Quintana, Pozo, Horrillo, Masa eta Larrañaga, erakusketan. (E. Albizu Lizaso)
Urte luzez ari dira lanean Azpeitiko Arte eta Diseinu akademiako kideak. "Betidanik", esan dute beraiek. Izan ere, 1980an ireki zituen ateak akademiak, eta ordutik ez dute egin geldialdirik. Ikasturte adina erakusketa jarri dituzte herrian;?Antxietan izaten ziren lehendabizi, eta Betharram aretoan jartzen dituzte azken urteetan. 80 ikasle inguru izan dituzte aurten, umetatik hasi, eta 80 urte artean. Haien lanak bildu dituzte: marrazkiak, eskulturak, taillak, koadroak eta abar daude ikusgai, hilaren 30a bitartean. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara dute irekita erakusketa;?eta 12:00etatik 14:00etara, larunbat eta igandeetan.
Umeekin marrazketa eta eskulana lantzen dute gehien. "Dena den, gehienbat oinarrizko gaitasunak lantzen ditugu:?sormena, imajinazioa eta psikomotrizitatea, adibidez", azaldu du Beatriz Pozo irakasleak. "Edozer arte mota" lantzen dutela gehitu du Miriam Quintana irakasleak, "norberak nahi duena, interesatzen zaiona". Astean sei ordu izaten dituzte haurrek akademiara joateko, eta beraiek aukeratzen dute maiztasuna.
Helduekin, berriz, teknikak jorratzen dituztela esan dute. Leticia Masa ikasle azkoitiarrak adierazi du marrazketa lantzen duela gehien berak. Izan ere, "askatasuna" da beraien lana egiteko moduaren gakoa. "Hona iristean, inork ez dizu esaten zer edo nola egin behar duzun, eta hori da gehien gustatzen zaidana", esan du Intza Larrañaga ikasle azpeitiarrak.
"Imajinazioa soltatzeko eta lantzeko" modu gisa ikusten du eskola, berriz, Beatriz Horrillok. Dena dela, azaldu dute, ordu libreez gain, teknikak eta jarraibideak ere ikasten dituztela. Arautua eta librea, bi moduak tartekatzeko aukera dutela diote.
Denek balio dezakete
Edonork balio du marrazketarako, Quintanaren arabera. "Horretarako gaude gu hemen: inoiz marrazkirik egin gabeko jendea hasi izan da gurekin, eta orain, koadroak egiten dituzte". Pozok esan du gakoa "beldurra galtzea" dela: "Marrazten ere ikasi egiten da, beste guztia bezala. Batzuek berezko gaitasuna dute, baina praktikarekin ikasten da, oro har".
"Jaso eta emateko ikasketa prozesua»?iruditzen zaie beraiena. Quintanak dio "asko ikasten" dutela ikasleengandik: "Ikasleen imajinazioarekin txundituta gelditzen gara, aberasgarria da".
Kalera begira
Herriari artea eskaintzen saiatzen dira Arte eta Diseinuko kideak. Hori dela-eta, "gustura" parte hartzen dute herriko ekitaldietan, esate baterako, Ingurumena Herritik azokan egon ziren pasa den asteburuan.
Uztailean ere, Soreasuko pasabidearen alde bat margotuko dute, kultura ardatz hartuta, udalekuetan dabiltzan herriko umeekin elkarlanean.