Mikel Larrañaga eta Alex Txikon, Azpeitiko zezen plazan. (Argazkia: Maialen Etxaniz)
Mikel Larrañaga: "Nola edo ahala, aizkoran atera behar diot aldea, gero korrika aurretik hasteko"
Apustuaren bezperan zer moduz zaude?
Azken egunera ailegatuta alferrik da gaizki nagoela esatea. Egia esan, oso ondo eta gustura nago. Dudan beldurra da entrenamenduetako denborak plazan ez ematea, baina lan saioetako maila plazan ematen badut, ni gustura.
Goizean jaiki eta apustura arteko orduak nola igaroko dituzu?
Lasai antzean. Goizean, Urrestillara, Loreto aldera, egingo dut mendi buelta. Gero, etxe berria eraikitzen ari garenez, han entretenituko dut burua, lantxoren bat edo beste egiten.
Zer bazkalduko duzu?
Amak prestatuko dizkidan makarroiak eta oilasko pixka bat.
Eta afaldu?
Mendizabalenean mahaira ateratzen duten dena. Orain arte zaintzen aritu gara, eta 1866 kopa bat ere edan beharko dugu.
Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka arituko zarete. Non egongo da gakoa?
Aizkoran. Harria jasotzearena hiru bat minutuko lana da, eta hor ez dago batak besteari aldea ateratzerik. Nola edo hala, aizkoran atera behar diot aldea, gero korrika aurretik hasteko. Izan ere, badakit harekin batera edo atzetik hasten banaiz lasterka ez dudala zereginik, korrika ni baino gehiago baita. Aizkoran bi enborren errenta emana diot, eta egin behar dudana da beste bat kendu, hura korrikan hasterako nik abantaila edukitzeko.
Esan ohi da apustua lotzen den egunean irabazten dela. Bi enborreko abantaila emanda, ez al zara eskuzabalegia izan?
Apustua egin genuen egunean, nire laguntzailea den Inixio Zendoia Basandeik esan zidan irabazteko modukoa egin genuela.
Korrika egitea gauza bat da, eta, bestea, plazari bueltaka aritzea.
Bai, 75 buelta eman behar dizkiogu plazari. Halere, jendeak esaten zidan korrikarako zezen plaza txarra dela, baina lur oso ona du, eta gu ibiltzen garen abiadurarako ez da hain txarra. Egia esan, uste nuen gehiago sufrituko nuela.
Eguraldiari dagokionez, zer kondizio litzateke ideala?
Euria dago iragarrita, eta asko eginez gero, ibilian-ibilian, arriskua dago lokatza sortzeko. Ederrena litzateke ateri egitea eta lainope, freskura pixka batekin, ez berotzeko. Nolanahi ere, egiten duena egiten duela, biontzat giro bera izango da.
Moto lasterketetan, pilotuek geldialdia egiten dute boxetan, depositua betetzeko, pneumatikoak aldatzeko… Harri jasotzea, aizkora eta korrika batzen dituen triatloia egin ahal izateko arropa, oinetakoak… aldatzeko nola moldatuko zara? Zein laguntzaile izango dituzu?
Oinutsik jasoko dut harria, eta 20 altxaldi egitean, txalekoa, gerrikoa eta galtzak kenduko ditut, eta azpitik eramango ditudan malletan geratuko naiz. Zapatilak jantzi eta aizkorari ekingo diot. Jon Unanue Goenatxo, Joxe Ugarteburu eta Basandei izango ditut alboan, laguntzen.
Eneko Otañoren aurkako aizkora apustua irabazi egin zenuen, 2014an. Biharkoa zure bigarren desafioa duzu.
Bai, eta zezen plazan ariko naizen lehen aldia dut biharkoa.
Plazara amuletoren bat-edo eramango al duzu soinean?
Ez. Hori bai, hasterako, baita entrenamenduetan ere, aitagurea beti egiten dut. Zeruan jainkorik bada, ba laguntzeko, eta ez badago ba, kito. Badaezpada, egin.
Nola ikusten duzu Txikon?
Hura mutil gogorra da, eta sufritzen badaki. Mendi horietan ibilita zailduta dago mutila. Hark berea beti emango du, hori garbi dago. Erronka irabazi nahi badut, bera baino gehiago egin beharko dut.
Zeure inguruan zer giro sumatzen duzu?
Etxean, aita-amak ez dira apustu zaleak. Eta neskalaguna ere azkar haserretzen da erronkaren bat lotuz gero. Baina apustu bezperan, ez dago besterik, eta animatzen naute. Otañoren kontrako erronkara ez zirela joango esan zidaten, baina, gero, ustekabean, han azaldu ziren. Eta bihar ere plazan izango dira.
Apustua irabaziz gero, nori eskainiko diozu garaipena?
Egunero-egunero babesa ematen inguruan izan ditudan laguntzaile kuadrillatxoari eta etxekoei.
Eta arerioa mendean hartuz gero, lortutako irabaziekin zer egin pentsatu al duzu?
Bai. Etxe berria ari gara egiten, eta han inbertituko dut. Halere, nik ez dut nahi dirua irabaztea, Txikoni irabaztea, baizik.
Alex Txikon: "Lan txukuna eginez gero, baditugu aukerak irabazteko"
Biharko desafioari begira, nola zaude?
Ondo, tentsio puntu batekin, baina kontrolatuta dut; izan ere, urduritasuna gehiegizkoa bada, jan egiten zaitu horrek. Ez naiz Mikel bezain plaza gizona honetan, baina mendian-eta esperientzia badut, eta, oro har, oso gutxitan jartzen naiz urduri.
Bihar, apustura bitartean, zer egingo duzu?
Egunerokoa. 07:00ak aldera jaiki, gosaldu eta Lemoatxan barrena ordubete inguruko mendi buelta egingo dut.
Eta bazkaltzeko, zer?
Pasta apur bat eta okela. Garaiz bazkalduko dut, digestioa ondo eginda ateratzeko plazara.
Apustu ondoren goserik bai?
Oro har, gutxi. Esfortzua eginda gero ez zait sartzen jatekoa.
Hiru kirol modalitateetan, zein izango da Larrañaga mendean hartzeko gakoa?
Apustuaren gakoa aizkoran egongo da. Harria jasotzen bera izango da aurretik, hori argi eta garbi, baina lan horretan aldea ez da izango handiegia. Eta korrikari dagokionez, ikusi beharko da... Aizkoran izugarrizko aldea ateratzen badit, gero nik ezingo diot hori lasterka kendu.
Arerioa baino bi enbor gutxiago ebakiko dituzu. Korrikarako garaian, gainera, 21 kilo arinagoa zara. Larrañaga ez al da eskuzabalegia izan?
Bi egurren abantaila eman dit bai, baina kontuan izan behar da martxoaren 16an 66 kilo nintzela [78 kilo da orain]. Hiru hilabetetan prestatu behar izan dut eta izugarri kostatu zait aizkoran erritmoa hartzea. Gainera, bera aizkolaria da.
Apustua hitzartzen denean irabazten dela dio esaerak...
Aurreko bietan bai, mahaian galdu genituen apustuak, baina, oraingoan, parekatuta dago desafioa. Badakit zertan sufrituko dudan, baina entrenamenduetako maila plazan eman eta lan txukuna eginez gero, baditugu aukerak irabazteko.
Zein da zezen plazan korrika egitearen zailtasun handiena?
Gerriaren atzealdea kargatzen da, eta luze egiten da. Hor gakoa izango da aizkoran lanak zer-nola egiten ditudan.
Zer eskatzen diozu eguraldiari?
Euria egin dezala. Hartara, pista pisutsu jarriko da, eta berari kostatu egingo zaio korrika egitea. Edo, bestela, eguzkiak berotu dezala ondo; nik sufrituko dut, baina hark gehiago. Guk muturreko egoerak behar ditugu.
Moto lasterketetan, pilotuek geldialdia egiten dute boxetan, depositua betetzeko, pneumatikoak aldatzeko… Bihar triatloian arropa, oinetakoak… aldatzeko nola moldatuko zara?
Zapatilak jantzita altxako dut harria, eta azpitik aizkorarako arropa eramango dut, baina, gero, txalekoa, gerrikoa, zapatilak eta prakak kentzen minutu eta erdi beharko ditut. Aizkoratik korrikara berdin-berdin goaz.
Zein izango dituzu ondoan?
Joseba Ostolaza eta Ernesto Ezpeleta
Bihurri.
Biharko desafiora eramango al duzu amuletorik?
Bai, Nepalen erosi nuen koral naturaldun lepokoa.
Nola ikusten duzu Larrañaga?
Egundoko plaza gizona da, oso ondo prestatuta dago, eta pisuz eta sasoiz indartsu.
Ingurukoek zer diote biharko desafioaz?
Apustuaren mundua Bizkaian ez da bizi hemen bezala. Jendeak badaki erronka dudala eta kalean-eta aitatzen didate. Amak dio agian ez dela etorriko, semea sufritzen ikusita sufritu egiten duelako, baina, bai, etxeko guztiak hemen izango dira bihar.
Larrañaga mendean hartzen baduzu, norekin oroituko zara?
Ez dakit. Sentitu egin behar da momentua hori esateko.
Irabazten baduzu, zer egingo duzu eskuratzen duzun diruarekin?
Apustu hau prestatzen aritu garen guztion artean banatuko genuke zati bat, eta gainontzekoa SOS Himalaya eta Felix Baltistan fundazioetara bideratuko dugu.