Aitor Gorrotxategi, Azpeitiko EAJko alkategaia. (E. Albizu Lizaso)
Une honetan Bilduko 11 zinegotzi, EAJko bost eta Hamaika Bateko bat zaudete. Zein da zuen helburua maiatzeko hauteskundeetarako?
Azpeitiko egoera bipartidista da, EAJ eta EH Bilduren artean dago lehia. Irabaztea nahiko nuke; eta, une honetan, oso berdinduta ikusten dut egoera. Hankak lurrean ditut, eta maiatzaren 24an hauteskundeak galduz gero, lanera itzuliko naiz. Ilusioa daukadalako eta alkate lanak egiteko gai ikusten naizelako aurkeztu naiz. Hala ere, taldean oinarrituko da nire lana, nire bizitza beti izan baita talde-lana, familiatik hasita; ni entrenatzailea izango naiz, eta denok pasatu behar dugu
ni esatetik
gu esatera.
Taldea aipatu duzu, nola definitzen duzu zuen hautagaitza?
Hasieran, helburu eta irizpide batzuk finkatu genituen taldea osatzeko, eta uste dut %90-95 batean lortu dugula guk nahi genuena. Hiru ezaugarriri eman diet garrantzia: gaztetasuna, esperientzia eta freskotasuna. Jende berria, ideia berriak, lana egiteko modu berria, hori da freskotasuna guretzat. Parekidetasuna eta euskaraz jakitea ere, zalantzarik gabe, ezinbesteko giltza izan dira. Taldea osatzerakoan herritar asko ezagutu ditut, eta batzuek, nahiz eta zerrendan azaltzeko pausoa ez eman, konpromisoa erakutsi dute laguntzeko. Ikusten ez den lan asko dago atzetik. Azpeitiaren alde lan ona egingo duen zerrenda osatu dugu; badakigu dena dela politika, baina nik nahiago dut herrigintza erabiltzea, politikan ehuneko ehun zentratutako lan egiteko modua ez baitzait gustatzen udalentzat.
Zuentzat zein izango da lehentasuna hurrengo lau urteetan?
Nik ez dut sinisten berrehun puntuko programatan, eta bi lehentasun garbi finkatu ditugu. Bizitzeko eta elkarbizitzeko moduko Azpeitia nahi dut; eta, horretarako, berreskurapen ekonomikoa eta kohesio soziala beharrezkoak dira. Arraza, hizkuntza eta kolore desberdinak bizi gara, eta etorkinen seme-alabak azpeitiarrak izango dira hemendik 20 urtera. Errazena da esatea datorren pertsonaren esku dagoela integratzea, baina guk ere baliabideak jarri behar ditugu horretarako. Berreskurapen ekonomikoari dagokionez, denok dakigu Corrugados hor gelditu zaigula, eta horrekin ere zerbait egin beharra dago. Corrugados bezala, beste enpresa asko itxi dira: dugun huts hori bete dezagun lehendabizi; eta, gero, izango dugu berriak sortzeko aukera.
Zer neurri zehatz dituzu buruan?
Arlo ekonomikoan, adibidez, mahai bat osatu nahi dut: herriko agenteekin, Euskadi mailako adituekin, unibertsitateekin... Kohesio sozialaren kasuan, zail egiten zait neurri zehatza ezartzea, talde eta eragileek denok eseri beharko dugu mahaian: zer eska dezakegu? zer eman behar dugu? Hirigintzari dagokionez ere, gero eta etxe gehiago ari zaizkigu hutsak gelditzen, erabaki beharko dugu horiei etekina nola atera.
Azken lau urteei begira, badirudi oposizio otzana egin duzuela. Bilduk gehiengo absolutua izan duelako da, edo, nolabait, neurri gehientsuenetan haiekin ados egon zaretelako?
(E. Albizu Lizaso)
Bi zatitan banatuko nuke agintaldia. Lehen bi urteak eta hurrengo biak. Lehen bi urtean harreman txarra izan genuen, eta beraien jarrera ere txarra izan zen. Uste dut EAEko hauteskundeen ostean aldatu zela egoera; EH Bilduren eta EAJren arteko botoen aldea gutxitu egin zen, eta horrek pisua izan zuen. Hortik aurrera ikusi nuen gure proposamenak kontuan hartzen hasi zirela.
Nik bi gauzak probatu ditut: gobernua eta oposizioa. Biak ezagututa, oposizioko lana zailagoa iruditu zait; gobernuan zaudenean, proiektuak egiterakoan, haurra zuk sortzen duzu zerotik; oposizioan, jaso egiten duzu, eta irentsi egin behar duzu. Erosoena litzateke ekarpenik ez egitea, eta ados ez gaudela esatea, nik ezagutu izan dut oposizio mota hori, baina hori ez da bidea.
Azken bi urtean, ados egon gara neurri askorekin, zenbait gaietan beraien eta gure helburuak berdinak direlako; nahiz eta badiren inoiz ados jarriko ez garen gaiak. Bestalde, lana egiteko eran ditugu desberdintasun nagusiak, beraiei handiegi egin zaielako udalaren kudeaketa edo gu gaudelako beste era batera ohituta, hor oreka bat aurkitu behar da. Hala ere, ezin dute esan ez dietela herritarrei kasu egingo norbere lanorduak bukatzean. Kargu publikoak, onerako edo txarrerako, malguak izan behar dute, eta badakigu horrelakoak gertatu direla.
Zer balorazio egiten duzu azken lau urteez?
Lana egiteko era desberdinak ditugula, hori da nire balorazioa. Txarra eta ona, joko horretan sartu gero, uste dut agintaldia ez dela izan ez oso txarra, ezta oso ona ere: erdian utziko nuke. Denok egin behar dugu hausnarketa. Nik beraiei zera galdetuko nieke: 'Zer egin duzue desberdina, besteek egiten ez dutena?'. Oso erraza da besteak kritikatzea. Niri gehiago gustatzen zait nik eskaini dezakedana azaltzea, eta ez besteei harriak botatzea. Hala ere, guk aztertu dugu guk eta besteek zer egin duten gaizki.
Dirua banatzeko moduan, ez zaizu iruditzen azken gobernuak politika eta laguntza sozialei arreta berezia eskaini diela?
Egoera ekonomikoak ere hala eskatu du. Hala ere, ez dut uste beste gobernu batzuek baino lan gehiago egin dutenik esparru horretan. EAJ agintean zegoenean behar zena jartzen zen arlo horretan, eta orain ere horrela egiten da. Adibidez, Bilduk asko hitz egin du parte-hartze prozesuez; esate baterako, Denon Artean egitasmoaz. Baina gero horren isla agertu da aurrekontuetan? Hala ez bada, ez dit balio webgunean dena zintzilikatzea. Goazen eskaerak biltzera, eta arazoei konponbidea ematera. Egia esan, ez dut ikusi gauza bakar bat ere esateko 'hau, behintzat, gure aldean ondo egiten dute'.
Parte-hartzeaz asko hitz egin duzue azken aldian. Herritarren parte-hartze araudia bozkatu zenutenean, ordea, abstenitu egin zineten.
Bai, gauza batzuekin ez geunden ados. Adibidez, ez genuen argi ikusten 16 urtekoei botoa emateko aukerarena. Ez da hori bakarrik, hausnarketa pixka bat gehiago behar du honek. Bestalde, ordenantzen kontua ez zaigu guri gehiegi gustatzen, oso zailak baitira praktikan jartzeko. Parte-hartzea gauza ona da, baina denok egin behar dugu gure ekarpena.
EAJ hasi da eragileekin eta herritarrekin hitz egiten; orain arte, hori ez zen zuen lana egiteko modua, ezta?
Bai, orain arte agintean egon gara, eta erraza da postura erosoa hartzea. Askotan ahaztu egiten zaigu besteek ere ekarpenak egin ditzaketeela, eta, borondate onenaz bada ere, gurea soilik ikusteko joera dugu. Gizartea aldatu egin da, eta gu ere bai. Aldaketa horren zati izan da EAJ ere. Gu ere kaleko pertsonak gara.
Soreasu hor daukagu. Zuek esan izan duzue Bilduk alboratu egin duela urte hauetan, baina haiek diote zorra ordaintzen nahikoa lan dutela.
Soreasu ilusio handiz hartu nuen proiektua izan zen; izan ere, ikusi genuen kultur mugimendua leku berean jartzea onuragarria izan zitekeela herriarentzat. Ordutik aurrera, entzun izan dut goitik behera eginiko etxea dela. Egoera ekonomiko ona zegoen momentu batean hartu zen erabakia, eta egin egin zen. Gainera, kostatu zenaren %40 kanpoko erakundeetatik lortu genuen. Lekua ere egokia dela uste dut, Alde Zaharrari bizia ematen diezaiokeelako. Talde denekin hitz egin genuen, eta garai hartan ikusi genuen tamaina hori behar zuela.
Beti iruditu izan zait Azpeitian oso inbertsio onak egon direla, baina kulturako azpiegituretan ez dela horrenbeste inbertitu. Zorionez, bi eraikuntza batera etorri zaizkigu: Sanagustin eta Soreasu. Egia da Sanagustin ez balitz egon, ziurrenik, Soreasuk beste indar bat hartzeko aukera izango zuela. Baina, nire ustez, Sanagustin berritu zenean, eta ematen zituen aukerak ikusi zituztenean, bigarren lekuan utzi zuten Soreasu.
Eraikuntza hori hor dago, egina dago, eta bada garaia errealitate horri heltzeko. Nei ez dit balio gaia aztertu gabe asko kostatzen dela esatea; ez, plan bat egin behar dugu, eta horri zenbakiak eta epeak jarri behar dizkiogu.
Zorrari dagokionez, Azpeitiko Udalaren zorra batez bestekotik behera zegoen beraiek hartu zutenean, beraz, horrek ez luke arazo izan behar. Azpeitian dagoen kultur potentziala edukita, ematen du aukera aurrera egiteko. Azken urtean, Bilduk ere onartu du hor dagoela Soreasu, eta horren alde egin behar dela; hori dela-eta, besteak beste, Udal Musika Banda eta abesbatza eraman dituzte hara. Askotan esan didate Soreasu moldatzea oso garestia dela, baina ez al da garestiagoa kultur taldeak zortzi eraikinetan sakabanatuta egotea?
Zer funtzio emango zenioke Kultur Mahaiari?
Guk garbi dugu politikariok ez garela inor Kultur Mahaiak aho batez onartutako proposamenak atzera botatzeko. Hala ere, jasotzen duten aurrekontua denon dirua da. Beraien lana da 22 taldeak kudeatzea eta haiekin sintonia ona izatea, udalak badu kultur departamentua.
Hondakinei dagokienez, hitzarmena sinatu zenuten birziklatze tasa %70ra iris zedin. Zer gertatu da, eta zertarako zaudete prest?
Edukiontzi sistema baten aldeko apustua egin genuen Azpeitian, aho batez onartuta. Guk eskatu genuen gauza bakarra zen atez atekoa ez jartzea. Hori oso ondo dago, baina ni bigarren fasearen zain nago. Erabaki hori garrantzitsua da, baina behar du argitzea nola egingo den, zer pauso jarraituko diren, zer aurrekonturekin... planifikatu gabeko zerbait dela dirudi. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zait jendea kontzientziatzea, baliabideak jartzea, laguntzea... Zertan gelditu da hori?
Nik azkena izan dudan berria aurrekontuen inguruko txosten bat izan da. Hondakinak nola jasoko diren ere ez dago argi, eta hor akatsa egin dugu. Erabaki ona hartu genuen, baina bigarren zatia falta izan da. Orain, hauteskundeetan, inork ez du horretaz hitz egin nahi, baina garbi dagoena da Gipuzkoako biltegia guk dugula, eta hor jarraitzen duela.
Gu sistema integral baten alde gaude, eta sistema horrek errauskailu eskatzen badu, horren alde egingo dugu. Ez dit balio prozesua erdizka egitea, hasitako lana bukatu behar da, hondakinak hartzen dituzunetik desagertzen diren arte. Hamaika aldiz eskatu dugu honetaz hitz egiteko esertzea, baina ez dugu lortu horretaz mintzatzea. Agintaldi berrian egin beharra dugu hau, hasitako bidea jarraitu behar dugu.
Nolako Azpeitia gustatuko litzaizuke?
Azken urteetan aldaketa nabarmena eman da gizartean eta Azpeitian. Egoera ekonomikoak gogor jo gaitu, eta honek erakutsi behar digu gehiegikeriek ez gaituztela hobeak egiten. Azpeitia eder bat nahi nuke bizitzeko eta lan egiteko. Gazteak hemen geratzeko aukera izatea ere nahiko nuke, bertan lana egitea, eta lo ere herrian egitea.