Horiek kudeatzeko eskumenak eman dizkio Urola Erdiko Mankomunitateak Lapatx Zabortegia SAri. Obretako hondakinak eraman ahal izango dira garbigunera, besteak beste.
Lapatxeko zabortegiak gaur egun duen itxura. (Maialen Etxaniz)
Urola Erdiko Mankomunitateak (UEM) eskumenak eman dizkio Lapatx Zabortegia SAri eraikuntza eta eraispen hondakinak, Lapatxeko garbigunea eta hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko. Era berean, zabortegiaren zigilatze lanen eta horiek amaitutakoan egin beharreko zaintzaren eta kontrolaren kudeaketaz ere arduratuko da Azpeitian dagoen zabortegia kudeatzen duen elkartea. Hori dela eta, Lapatx zabortegia "aro berri batean" sartzear dagoela esan du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak, Lapatxen bertan egin zuen agerraldian.
2016ko abenduaren 1ean itxi zuten Lapatxeko zabortegia, Gipuzkoan hiri hondakin solidoak hartzen zituen azkena. Itxierarekin, "zabortegia behin betiko ixteko beharrezko diren tramite, zigilatze eta bestelako neurriak hartzen hasteko garaia ireki" zela esan zuen orduan Bereziartuak; eta lan horiek Lapatxen azken hondakinak sartu eta aste gutxiren buruan hasi zituztela baieztatu du gaur.
Horrela, zigilatze prozesuaren proiektua egina du mankomunitateak, eta proiektu hori aurrera eramateko baimenen tramitazio fasean dago orain Eusko Jaurlaritzarekin. Behin zabortegia zigilatzeko baimenak lortuta, "urte batzuetako" prozesua izango dela aurreratu du Bereziartuak, "zabortegiak lau edo bost urte behar baititu egonkortzeko". Bide horretan, zabortegiak gaur egun oraindik sortzen duen kutsadura –lixibatuak eta metano isuriak, esaterako– saihesteko, behin-behineko neurriak hartzen hasia da mankomunitatea. Zigilatze lanak egin bitartean, behin-behineko estaldura bat jarriko dute lehen hondakinak batzen ziren lur eremuan, euri urak lixibatu bihurtzea saihesteko eta metano gasak atmosferara zuzenean isuri ez daitezen. Bereziartuaren arabera, "helburua da modu horretan berotegi efektua saihestea". Estaldura lan horiek martxan dira urtea hasi zenetik.
Garbigunea, indartuta
Lapatxen bertan dagoen garbigunearen "kudeaketa hobetzea" ere nahi du Urola Erdiko Mankomunitateak, eta horretarako neurriak hartzen hasiko direla aurreratu du agerraldian Bereziartuak. "Xedea da herritarrei zerbitzu zabalagoa modu egokiago batean eskaintzea. Horretarako, adibidez, epe motzean arrain hondakinak jasotzeko gunea izango da garbigunean".
Horrez gain, egurra edo plastikoa bezalako hondakin ez arriskutsuen zein eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeatzaile lanetan aritzeko baimenak tramitatzen ari dira Eusko Jaurlaritzarekin mankomunitatearen arduradunak. "Baimenak lortutakoan, gure mankomunitatean sortutako hondakin ez arriskutsuak modu egokian tratatu ahal izango dira, eta posible izango da tratatu ezin den zatiari irteera modu egokiago batean ematea ere", azaldu du Bereziartuak.
Zenbait gremiotan lan egiten duten herritarrek, igeltseroek kasu, hondakinak Azpeititik kanpora eraman behar izaten dituztela jakin du mankomunitateak, eta horri Lapatxeko garbigunean bertan "irtenbidea ematea" da, hain zuzen ere, neurri berrien xedea.
Bilketa sistema berrirako prestatzen
Luzatzen ari dira Azpeitian hondakin sistema berriaren ezarpenerako iaz aurreikusi zituzten epeak. Aurtengo lehen hilabeteetarako izan behar zuena, udazkenera atzeratuko da azkenean. UEMren 2017ko aurrekontuak onartzeko zain zeuden, prozesua martxan jartzeko; eta aurrekontuak onartu dituztela jakinarazi du gaur Aitor Bereziartuak.
Bai Azpeitiko sistema berriaren eta bai mankomunitateko industriako zabor bilketaren "xehetasun gehiago irailean" emango dituzte.