikitilari Helduen I. Trikitixa Txapelketa, eta
Xabier Etxaniz azkoitiarrak eta Ainara Saizar aiarrak irabazi dute. Urteetan ez da egin, eta berreskuratu dute txapelketa bat behintzat. Ahal dugunera arte, gazteen mailan segituko dugu, eta gero ikusi egin beharko da.
Txapelketak alde batera laga arren, trikitia jotzen segituko duzu, ezta?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Kalean jotzea asko gustatzen zait, eta horixe egin nahi nuke. Gainera, txapelketetako loturak utzita, libreago sentituko naiz, ziur. Segitzea nahiko nuke zalantzarik gabe, asmoa badut, baina lanarekin-eta ikusi egin beharko da, gauzak asko aldatzen baitira.
Nondik datorkizu trikitirako afizioa?
Neurea da afizioa. Gurasoek esaten didate txikitatik nahi nuela trikitia ikastea. Zazpi-zortzi urterekin hasi nintzen, lehenago ezin zelako. Asko lagundu didate etxean, eta ez dakit trikitizaleak diren, baina zarata jasan behar izaten dute... Hori bai, trikitiaren bueltako lagunek ere lagundu didate mundu honetan sartzen.
Azpeitian, gazteen artean, ba al dago trikitizaletasunik?
Baietz esango nuke. Herritar askok jotzen du trikitia, saninazioetako Marea Arroxaren kalejira ikusi besterik ez dago. Halakoetarako elkartzen da jendea, behintzat. Ea gazteak animatzen diren, musika tresna ederra baita lagunartea egiteko.