Preso gaixoak askatzea eskatu du Azpeitiko Sarek

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 8a, 17:49

Sareko kideek azaldu dute gaixorik diren euskal presoen azken asteetako albisteek "alarma gorria" piztu dutela. Azken gertaerak salatzeko eta gaixorik diren presoen askatasuna eskatzeko datozen egunetarako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Azpeitiko Sareko kideak anbulatorio aurrean egin duten agerraldian. (Julene Frantzesena) Azpeitiko Sarek preso gaixoen askatasuna eskatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Izan ere, Sarek hainbat protesta ekitaldi deitu ditu astebururako. Ostiralean, 19:00etanm elkarretaratzea egingo dute Tolosako Triangulo plazan, eta larunbatean kontzentrazioa Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan 13:00etan hasita. Horrez gain, jakinarazi dute otsailaren 24an egingo den azken ostiraleko Azpeitiko kontzentrazioa anbulatorio aurrean egingo dutela, Gaixo larriak askatu lelopean. Sareko kideek azaldu dute gaixorik diren euskal presoen azken asteetako albisteek "alarma gorria"piztu dutela. Eta, besteak beste, gogora ekarri dituzte Ibon Iparragirre 24 orduan bi aldiz jipoitu dutela beste preso batzuek, eta Oier Gomez eta Manu Azkarate ospitaleratu izana. Azpeitiko Sareko kideek diotenez, preso gaixoen gaiak "okerrera" egin du azken hilabeteotan: "Bi preso batu dira zerrenda beltz honetara; Manu Azkarate eta Joseba Borde. Guztira, 12 dira gaixo dauden presoak, inoizko kopuru altuena. Eta Oier Gomezen emaitzak jakitean zerrenda luzatu egin daiteke". Sarekoek diote horiek "egoera larritu izanaren" adibide batzuk besterik ez direla. "Guk kezka handiz jasotzen ditugu berri hauek. Ez da ulergaitza nazioarteko itunek, Mandela arauek, Espainiako eta Frantziako legediek... larri gaixo diren presoek askatasunean izateko duten eskubidea azpimarratzea, eta euskal presoen kasuan espetxean mantentzeko asmoz salpuespen neurriak erabiltzea". Sareko kideek diote "larriki gaixo" eta "kartzela" uztartu ezin diren bi hitz direla. Horregatik, Espainiako eta Frantziako gobernuei "gizatasuna eta justizia" eskatu dizkiete, "giza eskubideak errespetatu eta beraien legediak betetzen has daitezen berehala". Hori lortzea euskal jendarte osoari eta norbanakoei nahiz agintari politikoei dagokiela ere esan dute. "Pertsona bakar bat espetxean egoera horretan egotea onartezina bada, gero eta pertsona gehiago egoteak zer pentsatua eman behar liguke. Horregatik, egoera salatzea eta herritar guztientzat eskubide guztien defentsa irmoa egitea jendartearen ardura da, guzti-guztiona eta gutariko bakoitzarena".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide