"Ikuspegi orokorrarekin" lantzen du Azpeitiko Udalak drogomenpekotasuna

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko mar. 4a, 17:20

(E. Albizu Lizaso) Azpeitiko Udalak joan den urtean onartu zuen 2014-2019 Drogomenpekotasunaren eta adikzioen plana, baina hura berritzen ari dira tarteka-tarteka, "drogak aldatu egiten direlako, gizartearekin batera", Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan. "Prebentzioari", "asistentziari" eta gaiaren "gizarteratzeari" begira jarri zuten abian programa joan den urtean, eta honako pertsonei eskaintzen diete arreta gehiena: ume eta gaztetxoak, arazoak dituztenak, ahulak, bazterkeria egoeran daudenak eta delituren bat egin dutenak. Plan horren baitan, egitasmo ugari dituzte, eta hauek nabarmendu dituzte Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Izar Arregi psikologo eta pedagogoak:
  • Esku-hartze programa: 60 familiak parte hartzen dute bertan.
  • Hezkuntza zentroetako saioak eta hitzaldiak: DBH, Batxillerra eta Lehen Hezkuntzako azken urteetan eskaintzen dira. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek 20 orduko formazioa jasotzen dute mendekotasunaren inguruan, urtez urte 4-5 saio eginda.
  • Ikasleei zuzendutako irteerak: Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni zentrora 55 ikasle joango dira, adikzio arazoak dituzten gaixoen inguruko azalpenak entzutera.
  • Guraso eskolak: 6 eta 15 urte bitarteko gaztetxoen gurasoentzat eskolak, familiako koerantzukizunaren inguruan.
  • Prebetzioa festetan, Ai Laket! elkartearekin batera.
  • Gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonei begira, hezitzaileak, foroak eta terapiak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
  • Elkarlana, Gaztelekua eta osasun zentroarekin.
Izadia elkarteko langilea da Izar Arregi, eta haiek kudeatzen dituzte Azpeitiko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak. Arregik azaldu du drogomenpekotasun eta adikzioaren gaiari "ikuspegi orokor" batetik heltzen dion udal bakarrenetakoa izango dela Azpeitikoa, eta jarrera hori garrantzitsua dela nabarmendu du. Zerbitzua hobetu asmoz, saiatuko dira 20 urte inguruko gazteekin ere saioak egiten, haiek sortzen baitiete "kezka" gehiena. 16 eta 20 urte bitarteko ikasleentzat, esaterako, prestatzen ari dira saio batzuk, udan zehar egiteko. Horrez gain, 18 urtetik gorako seme-alaben gurasoentzat ere prestatuko dituzte eskolak. Horri  lotuta, guraso eskola gehiago eskaintzeko asmoa dute.

Ohitura aldaketak

Arregik azaldu du "krisi ekonomikoaren eraginez" aldatzen ari direla kontsumitzeko ohiturak gazteengan. Gutxiago kontsumitzen dute hatxixa, baita speed-a edo kokaina ere, garestiak direlako. Dena den, Arregiren arabera, gorantz doa ketaminaren kontsumoa gazteen artean, eta heroina ere ikusi izan dute. "Alkohola ere gehiago kontsumitzen da, batik bar, nesken artean, eta hori sexu harreman ereduekin dago lotuta", esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide