Jaurlaritzako, aldundietako eta zenbait udaletako ordezkariak bildu dira. Zerbitzu espiritualaz gain, «kultura, gastronomia eta natura» ezagutarazteko tresna gisa ikusi dute.
Inaziotar bidea indartu eta haren oihartzuna zabaltzeko apustua egin dute zenbait erakundek Loiolan. Hori adierazteko eta gaur egiten ari diren jardunaldiak aurkezteko bildu ziren atzo, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Gipuzkoako eta Arabako Aldundietako kideak, Azpeitiko eta beste zenbait udaletako alkateak, Arantzazuko ordezkariak eta Jesusen Lagundiaren inguruko pertsonak. Inaziotar bidea da 1522an, Loiolako Inaziok Azpeititik Manresa (Herrialde Katalanak) bitartean egin zuen bidea, 700 kilometro ingurukoa.Donejakue bidearekin alderatu dute San Inaziorena Basquetour Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko elkarteak eta Agencia Catalana de Turisme erakundeak. Esan dute «erromesaldi esperientzia bat» bizitzeko aukera eman dezakeela bideak.
Hala ere, espiritualitateaz gain, azaldu dute tokian tokiko kultura eta natura ezagutzera emateko zein lekuko ekonomia suspertzeko tresna izan daitekeela. «Bidea igarotzen den toki edo eskualdeak ekonomikoki suspertzeko ere modu ezin hobea da», esan du Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariak.
2012tik gai horrekin lanean ari dira Manresan, eta Basquetourruek «eredugarritzat» du haiek zerbitzu turistikoari eman dioten presentzia. «Han jakin izan dute produktua gizarteratzen, eta guri hori falta zaigu», esan du Madariagak. Kataluniarrak «askoz ere egoera aurreratuagoan» daudela adierazi dute, baina lanean jarraitzeko erronka dute mahai gainean.
Kataluniarrak «eredu»
Patric Torrent Agencia Catalana de Turisme-ko zuzendariak esan du beraiek «oso inplikatuta» daudela proiektuarekin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Kataluniarekin batzeko modu bat izan daitekeela ere esan dute ordezkariek, «kultura, natura eta gastronomia» iragartzeko.
Basquetour agentziak prestatua du ekintza plan bat Azpeititik Manresara bitarteko bidea indartzeko. Zazpi ardatz nagusitan banatu du, eta garrantzia eman diote gaia gizarteratzeari, baliabideak indartzeari eta erakundeen arteko elkarlanari.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua ere Loiolan izan zen atzo. Esan zuen beraien helburua dela bidea «ahalik eta ezagunen» bihurtzea. «Basque Country marka» zabaltzen jarraitzeko modua izan daitekeela ere aipatu zuen hark. «Guk garrantzia emanez gero, kanpoko jendeak ere emango dio», esan zuen.
Inaziotar bidearen errealitatea eta aukerak aztertzeko jardunaldia antolatu dute gaurko, eta eguerdia bitartean jardungo dute hark ematen dituen aukeren inguruan.
Udalen arteko hitzarmena
Azpeitiko eta Manresako udalek ere heldu diote gaiari, eta hitzarmena sinatu dute inaziotar bidea sustatzeko eta elkarlanean aritzeko. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Joan Calmet Manresako Udaleko Turismo zinegotzia izan dira sinatze ekitaldian, eta bi ordezkariek argi ikusi dute «garrantzitsua» dela udalerrientzat eta ekonomiarentzat.
Etxeberriak adierazi du «aukera bat» dela herriko ekonomia indartzeko. «Historia erabili dezakegu turismoa indartzeko. Etorkizunera begira, indarra hartuko du honek, apustu estrategikoa da», nabarmendu du. Calmetek, berriz, esan du «elkarlanaren emaitzetan» sinisten dutela beraiek. «Aukera izanez gero, merezi du tren hau hartzeak».