Elkarri berotasuna emateko modua

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko aza. 18a, 12:30

(E. Albizu Lizaso) "Ikusi arte ezin da sinetsi zer poz hartzen duten haurrek gustuko erropa ematen diegunean. Horregatik bakarrik merezi du arropa bankuan lana egiteak". Horrela azaldu du Maria Luisa Irulegik zergatik gustatzen zaion herriko arropa bankuan boluntario gisa jarduteak. Berarekin ziren beste lau emakumeek irribarre egin, eta bat egin dute erantzunarekin, buruarekin baietz esanez. Mila Landa, Ana Mari Campos, Juani Amenabar, Isabel Blanco eta Joxe Agirre dira arropa bankuko bihotza, Irulegirekin batera. Bost aste igaro dira Azpeitiko arropa bankua ireki zutenetik, eta herritarren erantzuna "bikaina" izan dela azaldu dute boluntarioek. Elkar-ekin-ek abiatu zuen egitasmoa, eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean kudeatzen dute arroparen banaketa. Elkar-ekin taldeak irekitako bigarren eskuko azokara arropa asko iristen zela ikusi zuten, eta arropa bankua irekitzea pentsatu zuten. "Azpeitian ez dugu zerbitzu hori. Inguruko herrietan baditu halako batzuk Caritas-ek, eta haiek lana nola egiten duten ikusi genuen", esan du Irulegik. Beraien helburua da Azpeitian bizi direnei eta beharra dutenei arropa ematea; horregatik jarri ziren harremanetan udalarekin. "Udaleko Gizarte sailean zerrenda bat egiten dute, eta beraiek kudeatzen dute nork hartu behar dituen arropak", adierazi du Irulegik. Beraz, Soreasuko lokalera arropa bila joaten direnek Udalak sinatutako ohar bat eta pasaporteko edo karneteko zenbakia eramaten dute. Arropa bankuko boluntarioek, berriz, jantzi egokiak aurkitzen dizkiete. Astean hamar familiari ematen diete arropa. Udalak irizpide batzuk zehaztu ditu, arropa behar gehien dutenei bideratzeko: Azpeitian erroldatutako pertsonek jaso ditzakete jantziak, eta lehentasuna izango dute adin txikiko umeak dituztenak. Horrez gain, diru sarrera gabeak edo diru-sarrera gutxi dituztenak hartzen dituzte kontuan. 160 familia inguru identifikatu dituzte jantzien beharrean, eta 60 familiarekin egon dira dagoeneko. Boluntarioek sumatu dute jaiotzez azpeitiarrak diren familiei kostatu egiten zaiela arropa bankura joatea. Hori dela-eta, nabarmendu dute diskrezioa dela euren ezaugarri nabarmenena: "Guk ulertzen dugu gogorra dela hona etorri, eta ezagunei arropa eskatzea. Baina gure errutina da hau, eta hemendik ez da ezer irteten: ez nor etortzen den, ez zer eramaten duen".

Erantzun ona

(E. Albizu Lizaso) Deialdia egin zutenetik arropa ugari jaso dute boluntarioek, eta azpeitiarrei "bihotzez" eskertu diete jarrera hori: "Jendeak ez badu arroparik ekartzen, guk ezin dugu lan hau egin, eta herria ondo portatzen ari da. Beraiei esker lan asko ari gara egiten". Asteburuetan lokala arropaz betetzen zaiela azaldu dute: "Leku hau txiki gelditu zaigu herritarrek eman diguten erantzunarekin". Egitasmo honen ezaugarri berezia da ez duela soldatapeko langilerik. Herritarren indarrarekin egin du aurrera. Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko zinegotziak eskertu egin du boluntarioen lana, eta udalaren babes guztia izango dutela jakinarazi du: "Gure filosofiarekin bat egiten du honek, eta elkarlana indartuko dugu. Elkartasun sozialaren defentsan lan egiten duten guztiak izango ditugu guk kontuan", esan du. Irulegik honela dio: "Denbora librea dugun petsonak gara, eta besteei on egiteko aprobetxatu nahi izan dugu". "Bizitzako egoerek, bizi izandakoak eta ikusitakoak, laguntzeko grin hori pizten dizute", gehitu du Ana Mari Camposek. Astean hiru egun pasatzen dituzte bost boluntarioek arropa bankuan; egun osoa, batzuetan; egun erdia, besteetan. Goizetan banatu egiten dituzte arropak; eta, arratsaldeetan, txukunketa lanak egiten dituzte. "Hasieran, asteko egun guztietan etortzen ginen", esan du Mila Landak. Arropa jasotzen duten herritarrak ere "esker onekoak" direla esan dute emakumeek. "Familiak etortzen dira hona, eta poz handia ematen dute guraso zein haurrek".

Nora eta noiz eraman

Arropak bankura eraman nahi dituzten herritarrek horretarako aukera izango dute honako tokietan: Soreasuko Elkargunean, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan; eta Gazte Informazio Bulegoan, Plaza Txikian, astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara; eta astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 16:30etik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide