Gorka Azkune. (Elhuyar)
Intuizioaren bide ilunak argitzen artikuluarekin lortu duzu CAF-Elhuyar dibulgazio saria. Adimen artifiziala landu duzu. Nola koka dezakegu gaia?
Intuizioa definitzen da ezagutza ez-arrazionala bezala. Hau da, eguneroko bizitzan esperientziarekin eta praktikarekin hartu dugun ezagutza bezala. Gertatzen dena da intuizioaren bidez askatzen ditugun arazoak sinpleak direla. Adibidez, argazki bat erakutsi eta galdetzen badidazu zer agertzen den bertan, niretzat erraza da esatea mendia ageri dela edo pertsona bat dagoela. Baina intuizioaren bidez askatzen ditugun arazo horiek dira, hain zuzen ere, ordenagailuarentzat zailenak direnak. Esaterako, bost zifrako biderketa bat buruz egiteko esango banizu, nahikoa lanekin ibiliko zara; ordenagailu batek, berriz, milisegundotan egiten du. Beraz, guretzat zailak diren arazoak ordenagailuarentzat errazak dira, eta alderantziz. Zergatik da hori horrela? Ordenagailuek ez dutelako guk dugun intuiziorik.
Alabaina, zure lanean azaltzen duzu ikasketa teknikak erabilita gizakiaren intuizioaren antzeko zeozer lortzen saiatzen ari direla makinekin.
Hala da. Makinek ere ikasketa gaitasunarekin gure intuizioaren pareko gaitasunak lor ditzakete. Gaur egun, oraindik mugak asko izan arren, gure ustez intuitiboak diren gauzak dagoeneko ikusten dituzte makinek.
Adituek zioten Go-ko jokalari onenei irabaziko zien makinarik ez zela izango 20 urtean. Iaz, ordea, Deep Mind enpresak AlphaGo makinarekin irabazi zion munduko txapeldun handienetakoa den Lee Sedoli.
Adimen artifizialean jende askok jartzen zuen mugarri hori. Intuizio handia behar duen jokoa da Go, eta uste zen ez zela lortuko epe motzean, baina lortu egin da. Eta lortu da, hain zuzen ere, makinari dena programatuta eman beharrean, berak lana egin dezan libre utzi zaiolako. Gaur egun, arazo bat planteatzen zaio makinari, eta libre uzten zaio probatzen eta erabakiak hartzen. Eta horietatik ikasi egiten du, ume txikien antzera. Lee Sedolek hainbat estrategia erabili zituen AlphaGo menderatzeko asmoz. Partida batean, nahita, gaizki jokatu omen zuen, egoera haren aurrean AlphaGok zer egin ez zuela jakingo pentsatuta. Estrategiak huts egin zion, ordea. Sedolek hirutik partida bakarra irabazi ahal izan zuen, oso mugimendu bikaina egin zuelako. Ingeniarien arabera, makinak aurreikusi zuen mugimendu hura, baina oso probabilitate baxua eman zionez, ez zen hartarako prestatu. Era berean, adituek diote beraientzat harrigarriak diren mugimendu bikain asko egin zituela makinak.
Etorkizuneko erronka al da AlphaGo-k darabiltzan neurona sareak eta ikasketa teknikak gure eguneroko arazoak konpontzeko erabiltzea?
Jendea lanean ari da AlphaGo bezalako mahai jokoetan oso onak diren aplikazioen antzeko teknikak eguneroko arazoak konpontzeko erabili ahal izateko. Adibidez, finantza arloan inbertitzerakoan zer estrategia den egokia erabakitzeko erabilgarria da. Antzeko teknikak ari dira aplikatzen zientzian ere: gure azalaren argazkien bidez, azaleko minbizia detektatzeko gai dira algoritmo batzuk. Horrelako gauzak oso garrantzitsuak dira gure eguneroko bizitzan.
Nola otu zitzaizun adimen artifiziala aztertzea?
Ingeniari informatikoa naiz, eta unibertsitatean bagenituen zenbait gai adimen artifizialaren ingurukoak. Orduan jabetu nintzen asko gustatzen zitzaidala gaia. Horrez gain, txikitan guztiok ikusi ditugu robotak marrazki bizidunetan, eta askotan pentsatu dut nola den posible pertsona baten gaitasunak dituen makinak lortzea. Hori guztia oso erakargarria iruditu izan zait beti. Iaz aurkeztu nuen adimen artifizialaz doktore tesia, eta egun DeustoTech Institutuan ari naiz ikertzaile lanetan.
CAF-Elhuyar irabazten duzun seigarren aldia duzu. Baduzu zientzia gizartera gerturatzeko kontzientzia, ezta?
Bai, uste dut oso garrantzitsua dela gauza askogatik. Batetik, ikerlariok, normalean, diru publikoarekin egiten dugu lan, eta uste dut gizarteari azaldu behar diogula zer egiten dugun. Eta hori zientzia dibulgazioaren bidez egiten da. Bestalde, oso garrantzitsua da gizarte askoz ere informatuagoa lortzeko. Ez gara jabetzen, baina gizartean hartu beharreko erabaki askoren oinarrian zientzia dago. Ezaguera zientifikoak erabaki hobeak hartzeko gaitasuna ematen du. Benetan nahi badugu gizartea parte hartzaileagoa izatea, garrantzitsua da gizarte horrek kultura zientifiko egokia izatea. Eta horretarako bidea hezkuntza da batez ere, baina baita dibulgazioa ere. Niretzat ardura soziala da zientzia gizarteratzea.
Amari eskaini diozu saria.
Bai. Amak ez zuen aukerarik izan ikasteko. Beste garai batzuk ziren; oso gaztetatik lan egitea egokitu zitzaion. Formakuntza gabeko pertsona izanagatik, beti transmititu digu oso garrantzitsua dela hezkuntza. Zentzu horretan, beti izan dut bere babesa, eta beti saiatu da bitarteko guztiak eskura jartzen. Askotan esan digu utziko digun herentzia hezkuntza izango dela. Lau semeren ama izanda, imajinatu zenbat lan egin behar izan duen. Alde horretatik, dena zor diot amari.