Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak osatu dute proiektua, eta proban egongo da bost hilabetez. Zerbitzua jaso nahi dutenek izena eman dezakete udaleko Gizarte Sailean.
Mendekotasuna duten herritarrentzat gauez etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko proiektu bat abiatu dute Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Proba pilotua da, eta abuztuaren 2an hasiko dira. Proiektu horrekin hasteko, hiru pertsona hartu ditu Azpeitiko Udalak. Haietatik bi langile izango dira mendekotasuna dutenen laguntzaileak, eta gauetan dozena bat etxetatik pasatuko dira.Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Saileko teknikariaren arabera, zerbitzua 22:00etatik 07:00etara eskainiko dute, eta etxe bakoitzetik pare bat aldiz pasatuko dira. «Pertsona nola dagoen ikusiko dute, higiene kontuei erreparatuko diete, mugitzen lagunduko diete, medikazioa hartzen, edo edozer erorketa egonez gero ere, han egongo dira», azaldu du Zubiak. Oraingoz, igandetik larunbatera eskainiko dute zerbitzu hori.
Zubiaren hitzetan, proiektuak «arreta pertsonala» eskaintzen du: «Pertsona da erdigunea, berak ez du egokitu behar ingurura. Bera eta bere familia kontuan hartuta moldatzeko modu bat izan daiteke». Hark azaldu du «berritzailea» dela egitasmoa, eta inguruko udalerrietan ez dutela eskaintzen zerbitzu hori. Aldundian aurkeztu zuen Zubiak proiektua, eta han esan zioten herrialdean, Gipuzkoan, ez dutela eskaintzen gaueko zerbitzurik, nahiz eta egunekoa errotuta duten.
Kontratatu duten gizarte langileak koordinazio lanak egingo ditu, eta aztertu egingo du hirugarren adinekoen merkatua. Jarraipena egingo dio proiektuari, eta ikertuko du sektore horrek zer aukera eskaintzen dituen aurrera egiteko. Azpeitiko Udalaren eta Iraurgi Berritzen-en helburua da «bideragarritasuna» duen enpresa bat sortzea. Horregatik garatu dute proiektua, hain zuzen, enplegu planaren barruan. «Etorkizunerako oinarriak jarri nahi ditugu; izan ere, aurrez identifikatuta genuen hirugarren adineko sektore horretan ikusten dugu hazteko aukera», azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.
Etxeberriak gogorarazi du «beheranzko joera» izan duela langabezia tasak azken urtean Azpeitian, eta horretan jarraitzeko asmoa dutela. Beraz, «lanpostuak sortzeko» bide bezala definitu du proiektu berria. Hori aztertzea izango du xede gizarte langileak.
Hezkuntzarekin ere lotu dute zerbitzu hori. Azpeitiko Udalean hirugarren adineko pertsonen laguntzaile izateko ikastaroa eskaini izana jarri du adibide gisa alkateak. Horrez gain, jakinarazi du Azkoitiko Lanbide Heziketan horren inguruko formazio zikloak jartzea litzatekeela helburua.
Izena eman daiteke
Herritarrek izena eman dezakete zerbitzu hori jasotzeko. Horretarako, udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailera joan behar da. Dagoeneko hamar pertsonek eskatu dute zerbitzua. 50 euro ordaindu beharko dituzte hilean laguntza hori eskatzen duten herritar edo familiek.
Bezeroei dagokionez, Zubiak azaldu du Azpeitian erroldatutako 14.788 pertsonetatik 3.008 direla 65 urtetik gorakoak. Haiek izan daitezke zerbitzu berria eska dezaketeenetako batzuk. Bestalde, mendekotasun fisikoa edo mentala duten 598 pertsona identifikatu dituzte herrian. Haietatik 450 dira 65 urtetik gorakoak, eta 148 adin horretatik behera daudenak.