Diego Garciaren omenezko XXII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia jokatuko dute hilaren 28an, eta pixkanaka lotzen ari dira zehaztapen guztiak. Lasterketa antolatzaile den Xeye Atletismo Taldeak, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek, Diego Garciaren senideek eta txapelketako babesleek gaur egin dute probaren aurkezpena, eta lasterketak hasierako izaerari eusten diola azpimarratu dute. Berrikuntzak izango ditu lasterketak, eta maratoi erdiaz gain, lasterketa herrikoiaren barruan patinatzaileena egingo dute lehenengo aldiz.
Gainera, autobus zerbitzu ugari prestatu dituzte egun horretarako. Parte hartzaileak lasterketara joan daitezen, Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik autobusak aterako dira Azkoitira, lehenengo bi hiriburuetatik 14:00etan irtenda eta Gasteiztik 13:45ean abiatuta. 15:00etan iritsiko dira Azkoitira, eta irteera puntutik 200 metrora utziko dituzte korrikalariak. Ondoren, Loiolako basilika aurretik itzuliko dira, 19:30-20:00ak aldean. 13 euroko kostua du zerbitzuak, eta www.sportbus.es helbidean eman daiteke izena. Aldalur enpresarekin ere autobus zerbitzu berezia egongo da, eta Azpeititik irteera eramango dituzte korrikalariak. Lehenengo autobusa 14:30ean irtengo da Azpeitiko igerilekutik, eta ondorengoak Inaxio Uriaren monolitotik abiatuko dira, 15:45era bitartean.
Orain arte Internetez bakarrik egon da izena emateko aukera, www.azkoitia-azpeitia.com helbidean, baina dagoeneko Azpeitiko Robers Kirolak eta Forum Sporten, Azkoitiko Plaza Berri Sporten, Donostiako Robers Kirolaken eta Usurbilgo Forum Sporten (Urbil) ere egin daiteke. Aurten, parte hartzea mugatua izango da, eta maratoi erdirako 1.300 dortsal salduko dituzte, 400 lasterketa herrikoirako eta 200 patinatzaileentzako. Maratoi erdian parte hartzeko, atletismoan federatuta daudenek 21 euro ordainduko dute, eta federatu gabekoek 24 euro. Lasterketa herrikoirako, berriz, korrikalariek 10 euro ordainduko dute, eta patinatzaileek 12 euro. Izena emateko epea martxoaren 26ko gauerdian amaituko da, baina hilaren 20tik aurrera egiten dutenek bost euro garestiago izango dute.
Txipa, dortsalean
Ohi bezala, maratoi erdia 16:30ean hasiko da, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik, eta korrikalariek 21 kilometro egingo dituzte betiko ibilbidean. Lehenengo, ordea, proba herrikoia hasiko da. Hirugarren urtez egingo dute lasterketa herrikoia, 7,5 kilometrotako ibilbidearekin; patinatzaileak 16:10ean abiatuko dira, eta korrikalariak bost minutu geroago. Berrikuntza gisa, gainera, parte hartzaileek txipa dortsalean sartuta izango dute. Dortsalak, berriz, irteeratik 200 metrora banatuko dituzte, 11:00etatik 16:00etara artean. Azpeitiko igerilekuan, dutxa eta aldagela zerbitzuak jarriko dituzte, eta ludoteka zerbitzua ere izango da hiru eta hamar urte bitartekoentzat, 14:30etik 19:30era. Horretarako, aurrez izena eman behar da, 943-15 00 95 telefonoan edo kirola@azpeitia.eus helbidean. Loiolarako bidean amaituko dira lasterketak, eta helmuga zuzenean ikusi ezin dutenek, bestetik, webgunearen bidez zuzenean ikusteko aukera izango dute.
Datozen egunetan iritsiko dira maratoi erdian parte hartuko duten goi mailako korrikalariak, eta oraindik zerrenda guztiz itxi gabe baldin badute ere, hainbaten parte hartzea ziurtatu dute. Besteak beste, Edwin Kipsang Rotich iazko txapeldunordea, Emmanuel Bett Greta Sout Run Maratoi Erdiko 2013ko irabazlea, John Kemboi Lilleko Maratoi Erdiko iazko irabazlea, Justus Kangogo Getafeko Maratoi Erdiko irabazlea, Monica Jepkoech Parisko Maratoi Erdia bigarren postuan egindakoa eta Zewdnesh Ayele Bologniako Maratoi Erdiako iazko txapeldunordea izango dira.
Antolatzaileek eta babesleek lasterketaren izaera goraipatu dute; "Europako lasterketa onenen artean egon arren, izaera herrikoiari heldu nahi diogu. Ez dugu elitistak izan nahi", esan du Agustin Jimenez Xeyeko kideak. Jesus Oteiza Azkoitiko kirol zinegotziak ere azpimarratu du Diego Garciak nahiko lukeen izaera duela probak, eta ikusleen "umore ona" eta antolatzaile eta boluntarioen lana azpimarratu du. Manuel Unanue Azpeitiko kirol zinegotziak, bere aldetik, adierazi du emanaldi bat egingo dutela apirilak 26an Azkoitiko Elkargunean eta Apirilaren 27an Sanagustinen, Garciak egindako lana ezagutarazteko eta herritarrekin zuzeneko harremana sustatzeko. Horretarako, irudi batzuk proiektatuko dituzte.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide