Antzezpeneko une bat.
"Gaur egungo gizartearen inguruko erretratu satiriko bat" taularatuko dute bihar Azpeitiko Soreasu antzokian, 21:30etik aurrera. Fausto, herritar eredugarri antzezlana baliatuko du horretarako Galder Perezen lantaldeak. Obra bera XVI. mende amaieran idatzitakoa da, ingelesez. Baina, Perez zuzendariak azaldu du itzulpena izan arren, "lan originala" dela euskaraz prestatu dutena. Izan ere, euskal herritarrek eta euskarak bereak dituen ezaugarriak txertatu dituzte istorioan: "Hizkuntzarekin jolasteko aukera eman digu, eta berorika, zuka eta hika, hiru moduak erabili ditugu antzerkian".
Fausto da obrako protagonista, kartzelan preso dagoen herritarra. Hark bere arima saltzen dio demokraziari, eta hortik abiatzen da antzezlana. "Jatorrizko bertsioan deabruari saltzen dio arima Faustok, baina irudi hori gaur egunera ekarrita, demokrazia jarri dugu deabruaren partez, ikusten dugulako demokraziaren izenean egiten direla astakeria handienak mundu honetan", esan du Perezek.
Beraz, lanaren helburua erretalitatea islatzea da, modu "lizun" eta "satiriko" batean. Zuzendariaren arabera, "bizitzarekin itxututa" bizi da gizartea, eta ez dago ohiturarik inguruan gertatzen denaz hausnartzeko: "Egoeraz ohartzea da esnatzeko lehen pausoa, eta horretan saiatzen gara gu". Hori dela-eta, sentimenduak agerian uzten dituen lana da Fausto, herritar eredugarria. "Drama puntua du, baina barre eginarazten du zenbaitetan", jakinarazi du.
Musikaren presentzia
Lau antzezle eta hiru musikari dituzte lantaldean, eta musika zuzenean jartzen dute antzezlanean. Bihar Sorasun eskainiko duten obran badu garrantzia musikak. Abesti batzuk moldatu egin dituzte, eta besteak bereziki lan honetarako sortu dituzte. "Musikaz gain, espazio sonoroari ere garrantzia eman diogu; soinuei, alegia", esan du Maisha MC antzezlaneko disko jartzaileak. Besteak beste, rap-a, elektronika eta reggetoia erabili dituzte antzezlanerako: "Antzerkiak eta euskarak, biek, modernitatea behar dute, eta horren bila joan da Fausto, herritar eredugarri lana", esan du Maisha MC-k.
Donostian estreinatu zuten, eta Burlatan (Nafarroa) eskaini zuten bigarren aldiz. Azpeitiko Soreasu izango dute hirugarren geltokia Faustok eta bere lantaldeak, Korrika Kulturalaren lehen ekitaldi gisa.