Aitor Zubillaga: "Droga bat bezalakoa da niretzat korrika egitea"

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 9a, 10:51

Azpeitiko eta Azkoitiko Xeye atletismo taldeak pistako denboraldia amaitu berri du, eta taldeko bi atletak emaitza onak lortu dituzte. Pistako 60 metroko proban, Euskadiko eta Gipuzkoako junior mailako txapelketa irabazi du Zubillagak

Aitor Zubillaga. (Ihintza Elustondo) Pistako 60 metroko proban, Euskadiko eta Gipuzkoako junior mailako txapelduna da Aitor Zubillaga (Azpeitia, 1999). Horrez gain, Espainiako txapelketan hamargarren postuan sailkatu da. Pozik egongo zara, ezta? Beharko gustura egon; batez ere, Espainiako txapelketan lortutakoarekin. Euskadiko txapelketa lehen aldiz irabazi dut, baina denboraldi honetan aurreikusten nuen irabaziko nuela. Espainiakora, izatez, disfrutatzera joan behar nuen, baina, azkenean, gauzak ondo atera dira. Gustura nago; inork ez zuen espero halako emaitzak lortuko nituenik. Nola entrenatzen zara? Azpeitian pistarik ez dugunez, kanpora joan behar izaten dut: Elgoibarrera edo Donostiara. Hurrengo urtean, Donostian entrenatuko dut beti, han hasiko bainaiz ikasten. Astean zenbat aldiz entrenatzen zara? Aste normal batean, sei egunetan-edo, eta beste batzuetan, zazpi aldiz ere bai. Gogoa izanez gero, beti dago zerbait egiteko. Ia egunero entrenatuta, ez duzu parranda askorik egingo… Saninazioetan, eta askoz gehiago ez. Lagunek esaten didate: «Bizitza disfrutatu beharko duzu ba!». Eta nik entrenatzen eta lehiatzen disfrutatzen dut. Izugarri gustatzen zaizu korrika egitea, ezta? Bai, bai. Azkenean, obsesio bat da. Denbora librea dudanean ere ordenagailuan sartu, eta informazioa bilatzen aritzen naiz: eliteko atleten entrenamenduen inguruan, teknika aldetik zein psikologikoki zer komeni den... Hainbeste gauza daude hobetzeko... Detaile txikiena ere kontuan izan behar da; izan ere, edozein xehetasunengatik lehen egitetik azken postuan amaitzera pasatu zaitezke. Zer abiadura har dezakezu? Usain Boltek, adibidez, 44 kilometro ordu inguruko abiadura hartuko du, eta, guk, 30etik gorakoa. Zer izan behar da kontuan hain azkar korrika egiteko? Zarena baino hobea zarela sinetsi behar duzu; azkarrena zu zarela. Nahiz eta gezurra izan, txuleri puntu hori ondo etortzen da. Dena buruan dago eta. Kirol oso indibiduala da atletismoa. Ez da gogorra bakarrik aritze hori? Niri ez zait batere gogorra egiten. Aurrez, futbolean ibiltzen nintzen, eta lesioengatik utzi nuen. Atletismoa probatzea erabaki nuen, eta inoiz hartu dudan erabakirik onena izan da. Nire bizitza da orain. Hori kentzen didate eta… Hankaren bat hautsiz gero… Ez dakit zer egingo nukeen. Ordezko hanka jarri eta paralinpikoetara aurkeztuko nintzateke agian. Benetan diot. Abiadurak sortzen duen adrenalina horrek harrapatu egin nau. Droga bat bezalakoa da niretzat korrika egitea. Mendekotasuna dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide