Asier Cuevas: "Egia bihurtutako amets bat da munduko txapeldunordea izatea"

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko ira. 15a, 08:00

Cuevas, ostiralean, helmugara iristean.(Gerhard Kotman) Asier Cuevas (Eibar, 1973) Azpeitian bizi den korrikalaria bigarrena izan da asteburuan jokatu duten 100 kilometroko munduko txapelketan. Suediako Jonas Buud izan da lehen sailkatua, 06:22:44 denbora behar izan du 100 kilometroak egiteko. Cuevasek 06:35:49 denboran bukatu du ibilbidea, eta Giorgo Calcaterra izan da hirugarren sailkatua, 06:36:49 denborarekin. Larunbatean jokatu zuten lasterketa, Herbeheretako Winschoten udalerrian, eta astelehenerako lanean zen Cuevas, betiko bizimodura bueltan. Zer moduz sentitzen zara emaitzarekin? Harro nago lortu dudanarekin. Munduko txapelduordea izatea gauza handia da, ez da lasterketa bat irabaztearen parekoa. Gipuzkoan ez dago postu hori lortu duen korrikalaririk, lehena ni izan naiz, horrek ere poza ematen dit. 100 kilometro egin zenituen, sei ordu baino gehiago korrikan. Nola joan zen lasterketa? Nahiko lasai hartu nuen lasterketa hasieran; besteetan baino lasaiago, behintzat. Lasterketa eta aurkarien lana aztertu nituen, eta denborarekin ikusi nuen aurreko postuetan sartu eta ondo mantentzen nuela erritmoa. Egia esan, pixka bat harritu egin nintzen hasieran. Hala ere, denboren mediak beste urteetan bezalakoak izan ziren. Zein zen zure helburua lasterketa hasi aurretik? Edozer gerta daiteke, eta hori badakigu guk. Hala ere, nire helburua lehen hamarren artean sartzea zen. Entrenamenduen plangintzaren amaierako fasea ez zen joan nahi bezala, eta hamarren langa hori jarri nion nire buruari. Munduko txapelketan txapeldunorde izateaz gain, zure marka ondu duzu. Bai, ia hiru minutuan ondu dut. 06:38:56 denbora egin nuen 2011n, Espainiako txapelketan; eta, oraingoan, 06:35:49 denbora behar izan dut. Bestalde, aipatu behar da munduko txapelketa Europan lehiatzen denean, Europako txapelketa ere izaten dela, lasterketa berarekin bi sailkapen egiten dituzte. Beraz, Europan ere bigarren postuan gelditu naiz, lehena Suediakoa baitzen. Nola prestatu duzu txapelketa? 22 asteko prestaketa izan dut, eta azken 11 asteetan entrenamendu espezifikoak egin ditut. Oso argi izan behar duzu zer egin behar duzun eta benetan lehiatzeko gogoa duzula; izan ere, konpromiso handia hartu behar duzu. Ni kontzientziatuta nengoen, banekien egurra jasoko nuela. Txapeldunordea zara 100 kilometroko lasterketetan, baina lana eta kirola uztartu behar bizitzeko. Lana, kirola eta familia uztartzen ditut. Ahalik eta ondoen antolatzen saiatzen naiz, denborari zukua ateratzeko, eta denbora alferrik ez galtzeko. Adibidez, entrenatzerakoan ere, lanetik bueltan, Loiolan gelditzen naiz, ahalik eta denbora gutxien xahutzeko. Azkenean, kiroldegia joan-etorria egite hutsak ere tartea kentzen dizu. Gutxinaka-gutxinaka, aurreztu egiten dut denbora, eta korrika egiteko aprobetxatzen dut. Nolakoa da zure egun bat? Egun gogor horietako bat azalduko dut; goiz eta arratsaldez entrenatu beharreko horietakoa. 5:30ak inguruan jaiki, eta martxan hasten naiz, lantokiko eraikinari ematen dizkiot itzuliak. 7:30ean sartzen naiz lanera, eta 17:30ean irteten naiz. Lanetik irten, eta berriro entrenatzen dut, etxerako bidean. Arratsaldeko entrenamendua bukatu ostean, etxera joan eta afaria prestatzen dut. Zein da zure hurrengo erronka? Orain deskantsatu egingo dut, eta datorren denboraldian ere, munduko txapelketa egonez gero, horri eutsiko diogu. Saiatuko egingo gara berriro. Saiatu, irabazten? Irabaztea zaila da, nire helburua ahalik eta lan onena egitea izango da. Irabaziz gero, bikain; baina nire xedea lasterketa txukuna egitea izango da. Ez diot nire buruari postu bat eskatu nahi, inoiz ezin baita jakin gauzak nola joango diren edo aurkariak nola egongo diren. Zer balorazio egiten duzu zure kirol urteaz? Lasterketa gutxi jokatu ditut, baina lehiatu naizenetan lan ona egin dut. Bestela ere, azken lorpen honekin nahikoa dut: Egia bihurtutako amets bat da munduko txapeldunordea izatea. Lagundu didaten guztiei esker da hori, eta eskerrak eman nahi dizkiet ingurukoei: familiari, entrenamendu taldeari, Odria familiari eta Olatzi, asko lagundu digute. Azpeitiko jendeari ere eskerrak eman nahi dizkiot.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide